NAIZ

‘Parkean euskaraz’ aisia proposamenari berriro ekingo diote Iruñerrian

2-6 adin tarteko haurrak dituzten familia euskaldunentzako, ‘Parkean euskaraz’ aisia proposamenari berriz ekingo diote Iruñerrian. Zabalik da izen-ematea auzo eta herri ezberdinetan familiarteko harremanak euskalduntzea helburu duen egitasmo honetarako, jolas eta tailerren bidez.

100 familiatik gorako matrikula eduki zuten azken maiatza-ekaineko saio arrakastatsuek. (GETTY)
100 familiatik gorako matrikula eduki zuten azken maiatza-ekaineko saio arrakastatsuek. (GETTY)

Txantrea, Arrotxapea, Iturrama, Arrosadia, Sarriguren, Alde Zaharra eta Antsoaingo familia euskaldunek aisian euskaraz funtzionatuko duen talde bat osatu ahalko dute jolasez ezberdinak baliatuta.

Egitasmoa 2-6 adin-tartean haurrak dituzten familiei zuzenduta dago eta, bultzatzaileek ohar batean azaldu dutenez, familiaka antolatuko da, haur bakoitzeko guraso, lagun edo senide euskaldun edo ia euskaldun baten parte-hartzea beharrezkoa izanda.

Talde bakoitzean, bi azpitalde banatuko dira, 2-3 urtekoak (haur eskoletako handiak eta HH-ko lehenengo urtekoak) eta 4, 5 eta 6 urtekoak (HH-ko bigarren eta hirugarren maila).

Antolatzaileen esanetan, «helburu ezberdinak daude, lehenengoa, heldu-haur, heldu-heldu, eta azken hauek eredua emanda, haurren arteko harremanen hizkuntza ohiturak euskaratzea. Bigarrena, euskara eskolatik kanpoko espazioekin identifikatzea eta gozagarri egitea aisiara eramanda. Hirugarrena, herriari edo auzoari lotutako bizilagun euskaldunen arteko taldeak sortzea. Eta azkena, euskaraz bizitzeko ahalduntzea sustatzea».

100 familiatik gorako matrikula eduki zuten azken maiatza-ekaineko saio arrakastatsuak antolatu eta gero, eta helburuetan eragina edukitzeko, 21/22 ikasturte osorako plangintza eta egutegia osatu dute urriaren hasieratik aurrera ia astero saio bat antolatuz.

Dindaia Fundazioak 24 jolas saio antolatuen kudeaketa egingo du. Horrela, antolatzaileek nabarmendu dute egitasmoak berrikuntza batzuk ere edukiko dituela eta Dindaiak antolatuko ez dituen saio autonomo eta dibertsifikatu batzuk ere eramango direla aurrera, hala nola gurasoek antolatutako tailer, txango edo liburu-trukaketak.

Sortzen, HE Gurasoak, tokiko euskara zerbitzu, tokiko eragile euskaltzale eta guraso elkarteek ere egitasmoaren zabalpenean hartuko dute parte. Bultzatzaileen arabera, «0-6 adin tartea oso berezia da umeen garapenean, orduan ezartzen baitira hainbat ikasketa-prozesuren oinarriak, hala nola, hizkuntzak ikasteko behar direnak. Gerora ere ikas daiteke, baina, adin honetan, transmisio multzo ezberdinetan edukitzen diren ikaspen eta esperientziek aurrerago euskaraz normaltasunez hitz egiteko oinarri sendoa finkatuko dute. Horregatik, euskara dibertigarri egin eta eskolatik haratago eraman nahi dugu, aisiara».

Kontzientziazio horretan eragiteko, egitasmoaren kartelarekin batera, komiki bat zabaldu dute, titulutzat ‘Nire umeak euskaraz egingo al du?’ duena eta «familiei galderari modu ilustratuan erantzuten lagunduko diena», azaldu dute.

Antolatzaileek diotenez, «Alde Zaharra eta Sarriguren batu zaizkigu. Talderik osatu ez duten auzo eta herritako interesatuei gurekin kontaktuan jartzeko deia zabaldu nahi diegu».

Eta gaineratu dutenez, «Sortzenek, 6 urtetik gorakoentzat, Euskara Kalera egitasmoa zabalduko du laster. Beste proiektu hau, iaz ikasturte bukaeran Hegoalde ikastolan hasi zen, eta aurten, bertan errepikatu eta auzo eta herri gehiagotara zabaldu nahi dute».

‘Parkean euskaraz’-eko auzo eta herri ezberdinetako talderen batean izena emateko, irailaren 23ra arte aukera egongo da. Horretarako, interesatuak, Dindaiaren web orrialdean sartu beharko dira.