Neiker institutua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eltxo tigrearen presentzia zaintzeaz arduratzen denetako bat. Derion kokatutako teknologia zentro hau 2013tik ari da arazo honekin lanean eta 2014an detektatu zuen aurrenekoz eltxo tigrea EAEn.
Ordutik animali espezie inbaditzaileak kontrolatzeko programa asko garatu da eta gero eta udalerri gehiagotan egiten dituzte behaketak. Hala, 2021ean, 10.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerri guztiak zainduko dituzte. Horietako batzuk lehenengo aldiz behatuko dituzte.
«Helburua eltxo hauek izan dezaketen zabalpena ebaluatzea da, orain arte ikertu gabeko udalerriak barne hartuz, eta hiriguneetako eta horien inguruetako laginak hartuz. Baztertzeko edo eltxo exotiko inbaditzaile hauen presentzia baieztatzeko gune aproposak bilatuko ditugu. Ziurtatuz gero, dagokien agintariei abisatuko diegu kontrol neurriak ezar ditzaten», esplikatu dute Ana Garcia eta Jesus Barandika Neikerreko Animalien Osasunaren Saileko ikertzaileek.
Eltxo tigrea (Aedes albopictus) da kontrol programa honetan hurbiletik zainduko duten espezie inbaditzaileeetako bat. Asiaren hego-ekialdean du jatorria. Bertan, denguearen transmisioaren eragile nagusietako bat da. 2014an detektatu zuten lehenbizikoz EAEn, Irunen hain zuzen.
«Geroztik, laginak hartzeko ahalegina handitu ahala, urtez urte topatu dugu Gipuzkoa eta Bizkaiko udalerri batzuetan eta, puntualki, Araban», adierazi du Ana Garciak.
Eltxo honen ziztadaren bidez beste birus batzuk ere transmititzen ahal zaizkio pertsonari, Chikungunya eta Zika, adibidez.
Adi ur kantitate txikiei, bertan ugaltzen direlako
«Munduan barna zabaldu da, nagusiki bere arraultze edo larben bidez, esate baterako pneumatikoen merkataritzan. Ederki egokitzen dira klima epeletara. Beren arrautzek hilabeteetan biziraun dezakete urik gabe, eta tenperatura hotzak ere (-4 gradu artekoak) jasaten dituzte», zehaztu du Garciak.
Gehienbat pertsonen odolaz elikatzen den eltxo espezie hau etengabe zaintzeak beren ugaltzeko lekuen berri eman die Neikerreko ikertzaileei.
«Eltxo tigreak ur kantitate txikietan hazten ditu kumeak. Hortaz, bidoi, pneumatiko, ontzi, estolda eta abarretan gelditzen den ura kontrolatzea edo kentzea oso interesgarria da, bai toki publikoetan eta bai pribatuetan. Izan ere, sarri azken hauetan aurkitzen ditugu eltxo hauen ugaltze tokiak», azaldu du Jesus Barandikak.
Batzuetan, eltxo tigrea eta beste eltxo exotiko inbaditzaile batzuk jendeak berak detektatzen ditu. Badira horretarako herri plataformak, Mosquito Alert kasu.
Itsas portu eta aireportuen sarreretan zentratzen dira behaketa aktiboetan, baita errepide sareetan ere.