NAIZ

Merquelanzek Rayo Vallecanon jokatuko du

Realeko jokalaria den Martin Merquelanzek Rayo Vallecanon jokatuko du hurrengo denboraldian. Utzita arituko da talde madrildarrean. Pasa den denboraldian espero baino minutu gutxiago jokatu zituen eta beraz, sentsazioak berreskuratzen saiatuko da. 

Martin Merquelanz pasa den denboraldiko neurketa batean, Cadizen aurka. (Gorka RUBIO / FOKU)
Martin Merquelanz pasa den denboraldiko neurketa batean, Cadizen aurka. (Gorka RUBIO / FOKU)

Andoni Iraolak entrenatzen duen Rayo Vallecanora bidean dago Martin Merquelanz. Hegaleko jokalariak Mirandesen sekulako denboraldia egin ostean –Iraolaren aginduetara, Kopako finalerdiak erdietsi zituzten–, Realeko lehen taldean lekua egitea lortu zuen baina espero baino protagonismo gutxiago izan zuen Imanol Alguacilekin. Guztira, 541 minutu jokatu zituen 13 partidatan banatuta eta soilik lau aldiz aritu zen hasieratik. 

Hala, denboraldi honetan ere minutu gutxi izango zituela kontuan hartuta, Rayo Vallecanon utzita jokatzea erabaki dute hiru aldeek. Astearte honetan iragarri dute hitzarmena. 

Talde madrildarra Lehen Mailara itzuli da entrenatzaile eibartarren eskutik. Bi denboraldi egin ditu Bigarren Mailan eta azken ikasturtean, kasik azken unean sartu ziren igoerarako play-offetan. Arerio ahulena zirudien, baina azkenean bi kanporaketak gainditu eta Espanyol eta Mallorcarekin batera, Lehen Mailarako jauzia eman zuen. 

Igande honetan egingo dute berriro ere debuta gorengo mailan. Iraola, esaterako, lehen aldiz arituko da Lehen Mailan entrenatzaile lanetan eta bere debuta Sevillaren aurka izango da, igandean gaueko 22.15etan.