Biltxoko elkartea 1901eko legepean sortutako elkartea da. Hau da, egiturak ez du onura ekonomikokik xerkatzen. Zehazki, 2019ko martxoaren 12an erregistratu zen «elkarte gastronomiko eta kultural» gisara.
Izan ere Lapurdiko hiriburuan «euskaldunontzat arnasgune izaiteko ideia lehenagotik datorrela» azaldu dio NAIZi Ibai Agirrebarrena elkarteko diruzainak.
Elkarteak izanen dituen bertze batzordetako kideak ahantzi gabe, Pantxika Urruty elkarteko lehendakariarekin batera buru belarri jardunen du Agirrebarrenak irailetik aurrera Biltxokok hiriari begira garatuko dituen egitasmoen prestaketa lanetan.
Gaur gaurkoz 120 kide batzen ditu Lapurdiko hiriburuan euskara eta euskal kultura egunerokotasunean biziarazteko helburuarekin sorturiko elkarteak.
70 kiderekin abiatu zela egitasmoa oroitarazi du Agirrebarrenak. Egun 60 emazte eta 60 gizon bazkide biltzen dira parekotasuna irizpide garrantzitsutzat duen elkartean.
Barneari begira «bada denbora luze bat» lanean ari direla azaldu dio NAIZi Pantxika Urrutyk.
Izan ere, laster bere aktibitateak publikoki hasiko dituen elkarteak azkartze prozesu bat bizi duela agorrilaren ondar honetan baieztatu du elkarteko lehendakariak.
Irailetik landa, larunbatetan, bere ateak zabalduko ditu Biltxokok «goizetik merkatura bertaratzen den jendeari euskaraz kalaka egiteko aukera tarte bat eskainiz», Urrutyren esanetan.
Ez da erreza izan baina finean elkarteko bazkideek lortu dute Baionako erdigunean lokal bat xerkatzea. Augustins karrikaren 9. zenbakian kokatu bere egoitza Biltxokok.
«Biziki zaila izan da lokala atzematea, baina hasieratik argi geneukan hirubarnean nahi genuela kokatu, bertan dagoen dinamikan nahi dugulako gure elkartea txertatu», azaldu du, poztasunez, Agirrebarrenak.
Emeki emeki euskara normaltasunez bizitzeko eremua eratu nahi du elkarteak. 130 m2 dituen Augustins-eko sotoan baldintza egokiak eskuratuko dituztela «bai gure bazkideek baita azpegitura honen beharraz sentituko duten beste elkarteko lagunek» egitasmoak garatzeko uste dute elkarteko bi bozeramalek.
Hain zuzen kanpora begirako lanari garrantzia aitortzen diote bai Urrutyk baita Agirrebarrenak ere.
Horrendako, euskarak eta euskal kulturak Baionako karriketan toki gehiago ukan dezaten Biltxokok duen nahikeria nabarmendu dute biak ala biak.
Elkartearen baloreak
Elkarteak bertze hainbat balore aintzat hartuko ditu. Hala, 60 emazte eta 60 gizon biltzen ditu parekidetasunaren aldeko «engaimendu zehatza» hartu duen Biltxokok.
Horrekin batera eredu parte-hartzailea, aniztasun orotarekiko errespetua eta ekologiaren alde obratzeko asmoa agertu du elkarteak.
«Euskal Herriko herrialde ezberdinetan» elkarte gastronomikoek duten eskarmentua kontuan hartu dute txokoa antolatzeko orduan.
Bazkideek sukaldean abileziak erakutsi eta hurbilekoekin une goxoa pasatzeko parada ukanen dute.
Era berean, jarduera pribatu eta publikoak tartekatzen dituzten beste elkartetako sustatzaileekin jardun dute Biltxoko sortzeko prozesuan.
Urruñako Berttoli eta Ziburuko Baltsa elkarteak erreferentzi gisara harturik «Baionako arimari egokitutako moldea» xerkatu dutela zehaztu du Agirrebarrenak.
Izan ere, «Baionan elkarteek duten tradiziotik edan egiten duen» txoko euskaltzaleak bat egin du hasieratik peñak biltzen dituen GAB egiturarekin.
Elkarteek beraiek zein Herriko Etxearekin elkarlanean sustatzen dituzten «ekimen interesgarrietan» esku hartzeko prest da elkartea.
Hala nola Baiona eta Iruñea arteko senidetzea elkartearen baitatik sustatzeko asmoa dute bazkideek.
Hiriko kultur dinamikan parte hartu
Bere murruen artean gauzatuko duen jardueraren osagarriz elkarteak proiektuak aitzineratzeko laguntza teknikoa edo diruztatzea eskaintzeko asmoa agertu du. Elkarteko batzordetan jardunen duten kideen proposamenak hauspotzea ezinbestekotzat jotzen du elkarteak.
Hiriko kultura eta animazio eskaintzari ekarpe indartsu egiteko nahikeria baitu Biltxokok baitaere. Horrendako «kaleari begira» ekimenak martxan emateko prestutasuna agertu du elkarte euskalzaleak.
Erran bezala, irailean hasita, larunbatetan, Biltxokon euskara praktikatzeko tarteak antolatuko dituzte.
Handik aurrera Pantxika Urrutyk beste egitasmo bat aitzineratu du. Aurten irailetik 17ttk 19ra iraganen den Udazken'Art ekimenarekin bat eginen du Biltxokok. Baionako peñek beraien lokaletan jasotzen duten erakusketan parte hartuko du elkarte berriak. Hala, Augustins karrikako sotoan bi artisten sorkuntzen ikusteko parada izanen dela aurreratu du Biltxoko elkarteko lehendakariak.