Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Alonso Ruizpalacios
‘Una película de policías’ filmaren zuzendaria

«Beharrezkoa bezain urjentea da Mexikon Polizia berritzea, eredua birpentsatzea»

Mexikoko Polizia du jomugan Alonso Ruizpalaciosen hirugarren lanak. Polizien testigantzak zuzenean pantailan entzungai jarri eta ustelkeriaren gaineko hausnarketa proposatu du egunerokoari, errutinari, fokua jarriz.

Alonso Ruizpalaciosi «fikzioaren eta dokumentalaren arteko jolasak» interes berezia pizten dio. Beste behin bi lurralde horien artean arakatu du zinemagile mexikarrak, esperimentazioari leku eginez Netflixen ekoizpena duen film honetan. «Dokumentalean beti dago manipulazio bat, fikzioa, eta era berean fikzioa lantzen duzunean ere beti dago errealitate zati bat».

Izenburutik bertatik polizien pelikula dela nabarmenduko digu zuzendariak. Baina ez ohikoa. Kontakizun osoa oso su geldoan kozinatua dago, erritmoa mantsoa da batetik. Ez dago krimen ikerketarik, ezta persekuziorik ere. Hitza da nagusi. Hausnarketa.

Horretaz galdetuta, zera dio Ruizpalaciosek –‘Gueros’ (2014) eta ‘Museo’ (2018)–. «Polizia filmaz ulertzen dugunarekin, buruan ditugun espektatibekin jolasten du. Era berean, aktoreek ikuslea gonbidatzen dute Poliziaz duten aurreiritzia deseraikitzera, 60-70. hamarkadako zinemagintzari loturik daudenak. Ironiaz egindako begirada da, polizien errealitatea garai hartako filmeetan erakutsi zenaren aldean beste zerbait dela nabarmenduz; begirada berri batekin begiratzera garamatza horrek».

«Beharrezkoa bezain urjentea da –nabarmendu du– Mexikon Polizia berritzea, eredua birpentsatzea, baina horretarako, ezer egin aurretik, ezagutu eta ulertu egin behar da. Eta hori da egin duguna».

Hasierako asmoa Poliziaren inpunitatea eta ustelkeria salatzea izan zuen. Baina beste bide bat hartu zuen. «Mexikoko sistema judizialaren inpunitate krisiaz eta korrupzioaz egitekoak ginen hasieran. Izan, ere, akademikoki interesgarria zen baina zinematografiari dagokionez, aspergarria. Poliziaren figura klabea dela ikusi genuen, bera baita herritarroi harrera egiten digun lehenengo leihatila».

Poliziei elkarrizketak egitetik hasi zen. «Ondoren editatu eta hori oinarri hartuta gidoia idatzi genuen. Bitartean, aktoreak Polizia Akademian zeuden, eta bakoitzak bere egunerokotasuna filmatzen zuen. Patrulla lanetan filmatu genituen segidan eta azkena fikzioaren zatia izan zen», kontatu du.

Ikusleak bi aktore nagusi ikusiko ditu filman, Mónica del Carmen (Teresa) eta Raúl Briones (Montoya), baina entzuten duena polizien testigantzak dira. Audioen gainean ezpainak mugitzen dituzte aktoreek.

«Konturatu ginen dokumental garbian ezingo genuela gauza asko islatu, hala nola korrupzio kateak, polizien eta goi agintarien tratuak... Ia ezinezkoa da hori irudietan jasotzea, oso instituzio opakua da. Hor sortu zen aktoreen ideia, baina polizia errealen ahotsak gorde nahi genituen».

Proposamen formal berritzailea egin du zuzendariak lan honetan. «Edukiak formaren gainean agintzea zen gure nahia. Bidean deskubrituz joan ginen», esan du. 

Apustua ondo atera zaio, Berlingo Zinema Jaialdiak ekarpen artistikoa saritu baitu.

Bi aktoreek ezinbesteko papera jokatu dutela nabarmendu du. «Ausardia handia erakutsi dute Poliziaren mundua sartzerakoan, filmaren zati klabea izan da». Harro agertu da: «Egin ditudan hiruren artean elkarlan handiena izan duena da».

Bi aktoreak

Raul Brionesen esanetan, «Polizia bezalako figura eztabaigarria ulertzeak» bultzatu zuen proiektu honi baiezkoa ematera. «Bere inguruan deuden sekretuak ezagutu eta batez ere pertsonez hitz egiteak, uniformeen atzean dauden gizaki horietaz», gaineratu du NAIZ-i eskainitako elkarrizketan.

