Joseba SALBADOR

Lapurren kaltzada, Leitzarandik Leitzalarrera bidean

Leitzaran eta Leitzalarrea aipatuz gero, zalantzarik ez dago Leitza inguruko ibilbideaz ari garela. Eta Lapurren Kaltzadak ere argi uzten du nork erabiltzen zituen antzinako bidezidor horiek.

Bidea txuri eta berde koloreko markekin dago seinaleztatua. (NAIZ)
Bidea txuri eta berde koloreko markekin dago seinaleztatua. (NAIZ)

Ibilbideari hasiera emateko, Plazaolako geltokira joan behar dugu. Leitzatik Berastegira doan errepide zaharra hartu eta Gipuzkoako mugan dagoen atsedenlekuan, Urton hain zuzen, utzi dezakegu autoa. Bertatik, eta Leitzaran ibaiari jarraituz, izen bereko bailaran sartzen hasiko gara, Plazaolako geltoki zaharrera iritsi arte.

Hemen, Plazaolako tren zaharraren ibilbideak Andoaineraino jarraitzen du (20 kilometro), baina guk eskuinera joko dugu 6,4 kilometroko ibilbidea hasteko. Hori bai, ez gara Franki erreka seinalatzen duen lur pribatuan sartuko, baizik eta erreka pasatu behar dugu gainetik, Plazaolako bide berdearen atzean dauden nasa eta zubi zaharren gainetik.

Zubiak zeharkatu bezain pronto, eskuinera gorantz abiatuko da bidea, Leitzalarretik behera datorren Ixkibar edo Franki errekaren ezkerreko maldatik. Bidea txuri eta berde koloreko markekin dago seinaleztatua. Ordu laurden batean, Arraingo bidegurutzera iritsi eta eskuinera joko dugu, seinale batek Urkizuko zentrala markatzen duen bidetik. Ezkerretara, Pastagingo borda markatzen du, eta hori izango da gure itzulerako bidea.

Bidea Plazaolako zentralaren kanalera iritsiko da. Guk kanalaren gainetik jarraitu beharko dugu eta bukaeran, zubitxo bat zeharkatuz, Urkizuko zentral zaharrera iritsiko gara. Aldapatxo bat igo ostean, Urremeatzeta meategitik zetorren trenbide txikiaren amaierara iritsiko gara.

Hemendik aurrera, errekaren alboan doan bidetik jarraituko dugu, eta Maietako Borda ondoko zubitxoa gurutzatu ondoren, Ixkibarreko burdinolara iritsiko gara (XVI. mendekoa). Haren inguruan zepadi edo meatze arrasto ugari aurkituko ditugu, baita mahaiak eta iturria duen atsedenleku bat ere.

Hurrengo bidegurutzean ezkerretara joko dugu itzulerako bideari ekiteko. Ixkibargo aterpetxearen gainetik pasatuko gara eta, handik metro gutxira, Pastagingo borda albo batera utziko dugu. Hemendik aurrera, beste hainbat borda ikusiko ditugu –batzuk orain dela gutxi eraikitakoak– eta aurrerago iturria duen bidegurutze batera helduko gara.

Hemen beherantz jarraitu eta Urkizuko aterpetxe ondotik igaro ondoren, harlauzez egindako bideari jarraituko diogu, Lapurren Kaltzada izenarekin ezagutzen den bideari, hain zuzen. Plazaolako kanala zeharkatzen duen bidetik jarraituz, igoerako bidearekin bat egingo dugu, Arrain parean, eta hemendik aurrera, igoera egiteko erabili dugun bideari jarraitu besterik ez dugu Plazaolara jaisteko.

Muga gatazkatsua

«Lapurren kaltzada» izeneko bideak sarri aurkitzen dira Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan: Areso, Gorriti, Goizueta, Bakaiku… Izan ere, Gipuzkoa Nafarroako erresumatik kanpo geratu zenean, muga horiek oso gatazkatsu bilakatu ziren eta, egoeraz baliatuz, ganadu lapurretak oso ohikoak ziren, batez ere XIV. mendean.

Kontuan hartu behar da, gainera, hemendik gertu Leitzalarreko sarobeak zeudela. Bertara, inguruetako milaka ganaduburu eramaten zituzten udan bazkatzera, baita Baztan eta Gipuzkoako Beterritik ere, eta litekeena da lapurrek, bertan ganadua ostu ondoren, Gipuzkoa aldera doazen bidezidor hauek erabiltzea beren babeslekuetara iristeko.