Gobernu frantsesak joan zen asteazkenean, abuztuaren 11arekin, aditzera eman zuen 20.000 metro karratuko azalera gainditzen duten merkataritza-guneetan derrigorrezkoa izango zela osasun ziurtagiria, baldin eta saltegi horiek covidaren intzidentzia tasa altua den departamenduetan aurkitzen badira.
Hau da, 100.000 biztanleko 200 kasu baino gehiago dituzten lekuetan. Ipar Euskal Herriak aise gainditzen du aipaturiko tasa. ARS osasun agentziak joan zen ostiralean eman zituen azkeneko datuak. Abuztuaren 6an intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 222,7koa zen. Joan zen astean 217,8an kokatu zen. Hobekuntza txikia somatu bada ere egoera ezegonkorra bada. Horrendako osasun agintariek «ziurbabetasun handiko» lurraldeen artean kokatzen dute oraindik ere Ipar Euskal Herria.
Egoera kezkagarriaren adierazle da uztailaren 26tik Plan Zuria indarrean dela Baionan, suspertze eremuan gaixoen kopuruak gorakada handia izan delako.
Abuztuaren 12an 52 herritar ziren departamenduaren erietxetan eta 17 bat erreanimazio zerbitzuetan. France Santek emandako datuen arabera pertsona bi hil ziren joan zen asteburuan covid-19ak jota Ipar Euskal Herria barne den departamenduan.
Egoera horretan, sorpresarik gabe, Eddie Bouttera, Pirinio Atlantikoetako idazkari nagusiak astearte honetatik osasun pasea erakusteko neurria Lapurdiko bi merkataritza-gune handienetan indarrean sartuko dela baieztatu du Pauen gaur astelehenean eman duen prentsaurrekoan.
Soilik bi saltegik gainditzen dute 20.000 metroko azalera Ipar Euskal Herrian, Baionako Carrefour-BAB2 ea Hiruburuko Ametzondo-Ikea merkataritza-guneak. Beraz, aipatu bi saltegietean, bihartik hasita eta gutxienez hilaren 31 arte bezeroek osasun pasea behar dute erakutsi.
QRD kodea daraman agiria eskuratzeko era ezberdinak daude: bi txertoak jasotzea, covid-19a azken sei hilabeteetan pasatu izana edo azken 72 orduetan egindako test negatiboa aurkeztea. Testak PCRak izan daitezke, baita antigenoena ere.
Prefeturako ordezkariak baieztatu duenez han non osasun pasea eskatzen den derrigorrezko izanen da musukoa baliatzea.
Uztailaren 21az geroztik derrigorrezkoa da osasun ziurtagiria erakustea kultur eta kirol aretoetara bertaratzeko. Abuztuaren 9tik aitzina derrigorrezkoa bilakatu zen bidai luzeak egiteko garraio sarean, osasun egituretan zein jatetxe eta tabernetan sartzeko ere.
Azkenaldian osasun pasearen kontrako mobilizazioak ugaldu dira Frantzian bezala baita Ipar Euskal Herrian ere. Osasun pasearen kontrako bosgarren mobilizazioa jendetsua izan zen larunbatean Baionan. «3.500 herritar batu ziren Lapurdiko hiriburuan, «diktadura sanitarioa» salatzeko.