Idoia Eraso

Hiru eskola gehiagotan antikonstituzionaltzat joa den murgiltze eredua ezarriko da

Kontseilu Konstituzionalak murgiltze sistema antikonstituzionala zela ebatsi ondoren, ikasturte honetan murgiltze sistema ezarri nahi zuten lau eskolek ezezkoa jaso zuten. Lan handiaren ondoren hiru eskoletan ezarriko da, baina lehen mailan soilik, eta ez eskatzen zen lehen hiru mailetan.

Ortzaizeko eskola publikoan prentsaurrekoa eman dute hautetsiek eta guraso elkarteek. (GUILLAUME FAUVEAU)
Ortzaizeko eskola publikoan prentsaurrekoa eman dute hautetsiek eta guraso elkarteek. (GUILLAUME FAUVEAU)

Astelehen gauean ateratako agiri batean errektoregotzak, ostegunean abiatuko den ikasturtean hiru eskoletan murgiltzea ezarriko zela jakinarazi zuen. Kontseilu Konstituzionalak murgilzea antikonstituzionala zela ebatsi ondoren, lorpen hau elkarlan handi baten ondoren eman dela nabarmendu dute astearte honetan Ortzaizeko eskola publikoan bildu diren hautetsi eta eragile sozialak.

Murgiltze eredua eskatzen duten lau eskoletako herrietako auzapezak prentsa aurrean agertu dira, azken berriak ematera. Beraiekin ziren ere, eskoletako gurasoak eta Ikas-Bi eta Biga Bai guraso elkarteko ordezkariak ere.

Aiherrako eskola pribatu katolikoan, eta Idauze-Mendi eta Ortzaizeko eskola publikoetan murgiltze eredua ezarriko da ostegunean abiatuko den ikasturte honetan.

Aldiz, Larraineko eskola ezberdinki tratatua izan behar dela adierazita Hezkuntza Nazionaletik klase bakarreko ikastetxea baita. Horren inguruan ez da berririk izan.

Auzapezen salatu dute informazioa errektoregotzak igorritako prentsa oharraren bitartez jaso dutela, eta ez dutela agiri ofizialik jaso.

Heldu den ordu edo egunetan egoeran aitzinamenduak izanen direla espero da. Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak harremanetan daude Hezkuntza Publikoko buruekin, eta bide horretan aldaketak izan daitezkeela baieztatu du Ortzaizera hurbildu den EEPko presidente Antton Curutcharryk.


Eskaera guztiak bete arte ez direla geldituko jakinarazi dute Nafarroa Behereko herrian bildu diren eragile guztiek. «Onartzen ez bagaituzte, borrokatzen prest gaude, bukaerara arte» baieztatu du Jean-Dominique Idiart Larraineko auzapezak.

Bi borroka

Ikasturte hasierarako eskatuak ziren murgiltze klaseen irekieraren eskaeretan bi ez dira bete, alde batetik Larrainekoa, eta bestalde ikasturte kopuruari dagokiona. Errektoregotzak astelehen gauean argitaratutako prentsa oharrean, irekiera lehen ikasturtean soilik aplikatuko dela adierazi du, normalean eredu hori lehen hiru ikasturtea biltzen dituen ama-eskolari dagozkiolarik.

Curutcharryk, Hezkuntza Publikoko ordezkariekin izandako bilkuretan lehen ikasturteari dagokion informazioa akats baten ondorio litzatekeela baieztatu diotela jakinarazi du. Larraineren egoerari buruz ere berriak espero daitezkeela segurtatu du.

Orain gauzatu dena lortzeko uda guztian zehar borrokatzen egon direla nabarmendu dute Ortzaizen bildu diren politikari eta gurasoak.

Antikonstituzionala

Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 21ean murgiltze eredua antikonstituzionala dela erabaki ondoren, sistema bera arriskuan emana izan zen. Hori dela eta eskola berrietan ezartzea zaila dirudien arren, elkarlanari esker lortu egin da.

Gaur egun 20 eskola publikotan eta 19 eskola pribatu katolikotan eskaintzen da murgiltze eredua, esperimentazio gisara. Izaera antikonstituzionala duen eredua izanik ere, murgiltze klase horiek ireki izana egoera legal horren baitan kokatu daitekeela azaldu dute.

Aspaldi da sare publiko eta pribatu konfesionaletako eragileek, eta euskaltzaleek orokorrean, esperimentazioa beharrean estatus segurtatua eskatzen dutela.

Konstituzionalaren erabakiaren ondoren, sortu den egoera gatazkatsuari aurre egiteko, heldu den hilabeteetan Gobernuak zirkular bat argitaratuko duela eman da ezagutzera.