Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Realaren hiru akats probestu eta Alavesek bere aurreneko EH Kopako finala jokatuko du

Historian lehen aldiz Euskal Herria Kopako finala ez da izango Athleticen eta Realaren artekoa. Bizkaitarrek beren lana ondo bete dute Eibarri 4-0 irabaziz; gipuzkoarrek, aldiz, 3-4 galdu dute lehen zatian eginiko hiru akats nabariren ondotik. Azkenerako, emozioa bizi izan da Loinaz futbol zelaian. 

Alaveseko jokalariak gol bat ospatzen. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Alaveseko jokalariak gol bat ospatzen. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Hurrengo igandean Zarautzen jokatuko den finalean egungo Euskal Herria Kopako txapelduna ez da presente egongo. Alavesek ezusteko handia eman du Beasaingo Loinaz futbol zelaian jokaturiko neurketan eta Realak, amaieran, estutu duen arren ez da berdinketa iritsi.

Lehen zatiaren bukaera aldean eginiko hiru akats nabarik erabat baldintzatu dute neurketa eta beraz, Ceciliak eginiko 1-0ekoa ezerezean geratu da. Fransi zein Amaiurrek gol aukera on bana izan dute aldea handitzeko baina Cris Cornejo oso sendo agertu da aurrez-aurreko bietan.

Sendo agertu ez dena Realeko atzeko lerroa izan da. Neurketa dominatua zuenean, Ane Etxezarretak area barruan lo hartu eta arabarren berdinketa ahalbidetu du, Sanadrianek egin du gol. Minutu bat beranduago, oraindik akats horri bueltaka, Elene Lete atezainak Sara Carrillo aurrelariari oparitu dio baloia eta honek ez du hutsik egin. 

Atsedenaldira iristea zitekeen Realarentzat konponbiderik azkarrena baina iritsi aurretik Alavesek beste kolpe bat eman dio. Carrillo arean sartu, atzelariei bizkarra hartuta, eta Letek penaltia egin dio. Penalti puntutik ere ez du hutsik egin '19 babazorroak. 

Sekulako jipoia suposatu du Realarentzat, ohartu orduko markagailuan 1-3 atzetik jarri baita Lehen Mailara igo berri den talde baten aurka. Mikel Crespok gidatutako taldeak sendotasuna erakutsi du eta honekin, argi geratu da prest dagoela Lehen Mailan debuta egiteko, aldageletatik bueltan beste gol bat egiteko gai izan baita. 

Ane Mirenek enegarrenez hartu dio bizkarra Maddi Torreri eta honen erdiraketa Armengolek sareetara bidali du. Realari kosta zaio partidan sartzea, akatsez ahaztea eta zerotik hastea. Erdigunean makal aritu dira eta gainera, arerioak apenas akatsik egiten ez zuela ohartu dira. Cris Cornejo atezain donostiarra ere sendo agertu da erdiraketa orotan eta baita Nuria Blancok, area kanpotik, bidalitako jauriketa batean ere. 

Gutxika-gutxika partidan sartzen joan dira txuri urdinak, Sanni Fransik pare bat aukera on izan ditu baina gaurkoan baloiak ez du sartu nahi izan. Realaren golak beranduegi iritsi dira eta hala ere, sekulako emozioa bizi izan da Loinazko harmailetan. Gemma Gilik 90. minutuan egin du 2-4koa eta minutu bat beranduago Amaiurrek are gehiago estutu du dema. 

Azken minutuan, gainera, falta jaurtiketa bat ere izan du talde donostiarrak baina ez dute asmatu. Hala, Alavesek jokatuko du Euskal Herria Kopako finala Athleticen aurka. 

Athletic, nagusi Eibarren aurka

Bizkaitarrek ez dute hutsik egin Eibarren aurkako kanporaketa, Faduran jokaturikoan. Atsedenaldirako lehia kasik erabakita hutsi dute Nekane Diezen gol bati eta Aranaren bi golei esker. Garazi Muruak garaipena borobildu du laugarren gola eginez. 

Istillart erdilaria Eibarren aurkako lehian. (Aritz LOIOLA / FOKU)