NAIZ

Bidenek etorkinak atxilotzeko esparrua irekiko du berriro Guantanamo Bay kartzelatik hurbil

Joe Bidenen administrazioak azaldu duenez, Guantanamoko badian berriro ere etorkinen atxiloketa esparru bat irekitzeko prestatzen ari dira, noiz eta «hegoaldeko mugan migrantzaile eta asilo eskatzaile ugari pilatzen» ari direnean. Hala jakinarazi du ‘The Guardian’ egunkariak.

Mexikoko Ciudad Acuñako herritarrek janaria, ura, arropa eta behar dena ematen diete Haititik AEBetara bidean doazen migratzaileei. Irudian, Mari Jaona ageri da Naomi eta David 3 urteko semeari plater bat ematen. (Paul RATJE / AFP)
Mexikoko Ciudad Acuñako herritarrek janaria, ura, arropa eta behar dena ematen diete Haititik AEBetara bidean doazen migratzaileei. Irudian, Mari Jaona ageri da Naomi eta David 3 urteko semeari plater bat ematen. (Paul RATJE / AFP)

Joe Bidenek etorkinak atxilotzeko esparrua irekiko du berriro Guantanamo Bay kartzelatik hurbil, ‘The Guardian’ egunkariak iragarri duenez. Azken egun eta asteotan, milaka migratzaile biltzen ari dira Del Rio (Texas) eta Acuña (Mexiko) arteko Nazioarteko Zubiaren azpian dagoen kanpamentu inprobisatuan, gehienak Haititik etorritakoak. Esparruaren berrirekieraren albistea 14.000 etorkinek Rio Grande zeharkatu eta gero ailegatu da.

Egunkari britainiarraren arabera, migrazio mugimenduetan eta aduanetan ardurak dituzten agintariek kontratatzaile pribatuei dei egin diete AEBetako itsas baseko Migrazioen Operazio Zentroa zuzentzeko. ‘Terrorismoaren kontrako gerra’ deitutakoan atxilotutako 39 lagun dauden kartzeletatik hurbil kokatuko litzateke gune hori.

Migratzaileen atxilotze zentroa 1991n sortu zen, Kubako asilo eskatzaileak atxikitzeko asmoz. Azkenean 34.000 haitiar inguru eta gutxi gorabehera kubatar kopuru bera atxilotzeko erabili zen, Obamaren administrazioak itxi zuen arte. 2017az geroztik ez da migratzaileak atxikitzeko erabiltzen.

Gobernuaren iragarkia

«Langileen %10ek gutxienez espainiera eta haitiar kreolera menperatu behar dute», dio iragarkiak, NBC News-ek lehen aldiz jakinarazi duenez. Sam.gov Gobernuaren webgunean jarri zen irailaren 17an eta eskaintza urriaren 1era arte luzatzen da.

Iragarritako ‘kontraturako aukerak’ honela dio: «Instalazioak 120 laguneko edukiera du eta egunero 20 biztanle inguru izango ditu. Hala ere, zerbitzu hornitzailea aldi baterako etxebizitzak eraikitzeaz arduratuko da, migratzaile gehiago ekartzen badituzte 400 pertsonara arteko edukiera izateko».

Gainera, zerbitzu honek gutxienez 50 funtzionario mantendu behar ditu, armarik gabeko zaintzarako, eta kontingentzia plan bideragarri bat izan behar du, 24 orduko epean betetzeko.

Milaka herritar, Haitiko kaosetik ihesi

Migratzaileen atxilotze zentroaren berrirekieraren albistea 14.000 etorkinek Rio Grande zeharkatu ondotik iritsi da. Texasen dauden migratzaile asko Haitikoak dira, Jovenel Moïse presidentearen hilketaren eta gutxira jazo zen lurrikarak eragindako txikizioaren ondorengo nahasmen politikotik ihesi etorriak. Kanpamenduak jendez gainezka daude, tartean milaka haur eta emakume daude. Zaborrez beteta daude eta muturreko beroa egiten du. Bizi baldintzak jasanezinetan bizirauten ari dira.

Bidenen administrazioak Haitira deportatzeko hegaldiak ugaritu ditu, baina giza eskubideen aldeko taldeek kritika gogorrak egin dizkiote, haitiar migratzaileak eta asilo eskatzaileak nahita arrisku hilgarrira itzultzen ari direla esanez.