Iker Zabala bermeotarrak ez du jarraituko Santurtziko entrenatzaile gisara. Bost urte "Sotera" trainerua entrenatzen aritu ondoren, bide berri bat abiatuko du Santurtzirekin historia egin duen prestatzaileak.
Itsasoko Ama KAE2 ligan zegoela hartu zuen taldea (2017an) baina Oiartzungo taldeak trainerua atera ez zuela-eta, segituan lortu zuen KAE1erako igoera. Denboraldi horretan bertan lortu zuen gorengo mailara igotzea, liga erregularrean bigarren geratu eta igoerako estropadetan azkarrena izan ostean.
Ordutik, lehen mailan aritu du Zabala eta azken bi urteak inoizko oparoenak izan dira Santurtzirentzat. Iazko sasoian bere lehenengo TKE garaikurra eskuratu zuen "Soterak" eta aurten, liga ez ezik, Kontxako Bandera irabaztea ere lortu du.
Talde morearekin sekulako ibilbidea marraztu ostean, bidea banantzeko erabakia hartu dute, hala adierazi du Itsasoko Ama klubak.
Iker Zabalak arraunlari gisara ere palmares aipagarria dauka, duela bi urte utzi zuen arraun egiteari, Santurtziko lehen hiru urteetan arraunlari eta entrenatzaile lanak uztartzen aritu ostean. Urdaibairekin 5 TKE liga altxatu zituen eta beste bost Kontxako Bandera irabazi zituen; Castrorekin, 2006an, irabazi zuen bere lehendabiziko Kontxako Bandera.