Idoia Eraso

Murgiltze eredua antikonstituzionaltzat jotzea plangintza baten ondorio dela salatu du Seaskak

Ikasturte hasierako aurkezpen prentsaurrekoa eman du Seaskak Bardozen, bertan murgiltze eredua antikonstituzionala bilakatzeko Hezkuntza Ministeritzak hartutako bidea 2021an Molac legearen kontrako errekurtsoa baino lehenagokoa dela salatu dute.

Maider Behoteguy Bardozeko auzapeza, Stephanie Chabay Xarnegu ikastolako lehendakaria, Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria. (GUILLAUME FAUVEAU)
Maider Behoteguy Bardozeko auzapeza, Stephanie Chabay Xarnegu ikastolako lehendakaria, Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria. (GUILLAUME FAUVEAU)

Seaskak astelehen honetan Bardozen eman duen prentsaurrekoan, ikasturteko datuak emateaz gain, murgiltze ereduaren inguruan egun dagoen egoera korapilatsua ere aztertu dute. Eredua antikonstituzionala bilakatzeko bidea, Kontseilu Konstituzionalak 2021an Molac legeari ezarritako errekurtsoaren ebazpena baino lehenagokoa dela salatu dute.

«Murgiltze sistemaren kontra Kontseilu Konstituzionalaren erabakia, ez da Molac legearen inguruko momentuko erabaki bat, Hezkuntze Ministerioaren bulegoetan abiarazi den plangintza berri baten emaitza baizik», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako presidenteak.

Baieztapen hori egiteko, aurreko astean filtratu zen txostena du abiapuntutzat,
Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak eskatuta Eskualde Hizkuntza ikuskari nagusia den Yves Bernabek 2019an Diwan eskola bretoiei buruz egindakoa hain zuzen ere. Bertan, murgiltze eredua Konstituzioaren kontrakoa dela erraten da.

«Seaskaren inguruan txosten bat badela segur gara, eta Hezkuntza ministroari txosten horren berri eman dezala galdegiten diogu, euskal jendarteak jakin dezan zein diren Parisen benetako asmoak ikastolen geroari buruz», baieztatu du Ikastolen federazioko presidenteak.

Ondorio horretara heldu dira, Barnabe 2019. urtean Bretainan eta Euskal Herrian izan baitzen Diwaneko zentroak eta ikastolak bisitatzen.  

Krisia sortu eta krisia konpondu

Jean-Michel Blanquerrek Diwani buruz eskatu txostenak bi parte dauzka. Lehenak murgiltze ereduaren arrakasta eta bereziki Diwanen datuak ematen ditu. Bigarren partean, aldiz, murgiltzea antikonstituzionala dela, eta legala nola bilakatu behar den azaltzen du. Horretarako bidea, Diwan ikasketa eredu elebidunera pasatzea litzateke.

Horri erantzun argia eman dio lehendakariak: «Eredua ez dugu aldatuko, eta garatzen segituko dugu. Krisia beraiek sortu dute, Gobernuak bultzatutakoa baita, eta orain krisia konpondu behar dute».

Egoera kontuan harturik Jorajuriak euskal jendartea «adi egotera» deitu du, «ez baita deus irabazia, eta Kontseilu Konstituzionalak gure buruen gainean ezarri duen Damoklesen ezpata edozein momentutan jauziarazi nahiko baitute».

 

Zentzu horretan jakinarazi du iraila bukaeran Ministeritzak zirkular bat atera behar duela Kontseilu Konstituzionalaren erabakiaren ondoren zer egin daitekeen eta zer ez definitzeko.

Jean Castex Lehen ministroarekin bildu behar ziren Seaskako ordezkariak uztailean, baina bilkura etengabe gibelatzen ari direla, eta hitzordua irailaren bukaeran izanen dela erran dietela azaldu du ikastolen federazioko lehendakariak, «baina ez dugu haren berririk».

Hiru eskola berri murgitzean

Ikasturte berri honetan hiru eskola publiko eta pribatu katolikoetan murgiltzea ezartzea onartu du Hezkuntza Nazionalak, eta horrekin kontent agertu da Jorajuria: «Iaz Hiriburun lortu genuen bezala aurten Ortzaize, Idauze-Mendi eta Aiherra ere lortu dugu irekitzen».

Horretarako egin den bidea «kolektiboa» izan dela nabarmendu du. «Biziki argi dugu euskararen alde ari garela denak, eta sare guztiek behar dutela murgiltzea garatu».

Larrainen murgiltze sistema ezartzea ez dute lortu, beraien egoera bereziki aztertu nahi dutela baieztatu baitzuen Hezkuntza Ikuskariak. Horren aldeko kanpaina eremu guztietan ematen ari da, eta Seaskatik ere «elkartasuna adierazi» diote.

Seaskak garatzen jarraitzen du

Aurreko ostegunean abiatu zen ikasturtean 4.064 ikasle izanen dira Seaskan matrikulatuak, iaz baino 43 gehiago. Ikasturtean zehar bi urteko 60 bat haur gehituko dira. Hazkundea ikastola batzuetan bereziki handia izan da Baigorriko ikastolan non 33 ikasletik 47ra pasa diren, eta Senperen, non sekulan baino ikasle gehiago dauzkaten, 117.

Zentro berri batekin hasi du Seaskak ikasturtea. Bardozeko Xarnegu ikastolak Ipar Euskal Herriko ikastolen kopurua 38ra igo du, eta nazio mailan 112 ikastetxe izatera pasa da.

Xarnegu eremuko haurrak Hazparne eta Beskoitzeko ikastoletara joan ohi dira, eta nabarmentzekoa da bertan ere igoera izan dela, Bardozeko ikastolaren sorreraren arrazoia nabarmenduz. Lau haur txikiekin abiatu da bardoztar batek utzitako etxe batean, baina etorkizunean Herriko Etxeak utzitako gela batera pasako da.