NAIZ

17 afganiar hartu dituzte momentuz Hego Euskal Herrian

Familia bereko zortzi afganiar hartu dituzte Nafarroan. Joan den larunbat gauean iritsi ziren, talibanek Kabul hartu, Gobernua erori eta herrialdean sortu den egoeratik ihesi. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Torrejonera ailegatutako afganiarretatik bederatziri egin diete harrera.

Torrejonera iritsitako Afganistaneko familia bat. (Jesús HELLÍN | AFP)
Torrejonera iritsitako Afganistaneko familia bat. (Jesús HELLÍN | AFP)

Momentuz 17 afganiar hartu dituzte Hego Euskal Herrian. Torrejon de Ardozera ailegatutako afganiarretatik bederatziri egin diete harrera Lakuak finantzatutako baliabideetan, Denis Itxaso Gobernu espainiarraren ordezkariak agertu duenez.  Zehaztu du EAEn 515 plaza daudela errefuxiatuentzat edo estatus hori lortzeko izapideak egiten ari diren pertsonentzat, CEAR elkarteak kudeatuta. Horietatik 355 beteta daude.

Itxasok Nilofar Bayat saskibaloi selekzio afganiarreko kapitainak Bilbon eman duen prentsaurrekoan egin ditut adierazpen horiek. «Nilofarrek eta bere senarrak begiak eta ahotsa jartzen dizkiote gertatzen ari denari, baina ez dugu ahaztu behar ehunka eta ehunka pertsona direla egoera zaila bizitzen ari direnak», esan du.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, etengabeko koordinazio lanetan ari dira herrialdeko harrera programen arduradunekin eta Gobernu espainolarekin, harrera programetan libre dauden lekuak beren bizitza arriskuan jartzen duten egoeretatik eskapo heldu diren pertsonak hartzeko erabil daitezen. Familia bereko zortzi kide izan dira lehendabiziko hartu dituzten afganiarrak. Joan den larunbat gauean ailegatu ziren.

Migrazio Politika eta Justizia sailburuak, Eduardo Santosek, azpimarratu du Nafarroak «azkar erantzun duela, gizadiaren aldeko lan urgente hauetan Estatuaren esanetara jarriz. Ezin zen bestela izan». Morian, Kanarietan eta orain Afganistanen bizitzen ari diren krisien aitzinean Nafarroak bere burua harrera herri gisa eskaintzen duela erantsi du.

Kanarietatik eta Siriatik etorriak ere bai

Aurten Kanarietatik etorritako 20 pertsona hartu dituzte, baita Siriako bi familia ere (guztira 11 lagun). Egoitza Tuteran duen ‘Somos’ programaren barruan egin diete harrera.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Estatuak kudeatzen ditu bertako harrera programa hauek, hitzarmen bana egina duten bi entitateren bidez. Pandemiak programa hauen deszentralizazioa moteldu du.

Santosek defendatu duenez, «kudeaketa Nafarroan bertan egitea azkarragoa eta eragingarriagoa litzateke, bai egiturazko egoeretan eta bai orain bizitzen ari garena bezalako urgentziazko kasuetan». Horregatik, deszentralizazio prozesu hori azkartzea premiazkoa dela oroitarazi du, asiloa eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen alde, bizitza hobe bat lortzea –beteagoa, seguruagoa, ongi izateko berme gehiagokoa– denon eskubidea delako.