«Eta noski, Alonsorekin lan egitea. Hain da irudimentsua, sozialki konprometitua… eta ezin ahaztu zinemagintzaren alorrean duen asmamena, ez bakarrik edukian, baita formari dagokionean ere», esan du.

«Oso erakargarria iruditu zitzaidan proiektua. Arteaz duen ikuspegia eta ikusleari eskaintzen diona betidanik iruditu zait oso zaila lortzen. Prozesuan parte hartzea irudikatu nezakeen baina nire espektatibak gainditu zituen», kontatu du Monicak del Carmenek.
 
Pertsonaien sorkuntzaren zati garrantzitsua izan zen Monicak eta biak –Mexiko hiru Polizia Akademiatan guztira– ezkutupean egin zuten hilabeteko egonaldia. Brionesek ez du ezkutatzen sentitu zuen beldurra: «Generoen rola, maskulinitatea, testosterona, indarra… hori dena dago atzean eta nire gorpuzker ez dator presezki bat horrekin, eta beldur handia ematen zidan Polizia Akademia batean sartzeak, poliziek ni aktorea nintzela jakin gabe. Inozoa, baldarra, biolento.. bezala irudikatu dira Mexikoko poliziak zineman eta oso erakargarria egiten zitzaidan. Baita artista eta gure jendarteko partaide bezala hain konplexua den gai batetaz hitz egitea ere. Gauza asko ziren aldi berean».

Del Carmenek, ondotik, sentitu zuen urduritasuna eta ikara aipatu ditu. «Poliziak Mexikon izua eragiten duten erpinak ditu eta ni naizen guztia proiektuaren esku jartzeko beharra sentitu nuen. Nire etniar jatorria, hezkuntzari dagozkion kontuak, nire aurrejuzkuak… denak jokoan jarri nituen».

Akademia desberdinetan bizitako esperientziaz zera dio: «Bertan zegoen pertsona bakoitzak zuen bere nortasuna, bere pentsamoldea… eta gai abstraktua izateari utzi zion».

Antzerkian trebatuak dira bi aktoreak eta hori lagungarria gertatu zaie ‘Una película de policías’ lanean. «Formakuntza sendoa daukagu biok, fikzioa ulertu eta egituratzeko orduan oso modu konprometituan. Zentzu horretan, zuzendariarekin hizkuntza bera hitz egin dugu», kontatu du.

Del Carmenen iritzian «poliziekin izandako elkarbizitzatik jaso genuena, aktore-erramintak baino giza-erramintak izan ziren. Eta ez genien huts egin nahi eurei, ez genituen engainatu nahi. Haiek emandakoari guk ere erantzun egin nahi genion».

Aitortu du uneren batean ondoan zituzten poliziek aktore zirenaren susmoren bat izan zutela. «Eta horren aurrean nola jokatu erabaki behar zenuen. Gure erronkarik handiena han geunden bitartean inoren arretarik deitu gabe zuzendariaren eskakizuna betetzea izan zen». Bete behar horien artean egunerokoa idaztea zegoen, bertan egunez egueko esperientziak islatuz.

Filmaren proiektua, denera, hiru hilabetez luzatu zen. Egindako bideaz eta bizitako esperientziaz hausnarketa eskatuta, hau dio Brionesek: «Gure Polizia osasuntsua izan dadin hiritar bezala enpatia handiagoa erakutsi beharrean gaude. Merezi dugun Polizia daukagu. Gehiegikeriari eta biolentziari ezin zaio inolaz ere lekurik egin bere jardueran, noski, baina Mexikon hiritarrok ere gure jarrera aztertu beharra daukagu. Izan ere, ‘lizentzia’ txikiak onartzen dizkiogu gure buruari ezarritako legeen eta arauen inguruan. Ni ez naiz ibili krimenak egiten orain arte, baina orain jarrera arduratsuagoa daukat hiritar bezala eta Poliziarekin aurrez aurre nagoenean ez da izango hain hostil eta abusua nabariago geratuko da, ez diot aitzakiarik emango niri dirua eskatzeko nire ‘legehauste‘ txikiaren aurrrean beste aldera begira dezaten».

Del Carmenen esanetan, «filmak ez du konponbiderik agertzen Poliziaren ustelkeriaren eta Estatu krimenen aurrean. Hizketarako gaiak eskaintzen ditu. Polizia ente konplexua da, kasurik gehienetan ez dute lanbidea bokazioz aukeratu, beharrak bultzatuta baizik. Filma egin ondoren garbi daukat beharrezkoa dela Poliziaz hitz egitea eta aldaketak bultzatzea».