Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Entrevue
Karmele Gurrutxaga
Psikologoa

«Apustu etxeak errenta maila apaleko auzoetan ari dira zabaltzen»

Hainbat ikuspuntutatik jarduten du psikologian, betiere pertsonen kontzientzia maila igoarazteko ideiatik abiatuta. Zaintza eta ludopatia ekarri ditu hizpidera psikologo azpeitiarrak.

Argazkiak: Gorka RUBIO (FOKU)
Argazkiak: Gorka RUBIO (FOKU)

Hainbat ikuspuntutatik jarduten du Karmele Gurrutxagak psikologian, ideia bat abiapuntu duela: pertsonen kontzientzia maila igoarazi beharra, konturatu eta ekin ahal izan dezaten. Terapia eta formakuntza lanak egiten ditu, kontsultan eta berdintasun programetan tailerrak ematen, baita Matia Fundazioarekin ere, Gipuzkoako Aldundiaren zaintzaileentzako Sendian programan eta Jokalari Anonimoen Elkartean.

Hainbat hitzaldi egin izan ditu, azkenaldi honetan ludopatiaren gainean. Izan ere, pandemiak eragin nabarmena izan duela dio adikzio horretan, baita Gurrutxagak jorratzen dituen beste arloetako batean ere: zaintzan, hain zuzen.

Jendartea orain konturatu da zaintzaren garrantziaz, edo argiago ikusi du?

Gaur egun nork ez dauka adindu bat edo mendekotasun prozesu batean dagoen norbait? Kontua da pandemian egoera ahulenean zeudenak babestu beharraren izenean sortu zela distantzia, batez ere harremanen distantzia… Hortik begiratuta, bai, esan daiteke ageriago egin dela. Duela gutxi hurbileko pertsona baten amonak esandakoa jaso nahi nuke: «Inor ez da aspaldian bisitan etortzen. Inor ez, inor ez, denak ahaztu zarete? Horrela jarraitzen baduzue, kutsatu ez baina tristuraz hilko naiz». Hori ondorioetako bat da, bai ahultasunagatik bakartzea edo etxetik ez ateratzea, bai hainbesteko ahultasuna ez egonda ere, beldurragatik harremanak murrizten joatearen ondorioz, batetik emozionalki benetako beherakada izan eta sufrimendua pilatzea. Bestetik, oraindik gordinago, dementzien kasuetan edo mugikortasun mailako mendekotasun prozesuetan etxetik ez ateratzeak edo gutxiago ateratzeak, eguneroko errutinak galtzeak-eta sekulako abiadan areagotu dituzte mugikortasun galera eta mendekotasuna.

Zaintzailea zaindu beharra nabarmendu dute zenbait sektorek garai honetan.

Bai. Pandemiagatik zaintzaileak lehenesteko zenbait ahalegin xume egiten saiatu gara, baina esango nuke orain, ustez normaltasuna itzultzen ari den honetan, eta udan gainera, zaintzailea zaintzearen kontzeptu hori nolabait ahazten joan dela neurri handi batean. Aldiz, zaintzaile asko hasita daude planen bat egin nahian, baina oraindik asko falta dela dioen mezua oso presente dago haiengan; handiak dira atzera egiteko beldurra eta zuhurtzia. Jendarte mailan zaintzailea zaintzea… tira, hor dago, ahaleginak hor daude, baina askotan haien inpresioa da benetako ekimenak baino areago hitzak direla.

Zaintzaileen aldarrikapen nabariena da oporrak edo atsedenaldiak izateko gizarte mailako baliabideak abian jartzea.

Eta zuk horren premia nabarmendu eta azaltzen duzu.

Ulertzekoa da neurri bereziak hartzea, zuhurtziagatik, baina ezinbestekoa da zaintzaile direnek, beren autozaintzari begira, Kanarietara edo New Yorkera edo ez dakit nora joan gabe ere, udan atseden hartzeko, deskonektatzeko aukera izatea; besterik ez bada ere, egunean zehar, edo astean ez dakit zenbat aldiz hondartzara joan edo bermut bat hartzeko. Autozaintza fisioterapeutarengana joatea edo pilates egitea ere bada, baina batez ere uda giro honetan nork bere egunerokotasunari txispa jartzea funtsezkoa iruditzen zait.

Gauza bat azpimarratu nahi nuke: belaunaldi gazteenak ari dira nolabait ideia hori zabaltzen, baina oso sakonean garai bateko printzipio bat dago konturatu gabe oraindik ere zipriztintzen gaituena: ni, zaintzaile bezala, zaintzen dudan bikotekidea, ama, dena delakoa, «bera ondo badago, ni ondo nago». Esaldi hori oso sartua dago oraindik, eta garbi utzi behar da paradigma horrek ez duela horrela funtzionatzen, zeren askotan beraiek ondo egoteko ni gero eta okerrago baldin banago, paradigma defizitarioa da.

