Victor Laguardia, Ximo Navarro –honek hegalean ere jokatu dezake–, Lejeune eta Alberto Rodriguez "Tachi" erdiko atzelarien zerrendara Matt Miazga gaztea batuko da. Chelseatik utzita iritsi da Alavesera estatubatuar hau, kalitatezko minutu bila. Hala, esan daiteke, talde babazorroak jada osatua daukala bere atzeko lerroa, Rodrigo Ely joan eta Miazga iristi baita.
Pasa den astean, Callejak berak onartu zuen udako merkatua amaitu aurretik atzelari eta erdilari baten fitxaketak espero zituela. Klubak eman du lehenengo urratsa, orain erdilari baten fitxaketan jarriko da buru-belarri.
26 urteko atzelari honek bere alturagatik nabarmentzen du (1,93 metro neurtzen du) eta ezkerrean zein eskuinean jokatu dezake, bi oinak dominatzen baititu. Nolanahi ere, 2015ean Chelseak fitxatu zuenetik soilik bi partidatan izan ditu minutuak Miazgak eta gainontzeko denboraldi guztietan beste talde batzuetan jokatu du utzita.
Gasteizera iritsi aurretik, Herbeheretan, Estatu frantsesean, Ingalaterra eta Belgikan jokatu izan du. Vitesse, FC Nantes, Reading eta RSC Anderlecht taldeetan jokatu izan du. Azken denboraldian talde belgikarrean protagonismo handia izan zuen, jokatu zituen 30 partidatan hasieratik arituz. Gol bat ere egin zuen.
Selekzio estatubatuarraren deialdian 22 aldiz egon da.