NAIZ

Ander Elosegi eta Maialen Chourraut finalerdietara sailkatu dira

Ander Elosegi eta Maialen Chourrautek sentsazio onekin ekin dute Olinpiar Jokoetako bidea. Finalerdietarako txartela lortu dute laugarren denbora onena eta bosgarren eginez, hurrenez hurren. Irundarrak astelehen honetan jokatuko ditu finalerdiak eta lasartearra asteartean itzuliko da ur bizietara. 

Ander Elosegi, C1 modalitateko sailkapen jaitsieran. (Luis ACOSTA / AFP)
Ander Elosegi, C1 modalitateko sailkapen jaitsieran. (Luis ACOSTA / AFP)

Tokion ur bizietan lehiatzen ari diren bi euskaldunek sentsazio onak utzi dituzte estraineko bi jaitsieretan. Ander Elosegi zein Maialen Chourraut finalerdietan izango dira, laugarren denbora onena eta bosgarren onena lortu baitituzte sailkapen jaitsieran. 

Ander Elosegi irundarrak, C1 modalitateko laugarren denbora onena egin du igande honetako sailkapen fasean eta beraz, zuzenean igaro da finalerdietara.

Eguneko bigarren jaitsieran lehenengoan eginiko akatsak hobetu ditu eta zigorrik gabe bukatu du lasterketa, 101.51 segundoko denborarekin. Lehenengoan, esan bezala, denboraz hobeto ibili da baina eginiko lau akatsek baldintzatu dute azken emaitza (103.98).

«Gaurko helburua zen jaitsiera solido bat egitea, ni eroso sentituko nintzen estrategia batekin. Oso kontent gaurko lanarekin», laburbildu du Elosegik Basque Team-eko mikrofonoetan igande honetako sailkapen fasea. Azaldu du kanalak «ur mugimendu berezi asko» dituela eta beraz, oso erraza zela ibilbidetik ateratzea. 

Era berean, «kontent» azaldu da bigarren jaitsieran lehenengoaren marka hobetu duelako, «seinale ona da». «Akatsak egon dira baina orokorrean jaitsiera sendoak izan dira eta finalerdietarako pasea eman didate», adierazi du. 

Bere aurretik sailkatu dira Matek Benus eslovakiarra (96.89), Erresuma Batuko Adam Burgess (99.64) eta Sideris Tasiadis alemana (101.23)

Finalerdiak bihar, astelehena, goizeko 7.00etatik aurrera jokatuko dira eta finalera sailkatzea lortuko balu, 8.45etan abiatuko da txapelketa.

Maialen Chourraut, sendo

K1 modalitatean, Maialen Chourrautek ere lehen jaitsierako denbora zein sentsazioak hobetu ditu bigarrenean. Izan ere, bigarren aukeran jaitsiera garbia egitea lortu lasartearra lehenengoan ez bezala (bi zigor jaso ditu eta 108.25 denbora egin du). 

Hala, 105.13 denborarekin bosgarren sailkatu moduan bukatu du igandeko jardunaldia eta asteartean finalerdiak jokatzeko itzuliko da ur bizietara. 

«Bilatutako nabigazioa izan da, urte guztian lantzen ari garena baina ez dena hain erraza txapelketan eta, gainera, slalomak eskatzen duen exijentziarekin, ateratzea», kontatu du Chourrautek Basque Team-en mikrofonoen aurrean.

Helburua finalerdietarako txartela lortzea zen eta behin lortuta, astearteko jaitsieran «maniobrak hobeto ateratzea» bilatuko du. Nolanahi ere, abisatu du «itxura guztien arabera, finalerdietako zirkuitoa oso gogorra izango dela» eta beraz, ondo aztertu beharko dutela. 

Bi jaitsierak bukatu dituenean, kamerara zuzenduz muxuak helarazi ditu lasartearrak eta onartu du familia eta zaleei zuzendutakoak izan direla baina batez ere «Aneri, gure etxeko txikienari». «Lehen aldia da gurasoak hain urruti dituena. Txapelketetan pasatzen duen urduritasuna badakit nolakoa den eta espero dut nire muxuak berari iritsi izana», azpimarratu du. 

Lehen postuetan lehia izugarria bizi izan da eta Zeelanda Berriko Jessica Foxek izugarrizko denbora ezarri du bigarren jaitsieran (98.46), Ricarda Funk (101.56) alemaniarra eta Zeelanda Berriko Luuka Jonesen (101.72) aurretik. Laugarren izan da Stefanie Horn (104.79)