Beren burua gaindituta sumatzen duten pazienteak izango dituzu, noski, zer egin ez dakitenak. Zer behar dute?

Zer egin ez dakitenak baino areago, irteerarik, beste aukerarik ikusten ez dutenak, ahal den bitartean jarraitu egin behar dela baino ikusten ez dutenak, «ezin dudan arte». Eta ezin izatea zer da, infartua iristea eta medikuak esatea esfortzu gutxiago egiten hasi behar dela eta nire senidea dutxatzeko etxez etxeko laguntza hartzea? Batzuetan nik uste dut benetako erronka dela mutur-muturreraino noiz iritsiko zain ez egotea. Amildegia den edo harmaila bat den ikusteko ertzeraino joaten dira batzuk. Askotan badaude seinaleak, baina seinale horiek bestela hartzen dira: nork ez dauka egun txar bat? Nik gogorarazten diet egun txar bat, eta beste bat, eta beste bat… gero eta maizago ditugunean, seinaleak gero eta ozenago iristen ari direla; orduan, seinale horiek balio izan behar dute. Beharra osasun beharrekin lotuta ulertzen da, dentistarenera joateko, baina ahazten zaigu zenbat eta emateko behar gehiago egon etxean, orduan eta nork bere buruari emateko eta opatzeko behar gehiago daukala.

Ludopatiaren gaineko zenbait hitzaldi egin dituzu azkenaldion. Pandemiak eragina izango zuen horretan ere.

Pandemiaren eraginean, oztopoetako bat da datu objektiboak jasotzeko zailtasuna. Mendekotasunaz ari garenean, autonomia maila zerotik neurtzen da, batere dependentziarik ez duenetik 100era, autonomiarik ez daukanera; orduan, erraza da dependentzia mailan zer bilakaera egon den jakitea. Adibidez, urtero abendu eta urtarrilean gripearen eta horrelako infekzioen eta heriotzen gorakada bat izaten da, hori berezko prozesua da. Aurten hori areagotzeaz gain, batez ere apiril eta maiatzean askoz heriotza edo egoitzetako ingreso gehiago egon dira. Hori neur daiteke. Ludopatiaren kasuan ez da hala; batetik, hilabete askotan apustu etxeak itxita egon direlako, eta adikzio baten berezko izaera delako neurri handi batean bakarka edo ezkutuan burutzea. Apustu etxeetako kristalak eta dekorazioa ikusita, hor nolabait pribatutasun bat jarri nahi da.

Eta jar gaitezen pentsatzen zer izango zen pandemia Internetik gabe, ez ludopata batentzat bakarrik, gutako edozeinentzat. Erdi erotuko ginen, edo zeharo. Orduan, berez jokoaren bidez norbere barruko atsekabea edo tentsioa askatzeko horretara jotzeko joera duenak mugikorraren eta sareen erabilera areagotzea normala izan denez… lehen ere eskura izango zuten, baina orain nolabait tentaldia edo gogoa eta tentsioa denok bizi izan ditugu noizbait. Eta beste kontu garrantzitsu bat: nork ez du gustura hartzen diru pixka bat gehiago? Are gehiago egoera sozioekonomikoagatik galerak izan baditugu, lan egin ezinik baldin bagaude… arrazoi asko daude pizgarri hori izan dutenek horretara jotzeko.

Jokoa, zehatzago, apustua, Euskal Herrian esan genezake ez dagoela gaizki ikusita. Euskalduna apustu zale...

Hori da. Duela belaunaldi batzuk, baina hain iraganekoa izan gabe, zenbait kirol ekitaldi esanguratsutan ia fenomeno sozial modukoa izan da; adibidez, estropadetan, edo pilotaren inguruan. Nik uste dut bereizi behar dugula kirol lehia jakin horren inguruko zipriztina den edo zerbait jarraitua den.

Azkenaldi honetan Bergaran eta Arrasaten egin ditudan hitzaldietan, hasierako galdera zen: astean zenbat egunetan jokatu behar da ludopatia arazo bat izateko? Benetako gakoa ez da hainbeste astean edo hilean zenbat aldiz, edo zenbat diru; noski, ez da berdin mila jokatu eta hamar mila jokatu, baina askotan arazoa ez da hainbeste kopurua, baizik eta nire pentsamenduan eta bizitzeko moduan estrategiak eta nire energia jokoaren inguruan nola egituratzen ari diren; hau da, dirua nola hartuko den, nola ezkutatuko den… Hurrengo faseetako bat izaten da ez onartu nahi izatea, batez ere zorrak egiten hasi baldin banaiz. Lehendabiziko sinismen fantastikoa da pentsatzea nik arazoa ez daukadala jokoarekin, nire arazoa zorrak edukitzea dela. Orduan, sekulako apustu handia egindakoan, behin nahiko diru lortzen dudanean, zorra ordainduko dut eta kito, baina askotan jarraitzeko espiral moduko bat izaten da. Norbera pasatzen da ustez egoera kontrolatu eta apustu estrategia sortzen egotetik hondoratzen joatera, jokoa bera ari dela pertsona gobernatzen konturatuta.

