Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevue
Alex Aginagalde
«Pantailak Euskaraz» mugimenduaren bozeramailea

«Estrategikoa da nazioarteko ikus-entzunezko eduki arrakastatsuenak euskarara ekartzea»

Pantailei begira bizi gara. Pantailetan hazten eta hezten ari dira belaunaldi gazteenak. Eta askotariko pantaila horietan, apenas dagoen euskararik. Euskarak luzera arnasari eutsiko al dio pantailarik gabe?

Alex Aginagalde. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Alex Aginagalde. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Beren seme-alaben hizkuntza ohiturekin kezkatuta zegoen guraso talde batek abiatu zuen «Disney Plus Euskaraz» ekimena. Kezka bera partekatzen duten euskalgintzako eta ikus-entzunezko eragile desberdinak elkartu eta «Pantailak Euskaraz» ekimenaren baitan batu dituzte indarrak.

Zein da «Pantailak Euskaraz» ekimenaren jatorria?

Joan den Euskaraldiaren bueltan ikastolako eta auzoko guraso batzuek (Donostia) aipatu genuen nola lortu zuten Disney Plus plataforma katalanez jartzea. Pentsatu genuen akaso hemen ere sinadura bilketa kanpaina bat egin genezakeela Disney Plus plataforma euskaraz jartzeko eskatuz. Azkenean kezkatuta gaude, guraso euskaldunak izan arren eta txikiak direnean gu bideratzen saiatu arren, jendartean nagusi dira nazioarteko makroekoiztetxe horiek egiten dituzten superprodukzioak. Dendetan, iragarkietan, jostailuetan… toki guztietan topatzen dituzu ekoizpen horietako pertsonaiak: Nemo, Frozen, Star Wars… Guraso euskaldunak edo hizkuntzarekin kontzientzia dutenak aisialdia euskaraz bideratzen saiatu arren, ikus-entzunezkoen eduki arrakastatsuenak euskaraz ez daudela ikusita, zerbait egin beharra ikusi genuen.

Eta ikus-entzunezkoek gero eta oihartzun eta pisu handiagoa dute.

Plataformen aroa iritsi da eta azken hamarkadan erabat aldatu da ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modua. 90ean lau telebista kate zeuden eta marrazki bizidunak batez ere ETB1n. CIESen datuen arabera, garai hartan EAEko haurren %70ek ETB1eko marrazkiak ikusten zituzten, pentsa. Gaur egun, ETB3k %0,3ko pantaila kuota du, 50 telebista kate daude eta, gainera, jendeak ez du telebista apenas ikusten eta plataformak gero eta gehiago. Euskaldunon erdiek badugu ordainketa bidezko plataformaren bat etxean eta plataforma horietan euskara ez da existitzen. Horri gehitu behar zaio zineman ere euskararen presentzia oso eskasa dela, urtean hamar bat film bikoizten dira Jaurlaritzaren programa baten bidez, baina ekoiztetxeentzat borondatezko zerbait denez, ez dute inoiz lortzen Pixar, Marvel, Disney… ekoiztetxe handiek nazioarteko film arrakastatsuak euskaraz ematea. Beti bigarren mailako filmak izaten dira. Hori guztia ikusita sinadura kanpaina bat martxan jartzea erabaki genuen. Bertan erakundeei eskatu genien Disney Plusekin harremanetan jartzeko, egoera azaltzeko eta filmak euskaraz emateko eskatzeko. Hor aipatzen genuen hemengo ekoiztetxeei haur eta gazteei zuzendutako filmak euskaraz ere estreinatu behar direla eskatzen zaien moduan –bestela ezin dute dirulaguntzarik jaso–, kanpoko ekoiztetxeei ere betebehar hori jartzea. Hau da, haur eta gazteen filmak hemen estreinatu ahal izateko derrigorrezkoa izatea euskarazko bertsio bat izatea. Hori izan zen jatorria, Disney Plus euskaraz ekimena, bospasei gurasok bultzatua.

