Azken bi asteetan 22ra heldu zen arren, Jon Ander Peñak ez zuen gustura amaitu Master honetan jokatutako partidekin, batez ere aurreko asteko Laudiokoarekin, eta atzean geratu nahi ez duela erakutsi du gaur Oñatin, erasoan erakustaldi aparta emanda. Puntu honekin, hirugarren puntua eskuratu dute tolosarrak eta Bergarakoak eta beste bikote gipuzkoar batekin, Altuna-Arangurenekin sailkapeneko lehen postuan dira. Jaka-Tolosak, aldiz, elkarrekin partidarik irabazi ezinda jarraitzen dute, puntu bakarra Laso-Tolosak eskuratu zuten, baina oso itxura ona eman zuten, aurrelaria jokoa berreskuratzen ari delako eta atzelariak onenen artean lekua baduela berretsi duelako, Oñatiko frontoira gerturatu diren zaleen gozamenerako.
Lehen dozena erdi tantotan gauzak oso oso orekatuta egon ostean, urdinek hartu dute markagailuaren agintea, hein handi batean Jon Ander Peñak erasoan emandako erakustaldiari esker. Atzean Beñat Rezusta agian ez da iazko aldeak irekitzen ari, baina berme osoko atzelaria izaten jarraitzen du eta tolosarrak aurreko asteko arantza kendu nahiko balu bezala, sekulako erakustaldia eman du, era guztietako errematean asmatuz. Pentsa, 6-11 aurreratu dira markagailuan lan erdietan eta horietako 9 izan dira egungo Binakako aurrelari txapeldunordeak egindakoak.
Ikuskizun polita
Baina gorriak ere ez zeuden atzean geratzeko. Erik Jakak oraindik ez du bere mailarik onena berreskuratu, partidak beharko ditu horrenbeste denbora geldirik egon ostean, baina senak hor dirau eta Rezustak kentzen asmatu ez duen aldiro tantoa amaitzen asmatu du. Gainera, Xabi Tolosa ere oso txukun aritu da eta gustuko materiala topatu duenean gainera tantoaren ekimena lortzeko modua izan du, bere aurrelariari aukera gehiago sortuz. Hala hurbildu dira 9-11 markagailuan.
Eta orduantxe etorri da tolosarraren eta bergararraren hurrengo erantzuna, 6-1eko partzial batekin, partida berriz ere euren aldera nabarmen ekarrita. Atzelariek alerik oparitu gabe jarraitu dute, 12-18koan etorri da oso partida txukuna egin duen Xabi Tolosaren lehen akatsa, baina gorriek orduan ere ez dute euren azken hitza esan, berriz ere markagailua estututa (15-18). Anoetarrak ere onenen artean lekua baduela erakutsi du, Rezusta bezalako arerio bati beti aurpegia emanaz.
Azkenean, ordea, Peña eta Rezusta gehiago izan dira eta merezita lortu dute garaipena.
PARTIDAKO FITXA:
Jaka-Tolosa: 17
Peña II.a-Rezusta: 22
Pilotakadak: 589. Iraupena: 70,40 minutu. Markagailua: 0-2, 3-2, 3-7, 4-7, 4-9, 5-9, 5-11, 9-11, 9-13, 10-13, 10-16, 11-16, 11-17, 12-17, 12-18, 15-18, 15-19, 16-19, 16-20, 17-20, 17-22. Sakeak: 0 Jakak eta 2 (falta 1) Peña II.ak. Tantoak: 9 Jakak, 3 Tolosak, 13 Peña II.ak eta 2 Rezustak. Hutsak: 3 Jakak, 3 Tolosak, 3 Peña II.ak eta 0 Rezustak. Gorabeherak: Caixabank Mastersaren hirugarren jardunaldiaren azken partida eraberritutako Oñatiko Zubikoa pilotalekuan jokatu da.