NAIZ

Aldak asteartean okupatu zuen pisua utzi du bertako egoera legeztatu dutelako

Alda mugimenduak Biarritzen pisu bat okupatu zuen asteartean eta biharramunean hustea deliberatu du. Ipar Euskal Herrian etxebizitza turistikoetan dauden irregulartasunen adibide gisara hautatu zuten etxea, eta asteazkenean egoera legeztatu dute. Aldatik borrokan jarraituko dutela jakinarazi dute.

Pancarta colocada durante la acción de Alda. (Bob EDME/FOKU)
Pancarta colocada durante la acción de Alda. (Bob EDME/FOKU)

Etxebizitza turistiko anitzen legez kanpoko egoera salatzeko asteartean alokairuan den apartamentu bat okupatu zuen Alda mugimenduak, eta ostiralera arte bertan gelditzeko asmoa zuen, baina asteazken honetan tokia hustu du. Biarritzeko etxea egungo egoeraren adibide gisara hautatu zuten, eta bereziki erregistro zenbakia ez agertzeagatik, baina ekintzaren biharramunean enpresa kudeatzaileak publiko egin du. Borrokan jarraitzeko asmoa argiki adierazi dute Aldako kideek.

Errepublika etorbideko 20. zenbakian dagoen apartamentua Airbnb plataformaren bitartez alokatzen da, Ipar Euskal Herriko beste milaka etxebizitza bezala. Legez behartuta badaude ere, alokatzen diren etxeen erregistro zenbakia ez zen publiko egin, legez kanpoko egoeran ezarriz, eta asteartean etxea okupatu zutenean hori nabarmendu zuten.

Aldak ekintza egin zuelarik plataformak erregistro zenbakia ez agertzea politika gisara eramaten duela nabarmendu zuen, etxearen aitzinean eman zuten pankartan agerrarazten den bezala: ‘Hemen airbnbk legea nahita hausten du. Etxebizitzak herriarentzat!’.

Airbnbrena den Luckey enpresak darama Biarritzeko pisuaren kudeaketa, eta asteazken honetan erregistro zenbakia publiko egin du. Zenbakia agertarazteak erregistratuta ez dauden pisuak identifikatzea errezten du, baina enpresek hori ez agertzea deliberatzen dutela salatu dute Aldatik.

Borrokan jarraitu

«Borrokatzen segituko dute epe laburrerako alokairu guztiak berehala erregularizatu daitezen, eta Euskal Herriko herriko etxeei dagozkien zergak ordaindu ditzaten, beste aktibitate profesional eta komertzialek egiten duten bezala, eta bereziki, Euskal Elkargoak ahalik eta lasterren abiatu ditzan guk defendatzen ditugun bi neurriak, urte guztian zehar pisu turistiko gisara erabiltzen direnen ugaritzea gelditzeko» jakinarazi dute Aldaktik asteazken honetan publiko egin duten agirian.

Aldatik defendatzen dituzten bi neurrietako bat nabarmendu zuten astearteko ekintzaren bitartez, hau da alokairu turistikoen erregistro zenbakiak agerian ematea.

Bigarren neurria aplikatu dadin ekintza egin zuen Aldak ekainaren 7an Euskal Elkargoak Urruñan daukan egoitzaren aitzinean, bertan konpentsazio politika ezartzea eskatu zuten.