Egun gutxitan kutsatze kopuruak gora egin du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, eta horrekin batera gaixo kopurua ere igo egin da Baionako ospitalean. ARS (Agence Régionale de Santé) osasun agentziak «ofizialki» aditzera eman duenez, Delta aldaerak sortutako laugarren olatua litzateke egungoa eta egoera okertu delakoan «Plan Zuria» jarri dute martxan beharrezko bitartekoak bermatzeko.
Uztaileko azken astearen hastapenetan lau gaixo zeuden 20 ohe dituen Baionako suspertze eremuan eta uztailaren 28ko gauean, ostera, jada 10 ohe hartuak ziren ospitalean. Horien artean covid-19aren kontrako bi txertoak hartuak dituen adineko bezero bat dago.
Pasa den astean 100.000 biztanleko 267 kasu positibo baziren, aste baten buruan kutsatze kasuak 426ra igo dira eta datozen egunetan kopuru horrek gora egingo duela aurreikusten dute Baionako ospitalean. Ondorioz, «Plan Zuria» delakoa jarri dute martxan, sor daitezkeen arazoei aurre egiteko beharrezko bitartekoak dituztela bermatzeko.
Baionako erietxean UNSA sindikatuko ordezkaria den Patrick Cazalisek France Bleu irrati kateari jakinarazi dionez «dagoeneko bertan behera utzi dituzte oporrak erreanimazio plantako langileek». Izan ere kontuan hartu behar da Lapurdiko kostaldean bisitari andana dela sasoi honetan eta haiek gaixotuz gero gertuen duten ospitalea Baionakoa dela.