Eta zuen eskaera, ahoz gora egindako aldarrikapena, dezente zabaldu zen.

Bai, segituan bildu genituen 5.000 sinadura baino gehiago eta oihartzun dezente izan zuen. Erakundeei gutun ofiziala bidali genien eta hortik iritsi zitzaigun Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean gure ekimena aurkezteko proposamena. Otsailean egin genuen. Hortik egun batzuetara, Bizkaian euskaltzale talde batek Netflix Euskaraz herri ekimena sortu zuen. Horrek ere oihartzuna izan zuen eta hilabete pare batean 10.000 sinadura bildu zituen. Apirilean agerraldi jendetsu bat egin zuten, dagoeneko euskalgintzako eta ikus-entzunezkoen munduko eragile askoren babesarekin. Eta hor mahai gainean jarri zen ikus-entzunezkoen sektorean euskararena streaming plataformetatik haratago doan arazoa dela.

Hausnarketa baten ondoren, erabaki genuen indarrak batu eta Pantailak Euskaraz mugimendua sortzea. Mugimendu hori osatzen dugu Disney Euskaraz eta Netflix Euskaraz herri ekimenek, Tinko Euskara Elkarteak –zinematan euskara sustatzen 25 urte daramatza–, BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak –duela hiru sortu zen euskarazko bikoizketen eta bikoiztaileen egoera larria salatzeko–, Zinemak Euskaraz ekimenak eta Game Erauntsia Elkarteak –bideo jokoen munduan euskara sustatzeko sortua–.

Arazoa orokorra da. Egunean ordu asko ematen ditugu pantailei begira eta pantaila horietan apenas ageri den euskararik.

Guk uste dugu euskararen etorkizunerako beharrezkoa dela nazioartean arrakastatsuenak diren ikus-entzunezko edukiak euskaraz ere egotea. Hortik aurrera bakoitzak erabakiko du zer ikusi nahi duen, nola hezi nahi dituen seme-alabak, Disneyko filmak jarri nahi dizkion edo ez… Testuinguru euskaldunetan, herri euskaldunetan edota hizkuntzarekiko kontzientzia dugun gurasoek saiakera egin dezakegun arren, errealitatea da Euskal Herriaren gehiengoa ez dela euskalduna eta ez daukala kontzientziarik edo kezkarik euskararen etorkizunaren inguruan. Errealitatea da seme-alabei nahi dutena ikusten uzten zaiela, dagoena ikusten dutela eta dagoen hori %99,9an euskara ez den beste hizkuntza batean dagoela. Dagoen hori euskaraz ere izatea garrantzitsua da.

Dagoena eta erakargarria begitantzen zaiguna. Garrantzitsua da ikus-entzunezkoen mundu bizi horretan euskara ere erakargarria izatea, ezta?

Badira hainbat ikerketa soziolinguistiko frogatzen dutenak aisialdiko esperientziek, esperientzia dibertigarriek batez ere, erabateko eragina dutela hizkuntza ohituretan. Zure aisialdiko erreferente guztiak erdaldunak baldin badira, nekez aukeratuko duzu gero euskara zure hizkuntza bezala. Garrantzitsua da erreferente horiek ere euskaraz egin dezatela.

Haur eta nerabe euskaldun asko erdaraz aritzen dira sare sozialetan eta streaming plataformetan. Horren zergatiaz galdetuta, erantzuna: «Hor denek egiten dute erdaraz».

Guk babesten dugun kanpainetako bat #3000Twitz izenekoa da. Zuzeneko saioak egiteko kanala da, hasiera batean bideo-jokoen munduan hasi zena eta gaur egun zabalkunde handia daukana, kirol emanaldietan adibidez. Milioika pertsona daude twichlariak jarraitzen egunero. Euskal twichlari batzuk hasi ziren kanpaina hori sustatzen, plataforma hori euskaraz ere egon dadin. Katalanek lortu zuten sinadura bilketa baten bidez Twich plataforma katalanez ere egotea eta bide horretatik doa Euskal Herriko kanpaina. Game Erauntsiak ere babesten du kanpaina hori eta orain baita Pantailak Euskaraz-ek ere. Mundu berri horretan euskarak tokia egitea oso garrantzitsua da.

