Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Xabi Alonso: «Dena lortzea ez da erraza baina oso erronka polita da»

Sanseko entrenatzaileak «lehen taldeari laguntzeko gaudela» gogorarazi eta «egoera zailek gehiago hobetzeko aukera» eskaintzen dutela adierazi du. Karrikaburuk oraindik ezin du entrenatu.

Xabi Alonsok ez du bajen aitzakia erabili nahi. (Real Sociedad)
Xabi Alonsok ez du bajen aitzakia erabili nahi. (Real Sociedad)

Sansek Huescaren bisita hartuko du ostiralean (20.00). Aurreko partidetan bezela, lehen jardunalditik lortu ez duen garaipena eskuratzen saiatuko da; eta aurreko partidetan bezala ere, baja dezentekin ekin beharko dio neurketari, lesioen eta Realaren beharren ondorioz.

Egoera ez da berria eta Xabi Alonsoren erantzuna ezta ere: erronka konplikatua bada ere, ez dago aitzakiarik. «Klubak, entrenatzaileok, jokalariek…, denok daukagu argi, badakigu lehen taldeak Ligan lehiakorra izan nahi duela eta Europan borrokatu eta denboraldi polita egin. Eta, aldi berean, Sansek Bigarren Mailan lehiatzea nahi dugu. Dena lortzea ez da erraza baina oso erronka polita da».

«Denboraldian lesioak daude, une honetan bezela –gaineratu du– baina hori onartuta dago eta bagenekien denboraldia hasi baino lehen. Gu lehen taldea laguntzen saiatzen gara, horretarako gaude. Eta gu gaudenokin talde bat gara, C taldearen laguntza daukagu baita ere eta hirugarren taldea ere lehiatzen ari da». Imanolek aurretik esan duen bezala, Alonsok ere «hau Reala da, hau klub bat» dela azpimarratu du, «eta horregatik lan egiten dugu Zubietan, jokalariek bilakaera bat izatea nahi dugu eta erabakiak naturaltasunez hartu behar dira».

Karrikaburu entrenatzen hasi ez dela azaldu du entrenatzaile gipuzkoarrak baina argumentu berbera erabili du. «Talde bat izatearen gakoa, taldea guztiokin izatea da, ez bakarrik hamaika jokalarirekin. Gaudenokin, lehen taldera igo edo itzuli daitezkeenekin, C-tik etorri daitezkeenekin, talde bat izango gara eta lehiakorrak izaten saiatuko gara», esan du.

Alonsoren ustetan, gainera, «gauzak konplikatzen direnean, erronkak zailagoak direnean, gauzak ondo egiteko gogo gehiago eduki behar duzu. Egoera zailek gehiago hobetzeko aukera eskaintzen dizute, aurrera jo eta zure burua hobetu behar duzulako».