NAIZ

Plastikoak hiru bilioi eurotik gorako kostua du urtero munduan

Plastikoa ekoitzi eta epe luzera sortzen duen kutsadura jasatearen kostu erreala 3,7 bilioi dolarrekoa (3,12 bilioi euro) izan zen 2019an, Munduko Natura Funtsaren (WWF) arabera. Ez bada deus egiten, zenbaki handi hori hirukoiztu eginen da 2040erako, 7,1 bilioi dolarrera (6 bilioi euro) iristeraino.

Mondragon Unibertsitateko ikasleek Senegalen plastikoak birziklatzeko proiektu bat garatu dute. Halako egitasmoek berebiziko garrantzia izanen dute kutsadura murrizteko. (Jon URBE / FOKU)
Mondragon Unibertsitateko ikasleek Senegalen plastikoak birziklatzeko proiektu bat garatu dute. Halako egitasmoek berebiziko garrantzia izanen dute kutsadura murrizteko. (Jon URBE / FOKU)

Material hagitz gogorra da plastikoa, eta hamarkadak behar ditu degradatzeko. Plastikoa ekoitzi eta epe luzera sortzen duen kutsadura jasatearen kostu erreala 3,7 bilioi dolarrekoa (3,12 bilioi euro) dela kalkulatu du WWF Munduko Natura Funtsak. Indiaren Barne Produktu Gordina (BPG) baino diru gehiago da hori. Gainera, deus egin ezean, 2040rako zenbaki hori hirukoiztu eginen dela aurreikusten dute, 7, 1 bilioi dolarrera iritsiz (6 bilioi euro). 2019an Alemania, Kanada eta Australiak, hirurek batera, pilatu zuten aberastasuna gaindituko luke zifra horrek. Urte horretan munduak osasunean gastatu zuen diruaren %85 izanen litzateke.

«Txosten honek frogatzen du gobernuak eta herritarrak, ohartu gabe, naturan eragin negatibo neurtezina eragiten ari den sistema bat laguntzen ari direla», baieztatu du WWF erakundeak. Petroliotik eratorritako produktu honen inguruan egiten den lehendabiziko mundu mailako ebaluazioa dela ere azpimarratu du.

Urtero 11 milioi tona itsasora

Marseilan egindako Naturaren Munduko Kongresuaren baitan aurkeztu zen ikerketa. Bertan jasotzen denez, urtero 11 milioi tona plastiko joaten dira itsasora, eta hemendik 2040ra, gaur egungo ekoizpen eta birziklapen eredua aldatu ezean, zenbaki hori hirukoiztu eginen da.

Bestalde, txostenean nabarmentzen denez, plastikoaren bizitza ziklo horrek guztiak, sortzen denetik itsas hondoan edo lur azpian bukatzen duen arte, 2040ko karbono isurpenen kontrako mundu mailako aurrekontuaren %20 hartuko du.

Krisi honi aurre egiteko, WWF erakundeak gobernuei dei egiten die plastikoak itsasoan sortzen duen kutsaduraren inguruko nazioarteko itun lotesle bat negoziatzen has daitezen.

119 herrialdek borondatea agertu dute jada eztabaida horiei ekiteko, eta bi milioi herritar eta 75 enpresa handi ere ados daude.

WWFk eskatutako analisian ziurtatzen denez, produktuaren benetako kostua, ez egitean soilik, baizik eta bere bizitza guztian, erabili gabeko plastikoa baino hamar aldiz handiagoa da. Tona bakoitzeko mila dolar ingurukoa. «Nazioarteko komunitateak konpromisoa hartu behar du hemendik 2030era itsasora plastiko gehiago ez joateko», nabarmendu du erakundeak.