Ürrustoi-Larrabileko frotoi plaza jendez bete da igande honetan ‘Abdelkader’ pastoralaren estreinaldirako. 1.000 pertsonentzako tokia zuen gunean tokia eskas gelditu da. Sujetaren bizitzaren kontakizunaz gain, musulman eta kristauen arteko elkarbizitzaren aldeko aldarria egin du Jean-Louis Davantek idatzi obrak.
Mezu oso politikoa izan du hasieratik, haurrak atera dira eskolako atsedenaldian egongo balira bezala agertuz, haien ahotik, gaur egun musulmanekiko eta arabiar herritarrekiko dagoen arrazakeria eta xenofobiaren konstatazioa egin da. Ondoren, Abd al-Qadir jakintsu eta gudari aljeriarraren bizitzaren kontakizuna egin dute. Horren bitartez, erlijio ezberdinetako populuen arteko laguntasuna aldarrikatzen baitu, eta bereziki musulmanekiko.
‘Abdelkader’ pastorala mezu politiko argiekin abiatu da. Frantsesek jakintsu musulmana bizi izan zen XIX. mendean Aljerian egin zuten konkista kritikatu du. Abdelkaderrek kristauak djihadistengandik babestu ziruela erranez hasi da. @naiz_info pic.twitter.com/QpSj9kW0CG
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) July 25, 2021
Interes berezia sortu du pandemia dela eta urte betez atzeratu behar izan den emanaldia. Honek pastoralaren antolaketa ere eraldatu du, bertara sartzeko pase sanitarioa aurkeztu behar izan da, eta normalean 3.000 pertsona inguru biltzen dituen antzezpena ikusteko aurten soilik 1.000 soilik izan dira. Sarrerak aspaldi salduak ziren, eta harmailetan aski tokirik ez baitzen, eskailerak eta inguruko espazioa ere jendez beteak izan dira.
Obraren zentzua sujetaren bitartez
Aldaketa nagusia Ürrustoi-Larrabile, Ainharbe, Ezpeize-Ündureine eta Sarrikotapeko biztanleek lehen aldiz musulman bat protagonistatzat hartu izana da, eta horrek obra guztiari eman dio zentzua. Gaiaren hautaketa ez da nolanahikoa izan, Davantek Aljeriako gerran 28 urtez soldadu egon zenean ikusitakoari jarraipena ematen baitio.
XIX. mendean bizi izan zen protagonista aljeriarra, frantsesen konkistaren kontra nola borrokatu zen kontatzen du, baina gerra irabazi ezin zuelarik armak utzi zituen. Frantsesek konkista ospatzeko eman dituen kantak ikuslegoaren kexuak sortu ditu: «Ber denboran zerbütxü eginen deiegü lana gehitüz eta zibilisatüz».
Abdelkaderrek amore eman eta gero frantsesek hitza jan, eta preso hartu zuten ia bost urtez Estatu frantseseko gune ezberdinetan, hala ere, garai horretan kristauekin lagun egin zen. Napoleon eta Eugenia de Montijo agertu dira agertoki gainera heroiari askatasuna emateko.
Damaskora joan zen eta bertan jakintsu eta idazle bilakatu zen protagonista, egun arabiar kulturako erreferente bilakatu duen lana egiteko. Bertan hil zeneko momentuan, Zuberoako herrian arabiarrez mintzatu dira arizaleak, eta Abdelkader berak obraren mezu garrantzitsuenetako bat laburbiltzen zuten hitzak eman ditu: « Popülü bakoitxan Jinkoaren hitza bere jitearen arabera üken beitu».