Ozeano handi horretan euskara arrain txiki eta ahula da eta dena dauka egiteko.

Oso atzeratuta gaude. Duela 10-20 urte ez zen ikuspegi estrategikorik egon, ez zen ikusi zer zetorren. Telebista digitala iritsi zenean pentsatu zen ETB3 sortzearekin nahikoa zela. Lehen, lautik bat ginen telebista euskaraz ikusten genuenak eta pentsa orain, berrogeita hamarretik bi izanda, kontentu.

Herritik eta ikus-entzunezkoen sektoretik sortutako ekimenez ari gara. Eta legeak? Erakundeak?

Datorren urtean 40 urte beteko dituen Euskararen Legeak esaten du Jaurlaritzak neurriak hartu behar dituela harian-harian ikus-entzunezkoetan hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna lortu arte, zineman eta beste alor batzuetan. 1982ko lege bati buruz ari gara. Gaur egun zinemetan eskaintzen den ekoizpenaren %1 eskaintzen da euskaraz. Legea ez da betetzen eta ez da saiakerarik egin betetzeko. Hori erabat salagarria da.

Guk uste dugu euskal ikus-entzunezkoen lege bat behar dela hau guztia arautzeko. Lehen euskal zinemaren lege bat eskatzen zen, baina akaso orain begirada zabaldu behar da zinemak gain behera daudelako eta film asko streaming plataformetan estreinatzen direlako. Ikus-entzunezkoen esparrua bere orokortasunean arautu behar da.

Orain Estatu espainol mailan tramitatzen ari dira ikus-entzunezko lege orokorra, 2018ko Europako zuzentarau bat aplikatzera datorrena. Lege horrek dio, besteak beste, streaming plataformek beren edukien %30 europar edukiei eskaini behar dietela. Eta Estatuko legeak dio horren erdia, %15, espainiar Estatuko edukiei eskaini behar dietela plataformen katalogoek. Guk aldarrikatzen dugu –Kontseiluak bide horretatik zuzenketa bat egin zuen katalanekin eta galegoekin adostuta– %15 horren erdia izan dadila gaztelera ez den hizkuntzetan. Espainiako ikus-entzunezkoen lege orokorraren zirriborroak ez du ezer esaten horri buruz. Guk uste dugu garrantzitsua dela gutxiengo bat finkatzea. Gero, lege orokor hori erkidego bakoitzak garatu dezake eta uste dugu funtsezkoa izango dela euskal ikus-entzunezkoen legeak sortzea EAEn eta Nafarroan eta baita Ipar Euskal Herrian ere dituzten eskumenen baitan. Funtsezkoa izango da ahal dena arautzea.

Berez legeak eskaintzen ditu bideak ikus-entzunezkoen arloan euskarak pisu handiagoa izan dezan, baina erakundeetatik ez dira erabiltzen tresna horiek ezta?

Berez 82ko Euskararen Legeak dio esparru horiek guztiak –zinema, ikus-entzunezkoak, telebista...– arautuko dituzten legeek euskarari buruzko kapitulu bat izan beharko dutela hizkuntza eskubideak bermatze aldera. Zer gertatu da? Lege horiek ez direla egin. Eta Estatu mailan ere badaude eskumenak gauzak arautu ahal izateko.

Lakuako Gobernuak ikus-entzunezko euskal kontseilua sortzeko legea tramitatzeari ezetza eman dio.

