Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Mikel Gurrea
‘Heltzear’ film laburraren zuzendaria

«Ikuslearekin kontu esplizituak partekatzea ez zait interesatzen»

Bulkada bati jarraiki filmatu zuen ‘Heltzear’ film laburra Mikel Gurreak. Ezusteko politak ekarri dizkio bidean. Izan ere, Veneziako Zinema Jaialdian parte hartu du, bertan erakutsi den euskarazko lehen lana izanik. Ostiral honetan Donostian estreinatuko da.

Mikel Gurrea, gaur, Donostian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Mikel Gurrea, gaur, Donostian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

2000. urtea da. Sarak 15 urte ditu, eskalatzailea da eta anaiari gutuna idazten ari zaio. Euskal gatazkaren ondorioz, urtebete da hura ikusi ez duela. Ez daki hark idatzia irakurri ahal izango duen. Eguneroko kontu txikiak kontatuko dizkio gutunean, eta horien artean, bat berezia, eskalatzaile bezala oso ordu gutxitan izango duen erronka, orain arte egindako igoaldirik zailena.

Izenburuak ‘heltzear’ hitzaren adiera posible guztiak –eutsi, iritsi, nagusi egin– gordetzen ditu. «Lotu diezaiokezu Sararen pertsonaiari, ala testuinguruari –argitu du Gurreak-. Esperientzia zinematografikoa da film luze hau, nik nire lana ondo egin badut behintzat, eta ez duzu denbora guztian esanahi bat bilatu behar, aldiz, jaso, sentitu egin behar da». Eta eskalada igoerak berak hainbat metafora ditu bere barnean.

Donostia, Andoain eta Dimaren artean filmatu zuen film laburra. Iaz izan zen, izurri betean. «Pandemiak nire lehen film luzearen filmaketa urtebetez atzeratu zuen. Baina filmatzeko beharra sentitu nuen eta hiru egunetan filmatzeko aukera izan genuen», kontatu du.

Veneziako Zinema Jaialdian Orizzonti sailean argia ikusi  ondoren, ostiral honetan estreinatuko da ‘Zinemira’ sailean. «Kristoren ilusioa egiten dit, urduri nago. Etxea da eta lantalde osoa dator, baita gurasoak eta koadrilla ere; plus hori hor dago, jakina», esan du estreinatu baino ordu batzuk lehenago.

‘Suro’, bere lehen luzemetraiaren muntaia lanetan ari da orain Mikel Gurrea.

2000. urtera garamatzazu zure lanean. Euskal Herrian garai hartan bizi genuen testuinguru soziopolitikoa present dago filmean baina plano gehiago daude kontakizunean. Zuretik asko du filmak baina fikzioa sortu duzu. Nola sortu zen asmoa?
Oso barrutik ateratako filma da. Donostiarra naiz, 2000. urtean 15 urte nituen. Film honekin nire biografiaren parte diren hiru geruza elkartu nahi nituen. Batetik, nerabezaroa, bizitzaren alderik esanguratsuena, edo. Gero konturatzen gara etengabe aldatzen garela, baina bi mila fikzio egin dira horren inguruan. Hori zen ardatz bat eta bestea kirol eskaladarena zen, nik 15-18 urte bitartean oso era intentsoan egin nuena. Eskalada egin bakarrik ez, eskaladan bizi nintzen. Astean bost egunetan entrenatzen nuen, asteburuetan arrokara irteten nuen, txapelketetan nenbilen, eta sentsazio horiek hor zeuden. Eta 2000. urtean Euskal Herrian Donostian testuinguru sozial politikoa, euskal gatazkak zeharkatutakoa, eta baita ere edozein nerabek izan zitzakeen esperientziak zeuden. Hiru geruza horiek elkartzeko helburua neukan film honetan. Ea zer esanahi posible, zein harreman posible ateratzen ziren ikusteko.

Hiru ardatz horien arteko harremanaz ari zara?
Bai, eskaladaren zinetika, erritmoa, soinua, barne sentsazioa, arnasa.... hori dena barrutik gogoratzen dut, ez kanpotik. Eta horrek zer nolako itzulpena daukan hizkuntza zinematografikoan... Filma egin aurretik garbi geneukan barrutik egin nahi genuela, ez kanpotik. Fisikotasun hori alderatu nahi genuen barne ahotsarekin, barne gogoetarekin. Bi tempo horiek, bi errimo horiek elkartu eta ez zer emaitza ematen zuen ikusi nahi nuen.

