Biarritzeko Errepublikaren etorbideko 20 zenbakiaren sotoan egokituta dagoen apartamentu bat okupatu du astearte goiz honetan Alda mugimenduko kideek, eta ostiralera arte bertan gelditzeko asmoa agertu dute. Pisua Airbnb plataformaren bidez alokatzen da, eta hori dagozkion legeak errespetatu gabe egiten ari dela salatu dute, eta egungo Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren egoeraren adibide gisara hautatu dute.
Manifestazioa deitu dute hainbat eragilek azaroaren 20an Baionan ‘Etxebizitza defenda dezagun!’ lelopean.
Goizeko 10:00etan Alda mugimenduko kideek egindako deialdi konfidentzial bati erantzunez, prentsa Gare du Midi antzokiaren parean bildu da. Hamarnaka militante segituta Errepublika etorbideko 20. zenbakira heldu dira, bertan ekintzaileek sotoko apartamentua okupatu dute, kanpoan ‘Hemen airbnbk legea nahita hausten du. Etxebizitzak herriarentzat!’ dioen pankarta jarri dutelarik.
Okupatutako etxeak hainbat lege ez ditu betetzen, horregatik izan da egoeraren adierazgarri gisara aukeratua izan.
Urte osorako alokairua eskaintzen duten etxebizitza geroz eta gutxiago daude Ipar Euskal Herrian eta, aldiz, turistei zuzendutakoen kopurua etengabe handitzen ari da. Era berean, azken hauen bi herenak legez kanpoko egoeran daudela kalkulatu dute.
Bi alokairu moten arteko transizioa kasu anitzetan deklaratu gabe egiten dela jakinarazi dute Aldako kideek, ondorioz horri dagozkion zergak ez direla ordaintzen. Aldi berean etxebizitzaren alokairuaren iragarkian ez dute erregistro zenbakia jartzen, hori ere legez kanpokoa izanik.
Pariseko adibidea
Parisen ere etxebizitzaren egoera larria denez, Herriko Etxeak horri aurre egiteko baliatu zuen bidea proposatu diete erakundeei Aldatik. Alokairu turistikoetarako plataformetan erregistro zenbakia ez agertzeagatik 8.000 euroko isuna jarri ahal izatea lortu dute epaitegietan.
Egun Biarritzen etxebizitza gehiago daude biztanleak baino, hala ere bertako jendeak alokatzeko etxerik ez duela aurkitzen salatu du @Alda_EH-k orain egiten ari den ekintzan. Rbnb-k ilegalki alokatzen duen etxe bat okupatu dute @naiz_info pic.twitter.com/Se9G9jInHV
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) September 21, 2021
Mugimenduak Ipar Euskal Herrian 10.000 alokairu iragarkik erregistro zenbakirik gabe eginda daudela kalkulatu du, eta Parisen hartutako epaia aplikatuko balitz, 80 milioi euro lortuko liratekeela baieztatu dute, hau da 500 etxebizitza sozial egiteko beste.
Airbnb plataformarentzat Paris da mundu mailan merkatu handiena duena, baina Herriko Etxearen erabakiaren ondoren egoera aldatzen ari da, eta plataforma beste gune turistikoetan indarra jartzen ari dela jakinarazi dute Aldatik, Ipar Euskal Herrian besteak beste.
Iparraldeko hiru lurraldeak hirugarren gune turistiko bisitatuena dira Estatu frantsesean. Duela gutxi, beste ekintza baten bitartez enpresak Biarritzen ezarritako publitatearen kontra jo zuten.
Konponbideak
Egoera salatzearekin batera proposamenak ere egin ohi dituzte Aldatik. Astearte honetako ekintzan alokairu turistikoen zaintza egitea, eta legez kanpoko egoerak ekonomikoki zigortzea galdatu diete erakunde publikoei.
Bestalde, ekainaren 7an Euskal Elkargoak Urruñan duen egoitzan, beste ekintza bat egin zuten, erakundeari zuzenean zuzenduz, eta orduan konpentsazio politika ezartzea eskatu zieten. Bide hori beste hiri batzuetan aplikatzen hasi da, eta emaitza onak ematen ari dela baieztatu zuten.
Biarritz hiri turistikoa
Okupazioa egiteko Biarritz hautatu du mugimenduak, egoera horren adierazgarri nagusietakoa baita. «Etxebizitza gehiago daude pertsonak baino, hori dela eta bertan bizitzeko arazorik ez legokela egon behar, baina ez da horrela» salatu du Ainize Butron mugimenduko kideak. Azken urteotan urte osorako alokatuak ziren etxe anitz orain alokairu turistikoa izatera pasa dira.
Kostaldeko hirian irailean agentzia guztietan zeuden proposamenak zenbatu zituzten mugimenduko kideek, 6.600 turistikoak ziren, eta urte osoan zehar alokatzekoak, 1583 besterik ez.
Okupazioan parte hartu
Ostiralera arte jendea bertaratzeko deia egin dute militanteek, bai okupazioan parte hartzeko, baita egungo egoeraren berri izateko ere. Xede horrekin aperitifa antolatu dute astearte honetan, 18.30ean.
Ostiralera arte Biarritzen etxea okupatu du @Alda_EH-k. Jendea deitzen dut bertaratzera okupazioan parte hartzeko ado egungo etxebizitza merkatuaren egoera ezagutzeko. Aperitifa eginen dute 18:30etan Mazon parkean @naiz_info pic.twitter.com/YHajCck1sq
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) September 21, 2021
Hau guztia salatzeko manifestazioa egingo dute Baionan azaroaren 20an, arratsaldeko 15.00etan. ‘Etxebizitza defenda dezagun!’ lelopean egingo dute Aldak elkarte, mugimendu eta erakunde ezberdinekin batera deitu duen mobilizazioa.