Oso albiste txarra da eztabaidatzera ere ez iristea. Europako herrialde aurreratu guztiek daukate ikus-entzunezko kontseilu bat; Estatu espainiarren Kataluniak, Andaluziak eta Valentziak –onartu berri du– badaukate ikus-entzunezko kontseilu bat. Hizkuntzatik haratago doaz, ikus-entzunezko jarduera osoa gainbegiratzen dute, publizitatearen eta haurren inguruko araudiak, informaziorako eskubidea, gardentasuna… Guk pentsatzen dugu euskal ikus-entzunezko kontseilua tresna oso eraginkorra izango litzatekeela hizkuntzaren gaia ere arautzeko.

Katalunian, esate baterako, orain tramitatzen ari diren Estatuko ikus-entzunezko legeari zuzenketa egin zion Kataluniako ikus-entzunezko kontseiluak. Hau da, adituz osatutako talde batek legea hartu, goitik behera aztertu eta katalanaren erabilera legez bermatu behar dela-eta zuzenketa aurkeztu zuten. Hemen ez dago euskal ikus-entzunezko kontseilurik eta badirudi ez dela egongo, eztabaidatu ere ez dutelako egin nahi. Guk garbi daukagu horrelako erakunde bat beharrezkoa dela, noiz eta ikus-entzunezkoen mundua gero eta handiagoa eta anitzagoa denean, ez da bakarrik telebista.

Borondate politikoak parte handia dauka, ezta?

Zalantzarik gabe. Baliabideak egon badaude, kontua da non jartzen den indarra. Adibidez, datu bat emateko; “Conquis” programaren denboraldi batek 1.500.000 euroko aurrekontua dauka. “Frozen” katalanera bikoizteak eta zinemetan banatzeko eskubideak ordaintzeak 80.000 euroko kostua izan zuen Generalitatearentzat. Pentsa “Frozen” katalanez eskaintzeak zer-nolako garrantzia daukan hizkuntzarentzat. Euskaraz balitz, gure parkeetako haurrak “Frozen” euskaraz abesten entzungo genituzkeen eta ez gazteleraz, orain egiten duten bezala. Estrategikoa da. Edukiak gustatu edo ez, iritsi egiten dira eta nazioarteko eduki arrakastatsuenak euskaraz ere egon behar dira.

Euskarak toki guztietan egon behar du, ezta? Pantailen aro honetan ez litzateke ikuskera hori galdu behar.

Hori da eta falta izan da azken hamarkadan irakurketa hori egitea. Beste batzuek egin zuten eta berriro katalanak aipatu behar ditut. Haiek badaukate Filmin.cat plataforma, katalanezko edukiak bakarrik eskaintzen dituena; 3.500 film eta telesail atal baino gehiago, denak katalanez sortuak edo katalanera bikoiztuak. Hor dago ikuspegi estrategikoa. Legedia eta babes handia izanda ere eta egoera gurea baino askoz hobea izanda ere, hizkuntzaren aldeko borroka etengabekoa da han. Pentsa, Katalunian Ser Irratia katalanez da. Hemen, TVEk astean minutu bat eskaintzen dio euskarari. Galizian, adibidez, sekulako kanpaina egin dute eta lortu dute Galiziako albistegia galegoz izatea TVEn. Hemen badirudi horrelako gauzak lortu ezinak dira, ez dagoela behar besteko babesik… eta egon badago. Euskararen Legeak berak dio telebista eta irrati publikoetan euskararen presentzia bermatuko dela.

Aspaldi ez genuen ikusi telebista publikoan euskarara bikoiztutako telesailik. ETB1n Norvegiako telesail bat estreinatu dute.

Euskal Telebista zazpi urtez egon da atzerriko film edo telesail bakar bat bera ere euskarara bikoiztu gabe. Hori hizkuntza propioa duen herrialde batean erabat ezohikoa da, ez dakit beste kasurik ba ote den munduan. Orain estreinatu dute bat, pausotxo bat da. Bernardo Atxagak berak duela hogeita hamar urte esan zuen euskararen etorkizunarentzat itzulpena estrategikoa zela, nazioarteko liburu arrakastatsuenak euskarara itzulita euskara erakargarri egiten duzula. Paradoxa hori orain pantailen munduan, ikus-entzunezkoen munduan, aplikatu daiteke. Guk uste dugu euskararen etorkizunarentzat estrategikoa dela nazioarteko ikus-entzunezko eduki arrakastatsuenak euskarara bikoiztu edo azpidaztea. Horrela euskara erakargarria egiten da.

