Faboritoek ez dute hutsik egin Kontxako lehen jardunaldian eta Donostia Arraun Lagunak, Orio, Hondarribia eta Santurtzi, pronostiko guztiek aipatzen zituzten lau traineruak bizi-bizirik iritsiko dira bigarren igandera.
Emakumezkoei dagokienez, Arraun Lagunakek 1,64 segundoko alde ezdeusa defendatuko du Kontxako bigarren jardunaldian Oriorekiko. Bi faborito nagusiek ez dute huts egin emakumezkoen estropadan eta nagusitasunez irabazi dituzte euren txandak.
Oriotarrek estropada eremuko errekorra ezarri dute lehen txandan, 10:33.26ko denborarekin. Hirugarren kaletik azkar utzi dituzte atzean aurkariak –Donostiarra, Tolosaldea eta Deustu– eta erlojuaren aurka estropada bikaina egin dute, itsasoaren baldintza onak baliatuz.
Baina bigarren txandan gidoia errepikatu egin da, eta Arraun Lagunak izan da bere indarra erakutsi duena. Donostiarrek ere ez dute arazorik izan txanda bereganatzeko eta, hauek ere hirugarren kaletik, oriotarren denbora hobetu egin dute: 10:31.62.
Euskotren Ligako lau ontziek lortu dute hurrengo igandean ohorezko txandan arraun egiteko txartela eta kontsolazio txandan ariko dira Hibaika, Tolosaldea, Deustu eta Chapela.
Gizonezkoetan ere pronostikoak bete dira
Gizonezkoen proban ere faborito nagusiek ez dute kale egin, nahiz eta Hondarribiak ez dion hasiera ona eman estropadari. Berdeek irteera ustela egin dute lehen txandan, eta hiru segunduko zigorra jasota ekin diote lanari.
Hala ere, gertatutakoa ahaztu eta lan bikaina eginda irabazi dute aurreneko txanda hori. Laugarren kaletik, Donostiarrarekin lehia estua izan dute seigarren minutura arte, baina ziabogan jada eurena zen denborarik onena.
Bigarren luzean Zierbena izan da berdeen erritmoari eusten saiatu dena, estropada bikaina sinatuz. Amaieran, Hondarribiak 19:06:32ko denbora markatu du –berez 19:03 zen zigorrik gabe–, Zierbena, Donostiarra eta Urdaibairen aurretik.
Bigarren txandan, aurkarien erreferentzia eskuan zuela, dena ematera irten da lehen paladatik Santurtzi, Eusko Label Ligako liderra, eta lehen palada horietan bizkaitarrena zen denbora onena.
Baina lehen luzea aurrera joan ahala argi ikusi da Hondarribiaren denbora hobetzea asko kostako zitzaiela moreei eta ziabogan sei segundo atzetik ziren. Orio ere lan bikaina eginez oso hurbil zuten.
Bigarren luzean, Santurtzik estropada eremu osoa zeharkatu behar izan du lehen kaletik laugarrenera joateko. Bidean segundo asko galdu dituzte, baina behin badia barruan sartuta azken txanpa ederra egin dute eta asko hurbildu dira Hondarribiaren denborara.
Azkenean, santurtziarrek 19:08.06ko denbora lortu dute, Hondarribiak baino 1,74 segundo gehiago –zigorrik gabe 4,74koa izango zen aldea–. Oriok ere azken txanpa bikaina egin du eta laugarren postua ziurtatu du 60 ehunenekogatik, Donostiarraren kaltetan.
Kontsolazio txandan, donostiarrekin batera, Bermeo, Cabo eta Ares irtengo dira datorren igandean.
Sailkapenak
Emakumezkoen 1. jardunaldia
1. Arraun Lagunak 10:31.62
2. Orio 10:33.26 (1.64ra)
3. Donostiarra 10:40.24 (8.62ra)
4. Hondarribia 10:44.82 (13.20ra)
5. Tolosaldea 10:46.68 (15.06ra)
6. Hibaika 10:49.16 (17.54ra)
7. Deustu 10:55.26 (23.64ra)
8. Chapela 10:58.74 (27.12ra)
Gizonezkoen 1. jardunaldia
1. Hondarribia 19:06.32
2. Santurtzi 19:08.06 (1.74ra)
3. Zierbena 19:10.28 (3.96ra)
4. Orio 19:14.82 (8.50era)
5. Donostiarra 19:15.42 (9.10era)
6. Bermeo 19:23.40 (17.08ra)
7. Cabo 19:32.12 (25.80ra)
8. Ares 19:42.98 (36.66ra)