NAIZ

Duela zazpi urte Boko Haranek bahitutako neskato bat bizirik agertu da

Ruth Ngladar Pogu nigeriar gaztea 2014an bahitu zuen Boko Haram talde terroristak beste 270 ikaslerekin batera Bornoko herri batean, Nigeriako ipar-ekialdean. Zazpi urte geroago, bere familiarekin bildu da berriro Chiboken.

113 neskek jihadisten esku jarraitzen dute, Amnesty Internationalen arabera, (AFP)
113 neskek jihadisten esku jarraitzen dute, Amnesty Internationalen arabera, (AFP)

Herrialdeko agintariek iragarri dutenez, Ruthek iragan uztailaren 28an aurkeztu zuen bere burua Nigeriako Armadaren aurrean, bere senarra bezala identifikatu zuen gizon batekin eta bere bi semeekin. Agintariek ez dute gertatutakoari buruzko xehetasun gehiago eman, baina oraindik ere gatibu dauden nesken familiei itxaropenari eusteko eskatu diete.

Bahiketaren ondoren, 2014ko apirilean, 80 neska inguru askatu zituzten 2017an, nazioarteko bitartekaritzari esker. Ordutik, beste neska batzuek ihes egin dute edo erreskatatu egin dituzte, baina horietako 113k jihadisten esku jarraitzen dute, Amnesty Internationalen arabera.

Joan den apirilean, bahiketaren zazpigarren urteurrena zela eta, gobernuz kanpoko erakundeak prentsa ohar bat argitaratu zuen, eta gogor deitoratu zuen kasu honekin lotuta inor atxilotu eta auzipetu ez izana. Era berean, adierazi zuen justiziarik egin ez izanak Nigeriako eskolen aurkako erasoak areagotzea ekarri duela ordutik. Neskatoen bahiketak sare sozialetan kanpaina bat sortu zuen orain dela zazpi urte, #BringBackOurGirls lelopean biral bihurtu zena.

Boko Haramen indarkeriak 35.000 pertsona inguru hil ditu Nigerian eta bi milioi pertsonak etxetik alde egin behar izan dute, Nazio Batuen arabera.