Parisko Auzitegi Korrekzionalak Igor Uriarte Lopez de Bikuña Ipar Euskal Herrian bizi daitekeela erabaki ondoren garaian ezarri zioten lurralde debekua indarrean ez den heinean gasteiztarra ez zigortzea erabaki du gaur arratsaldean Baionako epaitegiak.
Iazko urrian egin zioten auzian errundun jo bazuten ere epaileak urte bateko epea eman zion Urruñan bizi den preso ohiari bere egoera administratiboa normalizatzeko.
Pariseko Auzitegi Korrekzionalak frantses Estatuan egoteko debekua indargabetu ondoren Baionako epaileak Uriarteren defentsak zigorra ez ezartzeko eginiko eskaera ontzat eman du.
Pozik hartu du Maritxu Paulus Basurkok epaileak harturiko erabakia. Parisen lortu zen ebazpena aurrekaria sor zezakeen baloratu zuen bere garaian abokatuak. Bere erranetan gaur asteartean Baionako auzitegiak harturiko erabakiaren bidez «auzia hesten da eta Igor Uriartek ahalko du bere bizitzarekin jarraitu».
Parisko Zigor Epaitegiak joan zen maiatzean erabaki zuen Igor Uriarteri ezarri zioten lurralde debekua bertan behera uztea.
Lehen aldia zen euskal preso ohi bati frantses estatuan egoteko emandako debekua kendu ziotela. Are, Fiskaltza antiterroristak bere onespena eman zion aurrekari gisa balio dezakeen aipaturiko erabakiari.
Gaurko saioari dagokionez, fiskalak ez du Uriarteri buruz eskaerarik egin, epailearen esku utzi duela azkeneko erabakia.
Urruñan sustraitua
Igor Uriarte 2013an atxilotu zuen Polizia frantsesak. Epaileak ezarritako sei urteko espetxe zigorra beteta, aske geratu zen 2018ko martxoaren 23an, baina Estatu frantsesean egoteko lurralde debekua ezarri zion Parisko Auzitegi Korrekzionalak.
Espetxetik atera ostean Urruñan gelditu eta enpresa bat sortu zuen. Horri begira Prefeturak ematen dituen baimenak jaso zituela nabarmendu zuen bere defentsak iazko udazkenean Uriarteri egin zioten auzian.
2020ko urriaren 6an frantses Poliziak preso ohia atxilotu zuen Ziburun, errepide kontrol batean, eta lurralde debekua ez errespetatzea egotzi zioten.
Bere kontrako prozedura zabaldu zuen Baionako epaileak urte bateko epea eman zion bere «egoera administratiboa» erregularizatzeko. Gaur bete zen, hain zuzen, epe hori.