NAIZ

Alexandre Leaute Ahurtiko txirrindulariak urrezko domina erdietsi du Tokion

C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkako jazarpen proban azkarrena izan da lapurtarra eta munduko errekorra ere erdietsi du, lehendabizi sailkapen proban eta ondoren, finalean are denbora hobea egin du. 3:31.817 minutu behar izan ditu lasterketa bukatzeko. Bere lehendabiziko paralinpiar domina da.

Alexandre Leaute, lasterketa betean. (OIS)
Alexandre Leaute, lasterketa betean. (OIS)

20 kirolariz osaturiko euskal ordezkaritzak ezin hobeto ekin die Tokioko Paralinpiar Jokoetan ostegun honetan Ahurtiko txirrindularia Alexandre Leautek urrezko domina eskuratu baitu. 20 urte baino ez ditu Leautek eta Baionako Urt Velo 64 klubeko txirrindularia da. 

Bere kategoriaren (pistako jazarpen proba, C2, hiru kilometroetakoa) munduko errekorra ere gainditu du lapurtarrak, 3 minutu eta 31 segunduko denborarekin. Bakarkako proba zen eta bigarren helmugaratu den Darren Hicks australiarrari lau segundoko aldea atera dio. Hasieratik nagusi izan da Ahurtikoa eta hala, merezitako garaipena erdietsi du Izuko belodromoan. Brontzezko domina Txinako Guihua Liangek lortu du. 

«Domina honen atzean ez nago soilik ni, talde oso bat dago eta beraiekin elkarbanatzen dut», adierazi du Leautek proba irabazi berritan. 

«Titulu hau sekulakoa da», adierazi du France Television hedabidearen mikrofonoetan. Azken hiru urtetan nire entrenatzaile Christophe [Dizy] eta medikuekin eginiko lanaren emaitza da», gehitu du. 

Bere lehendabiziko paralinpiar domina eskuratu du Alexandre Leautek. 2020. urtean Miltonen (Kanada) jokatutako Munduko txapelketan urrea irabazi zuen proba berean eta Japoniako garaipen olinpiko honek maila ezin hobean dagoela ziurtatzen du. 

Gainera, domina gehiago irabazteko aukera ere izangu du lapurtarrak. Izan ere, 2019 eta 2021. urteetan errepideko probako Munduko txapelduna izan da eta aurten erlojuaren kontrako proban ere munduko onena dela erakutsi du. Nola ez, bi proba hauetan ere faboritotzat hartzen dute. 

Kontuan hartu behar da, Leaute jaiotzetik hemiplegikoa dela buruko isuri baten ondotik eta beraz, bere potentzia %95 txikiagoa dela. 

Oihartzun handia izan du albisteak Estatu frantsesean, elastiko urdinez parte hartzen duten paralinpiar kirolarien lehenengo urrezko domina baita hau.