2021-22 ikasturtean Erasmus+ edo beste norako batzuetara joateko programetan parte hartzeko tramiteak hasi dituzten ikasleek txertaketa prozesu «zehatz» bat ez dutela salatu dute. Izan ere, txertatuak izateko aldarri eta protestei muzin egin zien Lakuako Osasun Sailak, eta, orain, Asia eta Hego Amerika helmuga izan duten ikasleetako asko dosirik hartu gabe joan behar izan dira.
Ander Garizurieta EHUko kazetaritza ikaslea da Lisboara joango da Erasmusean irailean. «Zortea» duela aitortu du, bi dosiak jasota joango delako. Baina beste ikaskide askok egoera askoz zailagoa dutela salatu du.
Kasu latzenak helmuga Asiako eta Hego Amerikako unibertsitateak dituztenenak dira. Izan ere, bertako herrialde askotan, lauhilekoak abuztu erdialdean hasi eta abendu hasieratik bukatzen dira. Horrek esan nahi du, abuztu hasierarako joan behar izan direla bertara mudantzak egiteko eta batzuk txertoaren dosi bakar bat jaso gabe joan behar izan direla, nahiz eta ziztatu ditzaten behin eta berriro eskatzen ibili.
PCR eta gainerakoak
Txertatu gabe bidaiatzeak eragin ditzakeen osasun arazo nabariez gain, kostu ekonomikoak gogoan izan ditu Garizurietak. Izan ere, antigenoen testak, merkeagoak direnak, Estatu frantsesera eta Portugalera doazen ikasleei soilik onartzen dizkietela azaldu du eta, gainerakoek, 120 euro inguru balio dituzten PCR probak egin behar izan dituztela bidaiatzeko.
Leku batetik bestera egin beharreko PCR probez gain, Garizurietak salatu du ikasleetako batzuk txertoa hartzeko Hego Amerikatik Euskal Herrira itzultzea planteatzen ari direla, horrek suposatuko lukeen kostua asumituz: «Zer erremedio. Uste dute hobe dela ordaintzea eta osasuntsu egotea».
Eva Ferreirak, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, kostu extra horiek izango lituzketen eta egoera ekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei «laguntzen» saiatuko zirela esan zuen ekaina amaieran Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean. Hala ere, Garizurietak salatu du promesa hori ez zaiola «fidagarria» iruditzen: «Momentuz ez dugu ikusten nondik ordainduko dituzten kostu extra horiek ezta nola eramango luketen aurrera posibilitate hori».
Ferreirak txertaketa prozesua bukatu arte ez bidaiatzeko gomendioa luzatu zien ikasleei, baina horrek, kasu askotan, ikasturtea hasi eta aste batzuk beranduago joatea suposatuko luke.
Lakuako Osasun sailburu Gotzone Sagardui ere kritikatu du Garizurietak. Ikasleak azaldu du, gazteen adin tartea «Mallorcako ikasbidaietako agerraldiek bultzatuta» ireki zutela eta ez Erasmus ikasleen eskaerengatik.
Orain, Osasun Saila gazteei «mesedez» txertatu daitezen eskatzen ikusteak frustrazioa eragiten diola aitortu du Garizurietak: «Guk txertaketa plan zehatz bat nahi genuen, eta ez orain, joateko hilabete eta erdi gelditzen denean, arineketan ibiltzea».
Bukatzeko, Garizurietak nabarmendu du Espainiar Estatuko beste autonomia erkidego batzuetan, Madrilen eta Galizan esaterako, Erasmus ikasleek ekainerako txertaketa prozesu osoa beteta izan dutela.