Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

‘Gau Hura’ dokumentala saio bikoitzarekin eta 450 ikuslerekin aurkeztu dute Altsasun

Amets Arzallusek eta Marc Parramonek ‘Altsasu auzia’-ren jarraipena egin dute 2017tik. Maiatzean Bartzelonan proiektatu ostean, ‘Altsasu: Gau Hura’ dokumentalaren aurrestreinaldia egin dute Euskal Herrian, Altsasun, hain zuzen. Larunbatean, Iortia Kultur Gunean, 450 pertsona inguru bertaratu ziren.

Amets Arzallus eta Bel Pozueta ‘Gau Hura’ dokumentalaren aurrestreinaldian. (@Altsasugurasoak)
Amets Arzallus eta Bel Pozueta ‘Gau Hura’ dokumentalaren aurrestreinaldian. (@Altsasugurasoak)

Iritsi da ‘Altsasu: Gau Hura’ dokumentala herri horretan ikusteko aukera. Larunbatean izan zen, saio bikoitzean. Amets Arzallusek Aitor Agirrezabalen lan honetan gogoratzen duenez, 2016ko urriaren 15eko goizaldeaz geroztik, lanean ez ziren bi guardia zibilen eta Altsasuko zenbait gazteren arteko liskarraren ondotik, hamabi gazteren, haien familien eta herri oso baten bizitza aldatu egin zen, Fiskaltzak eskatutako zigorren eta komunikabideen jazarpenaren ondorioz.

Albistearen berri izan ondoren, Hendaiako kazetari eta bertsolariak eta Marc Parramon dokumental egileak Sakanako herri txiki horretara bidaiatzea erabaki zuten. 2017az geroztik, dokumental horrek istorio honetako protagonistak lagundu ditu, epaiketaren eta espetxeratzearen prozesuak iraun duten hiru urte baino gehiagotan.

‘Altsasu: Gau Hura’ maiatzaren 22an estreinatu zen Docs Barcelona jaialdian, eta larunbat honetan Altsasuko Iortia Kultur Etxeak aurrestreinaldi berri bat hartu zuen. «Bi pase izan ziren, bat 17.00etan eta beste bat 19.30ean. Biak bete egin ziren eta 225 lagun inguru elkartu ziren bakoitzean», azaldu dio NAIZi Aritz Leozek, Altsasukoak Aske plataformako aurpegi ezagunak.

Marc Parramonek ezin izan zuen joan, eta Amets Arzallusek berak egin zuen sarrera moduko bat dokumentala hasi baino lehen, proiektua nondik zetorren azaldu eta Euskal Herrian «aurrestreinaldi familiarrago» bat egin nahi zutela nabarmentzeko. «Azkenean hemen sortu da historia, eta hemen proiektatzea zen ilusioetako bat», gaineratu du Leozek.

Azpimarratu duenez, jendea «hunkituta» atera zen. «Nahiz eta gertatutakoa ezagutu, gerturatutakoek historia beste ikuspegi berri batetik landu dela sentitu dute. Jendeari gustatu zaio nola tratatu den auzia alde gizatiar horretatik, eta oso modu dinamikoan».

Dokumentala bukatzean, Amets Arzallus, Bel Pozueta eta Aritz Leoz bera oholtzara igo ziren: «Belek eta nik aipatu genuen asko eskertzen genuela jasotako elkartasuna. Gure ustez, horrelako dokumentalek balio dute hemen gertatutakoa etorkizunean kontatzeko, memoria eta errelatoraren garai hauetan hau oso garrantzitsutzat hartzen dugu dokumentala. Hunkituta geuden».

Auzipetuetako bat, Iñaki Abad, Altsasuko dokumentalaren estreinaldian ere izan zen. Irudian, Arzallus, Pozueta eta Leozekin batera. (@Altsasugurasoak)

Ildo horretan, Altsasukoak Aske eta Altsasu Gurasoak plataformek Alex Parramonek eta Amets Arzallusek egindako lana eskertu nahi izan dute. «Zorte handia izan da hasieratik beraiekin egotea», nabarmendu du Leozek.

Altsasu eta gero, zer?

Joan den maiatzaren 22an, Docs Barcelona jaialdian estreinatu zen dokumentala, larunbatez eta jaialdiko areto handienean. Leozek proiektzioa amaitzean jaso zuten txalo zaparrada handia nabarmendu du: «Bertako zuzendariak esan zuen ez zuela inoiz horrelako harrerarik ikusi».

Oraingoz, Bartzelona eta Altsasu izan dira dokumentala proiektatu duten bi leku bakarrak, eta Iortian atzo antolatu zen solasaldian egin ziren galdera asko ildo horretatik zihoazen: Euskal Herrian noiz?

Euskal Herriko eta Kataluniako mugez harago zabaltzeko helburuarekin, momentuz nazioarteko jaialdietan proiektatzeko asmoa dute. «Seguru Euskal Herrira berriz iritsiko dela etorkizunean, gure ilusioa izango litzateke leku guztietara zabaltzea. Beste etapa batean hainbat herri eta hirietan proiektatu nahi dugu», dio Leozek.