Hilabete bat baino gehiago pasa da Lurzaindia eta ELB sindikatuko laborariek Arbonan salgai den etxalde bateko lurrak okupatu zituztenetik. Eremuan diren eraikina eta 3,5 hektarea lur erosi ditzala, baina beste 11,5 hektareak laborantzarako utzi ditzala eskatzen diote erosleari. Horrela, Suitzan bizi den lurren jabeak eta Parisen bizi den erosleak hitz egiteko asmorik ez dutela ikusita, zuzenean eroslearen etxera joan dira laborariak eta «laborantza lurrak erosterai uko egin» diezaiola eskatzen zuen pankarta batekin elkarretaratzea egin dute.
Arbonako lurrak eta etxaldea 3,2 milioi eurotan erosiko dituen Diane de l’Espee andereak, ezusteko bisita izango du Parisko 16. barrutian aurkitzen den ‘Villa Spontini’ izeneko bere etxean. Laborariek salmenta prezioa ez dela onargarria salatzen dute, eta haien esanetan, 76 urte dituen aristokraziako kideak lurrak «deskantsu eta abusagailu lekutzat baliatuko» dituela iritzi diote.
Laborari multxo bat heldu berria da Arbonako funtsen eroslearen etxera, Pariseko 16garren arrondizamenduan.
— ELB (@syndicatELB) August 3, 2021
Un groupe de paysan·ne·s vient d'arriver au domicile de l'acheteuse des terres d'Arbonne, dans le 16ème arrondissement de Paris. pic.twitter.com/d8vu4pTxm3
Gauzak honela, laborariek lurren zati bat (11,5 hektarea) gazteek landu ahal izatea aldarrikatzen dute. «Gure gazte eta haurrek ez dute aberats puxant horien tratu txarren beharrik. Hemengo laborantzako lur eta etxe bizitzek neurri onargarri batean behar dute egon».
Zilegitasunik ez
«Ahal bada, nahi genuke harekin solastatu eta gisa oroz jakin arazi behar dituela 12 helktarea horiek guri utzi, zeren eta erostea erdiesten badu ere, lur horren gozatzeko zilegitasunik ez du», azaldu dute Parisera abiatu diren nekazariek.
Aitzitik, erosleak hitz egiteko gogorik azaltzen ez badu mobilizatzen jarraitzeko determinazioa erakutsiko diotela iragarri dute ELB eta Lurzaindiako kideek: «Parean haatik, saltzaile eta erosle isilik daude eta horretarako gira egun Pariserat joan, ekintza berri baten bururatzera, han bizi baita andere erosle dirudun hori! Nahi diogu erakutsi urrun izanagatik, gure ekintzak berdin obratuko ditugula».
Ekainaren 23an Arbonako lurrak okupatu zituztenetik hainbat ekintza ikusgarri burutu dituzte laborariek eta herritar, eragile, zein ordezkari politiko anitzen babesa jaso dute. «Hilabete horretan, ukan dugu Iparraldeko 90 auzapezen sustengua, bildu ditugu gure alde 27500 sinadura, antolatu ditugu ekintza asko, prentsaurreko, mintzaldi eztabaida gauak, eta azkenik, etxalde horren egoitza nagusia okupatzen dugu gure eskaera erdietsi arte», nabarmendu dute.