Nahi duenak jokatzen du, baina beti ez dio nahi duenak jokatzeari uzten.

Pandemian, Internet ihesbide bezala erabili du norberak, eta orain, ustezko normaltasunera itzultzen ari garen honetan, gazteenek, nerabezaroa iragandakoek, kuadrilla modura apustu txikiak egitea normaltzen joatearen ondorioa ere benetako arriskua da, zeren gehienek jokatuko dute apustu bat, bi eta gero beste zerbaitetan jarriko dute arreta, baina beste batzuek beren kabuz apustua nola jarraitu, hurrengo apustu estrategia sortzen joango dira. Arriskuaren pertzepzioa galdu egin da normaltzeagatik. Eta beste bat da apustuaren sistema nola prestatuta dagoen, batez ere online, norbera bakarrik, intimitatean, eta gaueko ordu txikitan are gehiago, nolabait harreman hori mantentzeko, adimen artifizialaren bidez, harrapatuta dagoenaren borondatea atxikitzeko.

Gai hauek prestatzen ari nintzela zenbait bilaketa egiten nituenean, handik bost edo hamar egunera arte apustu gonbidapenek sekulako arrapalada hartzen zuten nire ordenagailuan. Eta ez hori bakarrik, baita «kreditu merkeak» ere; eskaintza pila bat jasotzen nituen. Gure interesak eta portaerak xurgatzeko, sistema adimentsu horiek gu hor harrapatuta gelditzeko bideak errazten dituzte. Are gehiago, dirurik gabe nagoela ere, apustuan edo pokerrean, adibidez, nire trebezia mantentzeko entrenamendu modura diru birtualarekin apustuak egiten jarraitzeko hainbat web ditut eskura. Horren funtsa zomorroa bizirik mantentzea da, ez pentsatzea eta zomorroa elikatzen jarraitzea.

Zuk esan izan duzu ludopaten adinak behera egin duela «modu kezkagarrian».

Bai. Batetik, kopuru aldetik; bestetik, nik Hernaniko Jokalari Anonimoen Elkartean lan egiten dut senideen taldearekin eta horien profila ere aldatu da. Gero eta gutxiago dira gaur egun bikotekideak, eta batez ere gurasoak dira hurbiltzen zaizkigunak.

Beste ondorio kezkagarrietako bat da gazteen ludopatiarako joera hau bestelako droga kontsumoekin batera nahastuta datorrela, eta horrek egoera askoz gehiago konplikatzen du. Kezkagarria da alternatiba zein den ere. Noski, osasun arazo bat balitz, zerbaitek kalte egiten badizu, neurri batzuk hartu behar dira. Jokatzeko tentaldiak kalte egiten badizu, zer neurri hartuko ditugu, etxean gelditzea? Askotan krisia momentu akutuan dagoenean, beharrezkoa da gazteari edo kaltetuari bere errealitatearen berri argi eta garbi gogoraraztea, eta nahi adina jokaera libre egin eta bere burua zaintzeko gai ez bada, kontrol bat behar du; hau da, egoera muturrekoa eta akutua denean, badaude zenbait pauta, nire ustez beharrezkoak, ezinbestekoak eta inork zalantzan jartzen ez dituenak. Baina gero, eguneroko bizitza? Ez dut esango errazena dela jokatzeari uztea, baina askok diote, hasieran lotsagatik, beldurragatik, «nola iritsi naiz hona?» galdetu, eta jokatzeari uztean laguntza hori onartzen dutela eta arindu bat hartzen dutela, baina egunean egunekoa…

Lehendabizi, ezinbesteko pausoa jokatzeari uztea da. Jokatzea diodan bezala, izan daiteke edatea edo erosketa konpultsiboak egitea. Hasieran bulkada horrengatik hain gaindituta nagoenez, kanpoko freno horiek behar ditut, baina gero bizitza berreraikitzeko sotora jaitsi behar da, eta hor kutxan ditudan ezkutuko zauri eta alderdi ilun horiei begiratzen hasi behar da, zeren ondo dago jokatzeari uztea, baina frenoarekin bakarrik ezin dugu bizitza guztian eusten egon. Debekua ez da nahikoa gero bizitzen ikasteko. Horretarako norbere asebetetzea elikatzeaz arduratu behar dugu, baina azpian ditugun zauri eta alderdi ilunei, itzala esaten zaionari, lekua egiten ez badiogu, itzalak denborarekin berriro ere arreta eskatuko du. Pertsonaren berreraikitzea egiteko garbiketa eta huste lan bat egon behar da. Orduan, huste lana egiteko, horretan bai, ezinbestekoa da pertsonaren borondatea.

