Idoia Eraso

Larrainen irakasle jubilatu euskaldun batekin abiatu da ikasturtea murgiltze ereduan

Ikasturte honetarako murgiltze eredua ezartzea galdetu zuten lau eskoletatik hiruk lortu dute, aldiz ez Larrainekoak. Baina hori lortzeko borroka ez da bukatu, eta euskarazko klaseak ziurtatzeko irakasle jubilatu bat ari da eskolak ematen.

Larraineko eskolaren aitzinean gurasoekin batera herriko hautetsiak eta Biga Bai elkarteko kideak bildu dira. (NAIZ)
Larraineko eskolaren aitzinean gurasoekin batera herriko hautetsiak eta Biga Bai elkarteko kideak bildu dira. (NAIZ)

Ikasturtea ostegun honetan abiatu da Ipar Euskal Herrian, eta lau eskolatan murgiltze ereduaren aldarrikapenaren inguruan hasi da. Hiru eskolak klaseak osorik euskaraz emateko eskaerari erantzun baikorra jaso badute, ez da horrela izan Larraineko kasuan. Baina ez dute borroka bertan behera utzi, eta irakasle jubilatu bat ari da klaseak euskaraz ematen. Horrela egiten ari dira ere Aiherrako eskolan; egoera konfirmatzeko zain egon gabe klasea euskaraz ematen hasi dira.

Joan den maiatzean Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua antikonstituzionala zela deliberatu ondoren ere, lau eskolak lehen hiru ikasturteak euskaraz soilik egin ahal izatea galdetu zuten. Aurreko ikasturtean abiatu zen borroka, udan zehar atxiki da, eta emaitzak izan ditu. Horrela Aiherrako eskola pribatu katolikoan, eta Ortzaize eta Idauze-Mendiko eskola publikoetan murgiltzea ezartzea lortu dute.

Larraineko eskolak aldiz ez du lortu, nahiz eta egoera aztertuko duela baieztatu duen Hezkuntza Nazionalak. Bitartean, hitz eman zuen bezala, Zuberoako herriko eskolan lehen hiru mailetako haurrei kurtsoak euskaraz ematen hasi da.

Oztoporik ez, baina zigorrak beharbada

Eskolako irakasle ofizialak Hezkuntza Nazionaleko Inspekziora deitu du egoeraren berri emateko, baina errektoreak irakasle erretretaduna bertan egotea ez zuela debekatzen ahal erran dio, bai aldiz, ez diola lanean aritzeko misiorik ematen ahal.

Oraingoz egoerak lasaiki jarraitzen badu ere, erretretadunak kontuak eman beharko dituela ziurtatu du Jean-Marc Iriart herriko auzapezak, eta «guk elkartasuna eraiki dugu bere inguruan» gaineratu du.

Eskola aitzinean gurasoekin batera herriko hautetsiak ere eman dira, baita Biga Bai guraso elkarteko kide bat ere. Elkartasunaz gain, hautetsien laguntza ere jasotzen ari dira.

Egoeraren berri eman dio herriko auzapezak Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko presidenteari, bera ari baita, hein handi batean, negoziaketak bideratzen. Iriartek Max Brisson eta Frederique Espagnac senatoreen eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidentearen laguntza ere izaten ari direla nabarmendu du, eta harremanetan daudela Jean Castex Lehen ministroaren laguntzaile batekin.

Lehen urtea eta ez lehen hirurak

Astelehenean irakasle lanpostuak banatzeko azken bilkura izanen da, eta orduan ziurtatuko da irakasle euskaldunak izanen diren murgiltzea hitz emana den hiru eskoletan, eta beharbada Larraineko egoera ere aztertuko da, baina ez da ziurtatua.

Hezkuntza Nazionalak hiru eskoletan murgiltzea ezarriko zuela erran zuelarik, lehen ikasturtean izanen zela jakinarazi zuen, nahiz eta eskaera lehen hiru ikasturteetarako izan. Hori dela eta Aiherran eta Larrainen ere lehen hiru ikasturteetako haurrei ari diete murgiltzean erakusten.

Negoziaketak ere ari dira horren inguruan, eta egoeraren berri emateko asteartean Ortzaizen herrietako auzapezek eta gurasoek eman zuten prentsaurrekoan, Curutcharry ere mintzatu zen, eta Hezkuntza Nazionalak hori akats bat besterik ez zela baieztatu ziola esan zuen, nahiz eta horren konfirmazioa astelehenean izanen den.

Ortzaize

Sartzea goxoki pasa da Ortzaizen, beraien egoera bereziki positiboa dela azaldu du Maritxu Trounday gurasoak, astelehenean eginen den bilkuran beraien egoera errazki konpontzen ahal dela badakielako: «Zorte ona dugu, frantseseko klaseak ematen dituen irakaslea euskalduna da, beraz murgiltzea egiteko arazorik ez da izan behar».

Orain borroka murgiltzea lehen hiru mailetarako lortzea dela nabarmen du. Negoziaketa horietan lagunduak izan direla, eta izanen direla ere nabarmendu du, nabarmendu du goizean Ortzaieko auzapez Jean-Marc Oçafrain bertan izan dela.

Larraineko eskolako kideei sostengua emateko afitxak egin dituzte gurasoek.