NAIZ

Erlaitzako itsasbazterreko bideak itxita jarraituko du gutxienez urriaren bukaera arte

Iazko urrian gertatu zen lur jauzi baten ondotik hartu zuen erabakia Hendaia, Urruña eta Ziburuko auzapezekin batera Pirinio Atlantikoen prefetak, Eric Spitzek. Oraingoan Erlaitzako itsasbazterreko bideak gutxienez urriaren 31 arte itxita jarraitzea deliberatu du Estatuaren ordezkaritzak.

Erlaitzako bidea hartzeko debekua indarrean izan arren udatiarrak hurbildu dira paisaiaz gozatzera. (Guillaume FAUVEAU)
Erlaitzako bidea hartzeko debekua indarrean izan arren udatiarrak hurbildu dira paisaiaz gozatzera. (Guillaume FAUVEAU)

Erlaitzako itsasbazterreko bidea hiru hilabetez ixtea erabaki zuen Pirinio Atlantikoetako Prefeturak udaberri aldera. Hala, ekainaren 1etik agorrilaren 31ra itxita izan da urtean 270.000 bisitari errezibitzen dituen bidea.

Aste honetan, ordea, arriskuak bere horretan jarraitzen duenez, bidexka horietatik igarotzeko debekoa luzatu du Paueko erakundeak.

Prefeturako idazkari nagusia den Eddie Boutterak izenpetu duen aginduak zehazten duenez «itsasbazterreko xendra debekatua da oinezko zirkulazioarentzat urriaren 31ra arte, Ziburuko herriko irteeratik eta Hendaiako Haizabia eremuko bidegurutzeraino».

Prefeturak berriz ere aztertuko du egoera behin Arrisku, Ingurumen, Mugikortasun eta Egokipenerako Adituen eta Azterketen Zentroak (Cerema) 912 errepide departamentalaren berregokipen eta segurtasunari buruz egin behar duen txostena eskuratuko duenean.

Debekua egikaritzeko itxidurak ezarriak izan ziren uda hasieran bide sarreretan. Hala eta guztiz ere uda sasoian jendea harat honat ibili da Hendaiatik Zokoaraino doan ibilbidean zehar.

Hartara, ibiltariek kontuz egiteko panelek eta oharrek jasotzen dituzten mezuak argiak badira: «Kasu! Itsasbazterreko bidexka debekatua. Sartzekotan, arrisku guztiak zure gain».

Errepidea lanetan

Iazko urriaren 30ean gutxigatik ez zen istripu larria gertatu. Belharra olatua ikusteko jendea trumilka hurbildu zen itsasbazterrera. Handik ordu batzuetara itsas labarraren zati bat amildegiratu zen.

Gertaera horren ondotik adituengana jo zuen Prefeturak itsas labarraz gain ondoan igarotzen den errepidearen egonkortasuna neurtzeko.

Maiatzaren 11n Cerema erakundeak bere txostena aurkeztu zuen. Ikerketa horren arabera, Ziburutik Hendaiaraino hedatzen den itsasbazterrean hamar arrisku puntu zehatz badira. Horrendako udal agintariekin hitz egin ondoren Prefeturak Erlaitzako bidexkak udan zehar itxita atxikitzeko erabakia hartu zuen.

Uda osoan zehar errepidea ahal den eta gehien itsaslabarretik urruntzeko egunero milaka autok baliatzen duten bidean lanak burutu dituzte. Errepide horren etorkizuna da benetako koska.

2050. urterako beranduenez errepide hori itxita izanen dela erran dute behin eta berriro agintariek. Izan ere, autoen joan-jinak bertan behera utzi aitzin bide alternatiboa aurreikustea ezinbestekoa da.

Hain zuzen itsasbazterreko errepidea baliatzen duten autoak A63ra bideratzea litzateke konponbiderik errazena. Alta, Donibane Lohizune eta Hendaia artean bizi diren gidarientzat bidesaria doan uzteko prest da Vinci enpresa?

Eskualdeko erakundeek aspalditik mahai gainean jarri zuten proposamenak oraindik ere erantzunik ez du.