Badaude egoera aproposak jokoari heltzeko, ezta?

Zenbaitetan langabeziara joan izana, baja luzeak eta abar arrisku uneak izan daitezke. Zeini ez dio langabezia egoera batek edo osasun arazo serio batek barrua astintzen? Orduan, adikzioaren joera duenak nolabait arrisku berezia izango luke egoera horietan.

Ludopatak nahi ez badu, ez da hortik aterako?

Galdera zaila. Kaltetuekin zuzeneko harremana badut, baina batez ere senide eta bidelagunekin. Batzuetan kaltetuak berak ez du pauso hori eman nahi, baina haren bidelagunak norbaitek entzutea behar du, informazioa, nolabaiteko berotasuna, eta hori bada hasiera puntu bat. Zenbaitetan agian bikote banaketa baten «mehatxuak», hau da, familiako presioak bultzatuta joaten direnak badira: «Ez dut neure burua hemen ikusten, baina etortzeko esan didate». Egia da batzuetan prozesu horrek ez duela iraupen luzerik, pertsona horrek benetan jokatzeari utzi nahi ez diolako. Edozein arrazoirengatik ez dago prest eta kito. Hala ere, gure itxaropenetako bat da behin baino gehiagotan behartuta hastetik hondoa jo eta klak momentu bat iristea, hau da, ispilu efektua. Ni ludopatiaren elkartean hasi nintzenean, 16 urte dira, profila gizonezkoa, 50 urte ingurukoa, taberna girokoa eta makina txanpon-jalekoa zen; orduan, mutil gazte bat agertuz gero, taldeko gehienak helduak izanda eta zorrak ikaragarriak izanda, gazteak esaten zuen ez zuela bere burua haiekin bat ikusten, ezberdin ikusten zuen bere burua. Horrek aldentze bat eragiten zuen edo, askotan, ez jarraitzea. Behartuta joanda ispilu efektua egiten den unetik, jabetze bat, kopetako bat bezala gertatzen da: «Hori niri ere ezaguna egiten zait nola kontatzen duen, zer pentsamendu dituen».

Batez ere azken urteetan, esan duzun bezala profila gaztetzen joan den eran, beraien arteko identifikazioa eta antzekotasuna gero eta nabarmenagoa izan da.

Zer biztanleria motatan gertatzen da kasu gehien?

Nik ez dut daturik portzentajeak aipatzeko. Baina kontua da non ari diren txanpiñoiak bezala apustu etxeak zabaltzen. Batez ere auzoetan, eta ez da bakarrik lokalen metro karratua merkeagoa delako, baizik eta populazio fokua eskuragarri dagoelako. Langile auzoetan edo auzo xumeagoetan, diru gutxiago izan arren, adikzioen ihesbiderako joera handiagoa eragiten du diru beharrak, eta baita familia egoera sozioemozional kaltetuagoak ere. Izan ere, adikzioa zer da? Ustez onura edo ongizate bat sortzen duen jokaera bat egiteari ezin izatea utzi. Zertarako egiten dut hori? Barruan badudalako egonezin bat, tentsio bat edo hutsune bat, eta hori zerbaiten bidez ase nahi dut. Ustez zoriontsu edo lasai edo bakean dagoen pertsona batek ez du ihesbide beharrik. Orduan, egoera sozioekonomiko, emozional nolabait baxuagoan edo nahasiagoan bizi diren familien testuinguruetan ulergarriagoa da pizgarri baten beharra edo ihesbidearen beharra ere. Erabateko logika du batez ere inguru horietan apustu etxeak eta apustuak egiteko tentaldiak areagotzea.

Eta publizitateak ere hor badu begirada maltzur bat. Azken hilabeteetan, adibidez, telebistan-eta kreditu merkeen iragarkiak apustuen gonbidapenen garai berdintsuan izaten dira, baina dagoeneko kredituak eskaintzen direnean, esate baterako, bikote zoriontsu bat, neska haurdun erakutsiz eskaintzen da diru hori; hau da, nolabait mozorrotzen da kreditu merkeen tentaldia, ustez funtzio edo funts baikor eta zoriontsu batera zuzenduta dago eta aldi berean tentaldi horiek jokatzeko hainbat iragarkirekin nahastuta agertzen dira; orduan, oraindik eta perbertsoagoa da mezua.