NAIZ

‘The Power of the Dog’ filmari eman dio Gehituk Sebastiane Saria

Jane Campion zuzendariaren ‘The Power of the Dog’ filmari eman dio Gehitu elkarteak XXII. Sebastiane saria, «maskulinitate toxikoa disekzionatzen duen film ezin hobea oparitzeagatik». Bestalde, Igor Legarretaren ‘Ilargi Guztiak’ saritu du San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ek.

‘The Power of The Dog’ filmaren fotograma bat. (DONOSTIA ZINEMALDIA)
‘The Power of The Dog’ filmaren fotograma bat. (DONOSTIA ZINEMALDIA)

Gehituk, Euskal Herriko lesbiana, gay transexual bisexual, eta intersexualen elkarteak eta bere izenean elkarte honetako bazkide diren Aritz Dendategi, Blanca Ortega, Joseba Errekalde, Lander Berges eta Nicolas Subiranek osatzen duten epaimahaiak ‘The Power of the Dog’ filmari eman dio XXII. Sebastiane Saria, ohar batean jakinarazi duenez.

Film hori zergatik hautatu duten ere azaldu dute epaimahaikideek: Jane Campion zuzendariak, bere pelikulan, «maskulinitate toxikoa disekzionatzen duen film ezin hobea oparitzeagatik, baita LGTBI kolektiboan ere».

Honako arrazoi hauek ere aipatu dituzte: «Misoginoek, homofoboek eta lumofoboek indarkeriarako giro egokia sortzen dute, eta diskretuak izatera gonbidatzen gaituzte, seguru bizitzeko. Ahultasun eta sendotasun kontzeptuak birplantearazten dizkigun istorio bat eskaintzeagatik».

Gehituk erantsi duenez, garai honetan «gorroto diskurtsoak pil-pilean daude, eta pertsonaia nagusiak agerian uzten ditu iragana aukeratzen dutenak, etorkizunari trabak jartzeko.

Sariaren banaketa ostiral honetan izango da, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan.

Bestalde, 

Bestalde, Igor Legarretaren ‘Ilargi Guztiak’ filmak San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission sariaren hamargarren edizioko irabazle izendatu dute. Gipuzkoako Film Commissionek ematen duen sari hau 7.000 eurokoa da eta kultura eta paisaia nola islatzen den pantaila handian azpimarratzeko xedearekin sortu zen.

Aurkeztu diren 30 filmetatik, bost finalista aukeratu zituzten (Juanma Bajo Ulloaren ‘Baby’; Isabel Coixeten ‘Nieva en Benidorm’; Ivan Ruiz Floresen ‘Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas’ eta Angeles Roblesen ‘Salir del ropero’). Hortik ‘Ilargi guztiak’ hautatu du epaimahaiak irabazle.

‘Ilargi guztiak’ Igor Legarretaren bigarren film luzea da, XIX. mendean girotutako banpiro istorioa da, euskaraz errodatua. Gaur ikusi ahal izango da Zinemira sailean.