Linton Johnsonek lau partidu besterik ez zituen jokatu Baskonian 2007an izan zen. James Singleton estatubatuarra lesionatu ondotik iritsi zen Gasteizera. Ez zuen egin sekulako batez bestekorik lau partida haietan: 3,9 puntu eta 3,3 errebote, esaterako. Behin Singleton errekuperatu zenean, «agur eta zorte on» esan Zion Baskoniak Johnsoni. “Journeyman” moduan, urtero talde askotatik igarotzen zen jokalaria, beti motxila sorbaldan.
Baina Johnsonek – NBAko titulu baten jabeak, San Antonio Spursekin irabazitakoa– Italian bere “bigarren aberria” bilatu zuen, Avellinon eta Casertan batez ere. Denboraldi luzeak pasatu zituen Campaniako taldeetan, bost denboraldi hain zuzen ere. Are gehiago, Casertan ezkondu da bertako emakume batekin. Horregatik Italiako pasaportea ere lortu du estatubatuarrak.
Saskibaloia utzi eta beste bide bat hastea erabaki du Casertan bertan. Politikan lekua egin nahi du, alegia. Saskibaloi jokalari profesionala izan zen bitartean bere ezizena “Il presidente” izan zen. Oso tipo argia izateagatik nabarmentzen zuen, Italiako literatura eta museoak gustatzen zitzaizkion-eta.
“Il presiente” ezizenarekin bat eginik, Matteo Salviniren alde egongo da Johnson datorren urrian, Casertako alkaterako hauteskundeetan. Afroamerikarra da Johnson, eta Italia hegoaldean bizi da aspaldidanik: Lega Nord alderdia defendatuko eta honi, normalean, ez zaizkio gustazen ez migranteak ez Italiako hegoaldekoak, baina badirudi bardin zaiola.
Orain dela gutxi, Lega Nord-eko idazkari nagusi Salvinik selfie bat jarri zuen Twitterren –irudi nagusian ikusi daiteke– eta badaki benetan nor den pertsona hau, honako deskribapena jarri baitzuen: «Linton Johnson, NBAko txapelduna, Chicagon Phoenixen eta San Antonion jokatu zuen Italiara etorri aurretik. Varesen, Sassarin eta, batez ere, Casertan jokatu zuen».
Oggi capolista della lista leghista #PrimaCaserta, a sostegno del candidato sindaco del Centrodestra (e capogruppo della Lega in Regione Campania) Gianpiero Zinzi.
— Matteo Salvini (@matteosalvinimi) September 12, 2021
Grazie Linton, andiamo a vincere! 🏆
Argazkian, barrezka, Salvini musukoarekin eta Johnson musukorik gabe. Hau ere, kuriosoa. Amerikarra ez da alkategaia, baizik eta partidu txiki baten liderra, Prima Caserta eskuindar koalizioan. Baliteke, koalizio eskuindarrak irabazten badu, zinegotzi bat izango dela Johnson.
Salvini, ezagutzen dugun bezala, topera dabil Twitterren baina Johnsonek, aldiz, ez du ezer jarri bere sare sozialetan politikari dagokionez. Lotsatu egin ote da? Motibazio-diskurtsoak badaude, eta ariketa fisikoen bideo batzuk ere bai, edota NBAko argazki zaharrak. Oso ondo hitz egiten du Italieraz Lintonek, baina Matteo Salvini edo Lega Nord-en aipamenik ez dira agertzen. Hilabete bat falta da hauteskundeetarako, eta non dago kanpaina?