Ikuspegi estrategikoa eta euskararen etorkizunarekiko ardura behar dira.

Zalantzarik gabe. Duela gutxi emandako datuak esanguratsuak dira. Ikusi denez, egungo D eredua ere ez da nahikoa ikasleak euskalduntzeko, hezkuntza eredua aldatu beharko da, baina aisialdiak erabateko lotura dauka hizkuntzaren jabekuntzaren inguruan. Eta egungo aisialdia pantailei erabat lotuta dago.

Pandemiak areagotu egin du lehendik zetorren joera. Pantailen iraultza izugarria da.

Europako azken ikerketek diote egunean 11 ordu ematen ditugula pantailen aurrean. Nerabeen kasuan, 12-17 urte bitarteko haur eta nerabeek egunean lau ordu ematen dituzte pantailen aurrean ikasketa orduetatik kanpo. Kalkulatzen denez, egunean lau ordu telebistaren aurrean, bi ordu streaming plataformak kontsumitzen, hiru ordu Interneten eta bi ordu sare sozialetan pasatzen ditugu. Ikusita aisialdiaren denborarik gehiena pantailei begira pasatzen dugula eta pantaila horietan ez dagoela euskararik…

Zer asmo dituzue aurrera begira?

Gure asmoa da hemendik eta abenduaren 3ra bitarte sinadurak biltzen jarraitzea. Era berean, laguntzaile sarea osatzen ari gara; laguntzaileei eskatzen zaien konpromiso bakarra gure edukiak zabaltzea da. Beste alde batetik, ikus-entzunezko eta euskalgintzako eragile nagusiekin eztabaidan ari gara ikus-entzunezkoetan euskararen aldeko manifestu bat osatzeko, neurri zehatzak proposatuko dituena egoera aldatzeko. Erakundeei dei bat egin nahi diegu, egoera aldatzeko zer egin daitekeen proposatu eta hori egingarria dela adierazi nahi diegu.

Izan duzue harremanik erakundeekin?

Oraingoz ez, baina badakigu egoera aldatzeko beharrezkoa dela erakundeen parte-hartzea. Gure nahia bada erakundeekin bildu eta gaiaren garrantzia eta estrategikotasuna mahai gainean jartzea.

Eta bitartean gure haurrak eta nerabeak euskaraz egiten ez duten pantailei begira.

Bai, dagoeneko bada galdutako belaunaldi bat. Azken bost urteetan pantailei begira hazi eta hezi diren haurrek gazteleraz, frantsesez eta ingelesez egin dute. Horiek galdutako belaunaldi bat dira euskararentzat, zaila izango baita dena erdaraz jaso dutenek euskaraz bizitzeko hautua egitea gero. Zaila izango da, baina saiatu beharko dugu haien gaztaroan eta helduaroan euskara erakargarria egiten. Galdutako belaunaldi bat izan daiteke.

 

ALDARRIKAPEN TAULA

1. Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea

2. EITB indartzea eta euskararen normalkuntzarako tresna bihurtzea

3. Euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea

4. Streaming plataformetan euskararen presentzia legez bermatzea

5. Zinemaren lege propioak sortzea

6. Bideo jokoetan eta sortzaile plataformetan, euskararen presentzia bermatu eta sustatzea

7. Ikus-entzunezkoen lege propioak sortzea

8. Ikus-entzunezkoen kontseilu propioa sortzea, lurralde administrazio bakoitzean

9. Espainiar eta frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea

10. Koordinazio organoa sortzea, hiru lurralde administrazioetako ordezkariz osatua