«Agian esplizituagoa ez izatea aurpegiratuko didate», esan zenuen beste elkarrizketa batean.
Esplizitua ez izatea leporatuko didaten galdetu zidaten eta horixe erantzun nuen, agian hala gertatuko dela. Helburua, hain zuzen ere, horixe zen, esplizitua ez izatea, zentzu guztietan. Fondoan zein forman, niretzat gauza bera baitira. Sentsibilitate kontua da, artistikoa eta esparru guztietakoa. Ikuslearekin kontu esplizituak partekatzea ez zait interesatzen. Nahiago dut ikusle bakoitzak pelikula bere egitea.

Haizea Oses eskalatzailea aktore lanetan jarri duzu. Nola izan da prozesua?
Hilabetez astean bitan ordu eta erdiko saioak egin genituen, biok elkarrekin. Inprobisazioak egiten genituen kamerarekin. Ez ziren filman agertzen diren eszenak, baina bai lagunduko zigutenak Haizearen eta kameraren arteko harremana naturala izaten. Horrekin batera, berak ulertzea Sarari bere gorputza, ahotsa eta begirada emango ziola, baina ez genuela Haizearen psikearekin eta emozioekin jokatuko; hori oso delikatua da aktore ez den norbaitentzat.

Haizea Osesekin batera Mikel Arruti eta Oier de Santiagok jokatu dituzte beste pertsonaiak, eskalatzaileak hauek ere. Zer ekarpen egin dio proiektu honek zure ibilbideari, zure lan egiteko moduari?
‘Heltzear’ film laburraren grabaketa eta luzearena elkartu egin zitzaizkidan denboran. Argazki zuzendaria eta kamera, gainera, pertsona bera da bi proiektuetan, eta bai eraman genuela film laburrean aurkitutako gauzaren bat luzera. Horrek esan nahi du zurekin gelditzen dela. Eta badu zerikusia gauzak planifikatu bai, baina zure buruari gero askatzeko baimena ematearekin. Eta konfiantza hori eduki. Filmaketak denboraren presioa dauka, eta denbora dirua da zineman, exekutatu egin behar dituzu gauzak eta ‘exekutatu’ beharrean ‘bilatu’ aditza jarriz gero aurkituko dituzu baina beste jarrera bat eskatzen dizu. Hori film laburrean ikasi nuen eta sentitzen dut nirekin geratu dela.

Bide polita ari da egiten lana. Venezian estreinatu zen lehenik, Donostian, zure jaioterrian, gaur.
Batik bat film laburra egiten duzunean ez duzu irudikatzen zein bide egingo duen eta are gutxiago Venezian parte hartuko duenik, beraz eskertuta nago. Asko poztu nintzen eta apal baina inongo konplexurik gabe joan nintzen bertara. Konfirmazio ofiziala iritsi arte ez nengoen erabat ziur egia zen [barreak]. Surrealista da, jauzi handia dago zuk lanak nola egiten dituzun eta gero nola erakusten dituzunaren artean. Oihartzuna jasotzen da jaialdietan –musikariari gauza bera gertatuko zaio kontzertuekin–, baina eguneroko lana artisau lana da, oso langile lana. Kontraste handia da eta kosta egiten da hori kudeatzea. Eta orain Zinemaldian, bai.

Publikoak fokupean zaudetenekoa ikusten du, ez aldiz, bakarkako lana.
Gidoia idazten etxean zaude, bakarrik, eta uztartu behar duzu bizitzaren beste bi mila gauzarekin, alokairua ordaintzearekin... jakina.

‘Suro’ film luzearen muntaia prozesuan ari zara. Nola joan da filmaketa?                        
Urteak daramatzat proiektua lantzen. Ez dakit zinema nire ogibidea izatera iritsiko den –beste lan asko egin beharra izaten dut– baina aukera bat denez goazen aukera hori bizitzera. Filmaketa Alt Empordan egin dugu udan, gogorra izan da baina era berean asko gozatu dut. Eta espero muntaketan ere disfrutatzea. Gero zer emango duen? Ez dakit. ‘Heltzear’ ez genuen ezeren esperoan egin eta begira... ez dago nire kontrolpean zer getatuko zaion ikuslearekiko edo zirkuitoarekiko.

Vicky Luengo eta Pol Lopez ditu protagonista.
Bai, biak dira aktore profesional bakarrak. Gainontzekoak basoko langileak dira. Izan ere, Bartzelonako bikote bat da protagonista, harremana birsortzeko hiria utzi eta neskak oinordetzan jaso duen masiara doaz bizitzera. Lurretan kortxo zuhaitzei etekina atera nahi diote. Idealen eta idealak praktikan jartzearen talka dago. Bikote bezala amankomuna bazirudien proiektuaren inguruan agian bi begirada izan daitezke.