‘Abdelkader’ pastoralean protagonista den jakintsu musulmanaren heriotza momentuan arabiarrez mintzatu dira Ürrüstoi-Larrabileko arizaleak, erlijio ezberdinetako populuen arteko adiskidantza aldarrikatzeko. @naiz_info pic.twitter.com/yBVA0GU2Bn
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) July 25, 2021
XX. mendeko historia ere
Baina obra ez da bertan amaitu, Aljeriaren askatasunaren alde Abdelkaderrek abiatu zuen borrokaren bukaera irudikatzeko 1922ra egin du salto antzezlanak, Millerand presidentea XX. mendean aljeriar eta frantsesen arteko gerra izan du hizpide.
Bertan sartzen du Davantek bere bizitzan soldadu gisara aritzeko behartuta ikusitakoaren kontakizuna egiten du: «Zer ari gira heben, astoak bezala Gobernüak gezürrez honat bildu gütü». Berantago: «Masakrea, tortüra, herrien hüstea. Noiz ürrentüko zaikü hebengo haitada?».
De Gaulleren ahotik gerrari bukaera eman ondoren ‘Bake xüxena’ kantaren bitartez obrako beste mezuetako bat laburbiltzen da: «Bakea gaüzarik ederrena, jüstiziea lagün düalarik adostasunik ezin da sortü züzenik gabeko lürretik».
Kontakizunari amaiera eman dio ‘Azkenta’ kantuak txalorik handienetakoa bildu du: «Müsülman eta Kiristi ez dira berez etsaiak alkarganako bideak zabal ditzagün nasaiak».
Dantzari urdinak
Lehen aldiz historian satan gorriekin batera dantzari urdinak badira pastoralean. Berritzailea da ‘Abdalkader’ pastorala, lehen aldiz ere protagonista musulmana delako. Hautu horrekin bakearen aldeko mezua zabaltzea izan du xede Jean-Louis Davant idazleak @naiz_info pic.twitter.com/1U7JukfBcF
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) July 25, 2021
Beste berritasun batekin ere heldu da aurtengo emanaldia, lehen aldiz historian dantzari urdinak izan baitira betiko satan gorriekin batera. Urteko atzerapeneko tartean sortutako ideia izan da, Battitta Berrogain errejentak proposatu zion Davantek, eta biek adostuta pertsonai berria sortu dute.
Eszenatokira dantzan agertu direlarik, satanen musikaren antzeko doinu goxoagoak entzun ahal izan dira, betiko dantza estiloa atxikiz. Berritasun honek, hurrengo urteetan jarraipenik izango ote duen ikusi beharko da.
Dantzek arrakasta handia bildu dute, bukaeran gorri eta urdin, dantzari guztiak elkarturik aritu direlarik, emanaldiko txalo zaparradarik handienetakoa jaso dute.
Sophie Larrandaburuk sortutako kantak eta kantoreen eramilearen lanak ere, preziatua izan da ikuslegoaren aldetik.
Azken hitzak
Bukatzeko ohiko ‘Herritarren kantorea’ abestu dute arizale guztiek elkarrekin, zenbait hitz ederrekin batera Zuberoako ohitura eta zuberotarren elkargune denaren adierazpidea errepikatuz amaitu da: «Hau da plazera, egün bildürik, Herria gora kantari».
Jean-Louis Davant idazlea ohoratu dute ‘Abdalkader’ pastoralaren bukaeran. Bere bizitza abiapuntu izan du obra idazteko, Aljeriako gerran egon baitzen 28 hilabetez soldadu, bere nahiaren kontra. @plazaberri @EnbataInfo @elkar @naiz_info pic.twitter.com/viJRllOefq
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) July 25, 2021
Ondoren heldu dira eskerrak eta ohoramenak, horien artean berezia izan da obraren idazle izan den Davanti egindakoa. Bertako herritarra, bere bizitzan oinarritutakoa izanik, zabaldu nahi zuen mezuaren kontzientziarekin hautatua izan den pastoral ‘iraultzailea’ izanik ere, «ixil-ixila eta umil-umila» den idazlearen goresmenak ozen entzun dira, «pastoralari eta euskarari egin dion ekarpenarengatik».