Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

X keinuarekin, aldarrikapenen ahots bilakatu da Saunders, zapaldu oro babestu asmoz

Raven Saunders pisu jaurtitzaileak zilarrezko domina irabazi zuen eta podioan zegoela X keinua irudikatu zuen bere besoekin. Gero azaldu zuen, zapalduak diren pertsona guztiak elkartzen direla bidegurutze horretan. Depresio eta antsietatea gainditu ondotik irabazi du domina olinpikoa. 

Raven Saunders, Olinpiar Jokoetako podioan zilarrezko domina irabazi berritan. (Ina FASSBENDER / AFP)
Raven Saunders, Olinpiar Jokoetako podioan zilarrezko domina irabazi berritan. (Ina FASSBENDER / AFP)

Zilarrezko domina irabazi eta aurpegi aski serioz X baten keinua egin zuen Raven Saunders pisu jaurtitzaileak. Haserrea nabaria da bere aurpegian. «Zapalduak diren pertsona guztiak elkartzen diren bidegurutzea da X-a», azaldu zuen ondoren eginiko adierazpenetan. 

«Munduan barrena borrokan ari diren eta beraien borroka azaltzeko bozgorailurik ez duten horiei» argiztatzeko helburuz egin zuen keinua.  

«Komunitate askoren parte» da Saunders. Beltza, homosexuala eta depresioaz irmoki hitz egin izan du. Gogor borrokatu behar izan du depresioaren aurka, «ni izateko, horregatik barkamenik ez eskatzeko»

Rion egin zuen debut olinpikoa eta bi urte beranduago bere buruaz beste egitea pentsatu zuen, arazo mental baten ondotik. 

Depresioa, antsietatea eta estres postraumatikoa gainditu ostean, atleta estatubatuarrak podioaren bozgorailua erabili nahi izan zuen osasun mentalaren aldeko aldarrikapenak egiteko, hala nola zapalduak diren horiei ere bere babesa eskaintzeko. 

Bere esanetan, 25 urteko gazte honek bizian aurrera egitea lortu du kirolari esker: «Beltza, gaztea eta homosexuala nintzen. Estigma asko daude horren inguruan eta irtenbiderik aurkituko ez nuela pentsatzera iritsi nintzen. Atletismoak entretenitu egiten zidan, oharkabetu, baina arazoek bere horretan jarraitzen zuten. Gidatzen nengoen une batean burutik pasa zitzaidan eta uste dut nire buruaz beste egiteko 15 minutura egon nintzela». 

Raven Saunders, pisu jaurtiketako finalean. (Andrej ISAKOVIC / AFP)

«Ondo dago indartsua izatea, baina ondo dago baita ere uneoro %100ean indartsua ez izatea. Ondo dago alboan babesa, jendea behar izatea», kontatu zuen. 

Batzorde Olinpikoa, keinua aztertzen

«Domina hau irabaztea LGTBIQ+ kolektiboarentzat inspirazio iturri baldin bada, hala nola osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzat edo beltzen komunitatearentzat, niretzako gorena da», azaldu zuen Saundersek, “Hulk” moduan ere ezaguna dena. Marvel sagako musukoa erabiltzeagatik ere arreta bereganatu zuen baina behin lehiatu ostean, bere hitzak eta podioko ikurra izan dira benetan inspirazio iturria. 

Nolanahi ere, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) zigortu egin dezake Saundersek eginiko keinua. Adierazpenen neurri hauek samurtu egin zituzten Tokiorako, prentsaurrekoetan baimenduta baitaude edonolako adierazpenak islatzea. Podioan, ordea, adierazpen politikoak zigortuak izan daitezke, argi ezer ez dagoen arren.

«Gertatutakoa erabat ulertu behar dugu, eta hortik aurrera, erabaki bat hartu. AEBetako Batzorde Olinpikoarekin eta World Athleticsekin harremanetan gaude, eta orain emango ditugun hurrengo pausoak aztertzen ari gara», adierazi du astelehen honetan Maark Adams NOBko bozeramaileak.

Saundersi, alabaina, bost axola dio horrek: «Egunaren bukaeran, garrantzitsuena da nire jende beltz guztiaren alde oihu egitea, LGTBIQ+ kolektiboaren, osasun mentalaz arduratzen da jende guztiaren alde. Hori gu eta botere faktikoak baino handiagoa da. Miresten gaituzten hainbeste pertsona daude eta horiek bilatzen dute ea zer esaten dugun edota ea beraietaz mintzatuko garen». 

Txio hau ere idatzi zuen zeinetan, ingeleraz, esaten duen «ausartu daitezela domina kentzen. Mugak gaindituko ditut, nahiz eta igeri egiten ez dakidan».