NAIZ

Elkarretaratzea egin du LABek, «kolapsoaren ertzean» dagoen lehen arreta indartzea eskatzeko

LABek ohartarazi du lehen arreta «kolapsoaren ertzean» dagoela eta ez direla ordezkapenak egiten uda sasoian kalitatezko arreta bermatzeko. Galdakaon elkarretaratzea egin du egoera salatzeko eta Lakuari eta Osakidetzako zuzendaritzari epe luzeko neurriak hartzea eskatu die.

LABek Galdakako anbulatorioaren atarian egindako elkarretaratzea. (LAB)
LABek Galdakako anbulatorioaren atarian egindako elkarretaratzea. (LAB)

Osakidetzako osasun-zentroetan bizi den «muturreko egoera» deitoratzeko elkarretaratzea egin du ostegun honetan LABek Galdakaoko anbulatorioan. Ohartarazi du lehen arreta «kolapsoaren ertzean» dagoela eta ez direla ordezkapenak egiten uda sasoian kalitatezko arreta bermatzeko.

Osakidetzako anbulatorio eta osasun-zentroetan langile faltak eta lan-kargen igoerak «muturreko egoera» eragin dutela salatu du LABek eta, ondorioz, kasu batzuetan biztanleek ospitale-larrialdietara jo behar izaten dutela beren erreferentziazko osasun-zentroetan ezin izaten dutelako «arreta normalizatua» jaso.

Pediatriako arretaren kasuan, «kaosa» handiagoa dela ohartarazi du sindikatuak. 

Galdakaoko osasun etxean, LABek elkarretaratzea egin duen tokian, erizaintzako eta medikuntzako langileak falta direla ziurtatu du sindikatuak, bajan edo oporretan daudelako, eta ez dela ordezkapen bakar bat ere egin; «beraz, erizaintzako eta medikuntzako agendak behartuta daude», ohiko lanaz gain gero eta PCR gehiago kudeatu behar dituztelako. Egoera «jasanezina» dela ohartarazi du LABek.

Barakaldoko Zaballako anbulatorioan, halaber, 8 medikuetatik 3 bakarrik egon dira lanean ordezkapenik ez zegoelako, sindikatuaren arabera.

Galdakaoko eta Barakaldoko arazoak, gainera, gainontzeko osasun-zentroetan ere badaudela esan du: «Koktela lehergarria da. Kolapsoaren ertzean dagoen lehen mailako arretari udan langilerik ez izatea gehitzen badiogu, kontrataziorik ez dagoelako eta ordezkatzeko langilerik ez dagoelako, eta covid-ak eragindako lan-kargaren igoera gehitzen badiogu, emaitza negargarria da».

Sindikatuak salatu du egoera honek eragin larria duela «jada oso prekarizatuta dauden langileen lan-baldintzetan», eta era berean, osasun-zentro batera joan behar duten herritarren asistentzia-kalitatearen galera eragiten duela.

«Beste behin ere, argi dago Osakidetzako zuzendaritzaren aurreikuspenik eza; izan ere, lehen mailako arretarako ibilbide-orri argirik ez dagoenez, beste behin ere neurriak inprobisatzea eta premiazko eta sakoneko neurriak behar dituen egoerari partxeak jartzea erabaki du. Izan ere, martxan jarritako neurri bakarra, hain zuzen ere, anbulatorioen ordutegia murriztea izan da, arratsaldeko 5ak arte soilik irekita egonda, lan-baldintzen prekarietatea areagotuz, baldintza kaskarrak jasaten dituzten langileen presioa areagotuz, eta herritarrei osasun-arreta murriztuz, hain zuzen ere, covid-aren boskarren olatu baten erdian», agertu du.

LABek premiazko eta epe luzeko neurriak eskatu dizkie Osakidetzako zuzendaritzari eta Lakuako Osasun Sailari, lehen mailako arretaren egoera hobetzeko, eta, horrekin batera, «Enplegu Plan Estrategikoa egitea galdegin du, langile faltarekin, prekarietatearekin eta %40ko behin-behinekotasunarekin behingoz amaitzeko».