![Mads Nissen danimarkarraren ‘Lehen besarkada’, World Press Photo lehiaketaren aurtengo saritua.](/media/asset_publics/resources/000/790/443/article_main_vertical/World-Press-Photo.jpg)
Aldaketa «sinplea baina hagitz handia» eginen du World Press Photok, Joumana El Zein Khoury zuzendariak jakinarazi duenez: eskualdeei begiratuz diseinatu dute estrategia, fotokazetarien partaidetzan dauden desoreka geografikoak konpondu nahian. Emakumeen parte-hartze txikiagatik ere penatuta agertu da El Zein Khoury.
Lehiaketaren izenari ohore eginez (World, mundua) gaur egungo partaidetzaren dinamika aldatu nahi dute 2022ko edizioan. Izan ere, 2017tik joan den ediziora arte proposamen gehienak Europa, Asia (nagusiki Txina) eta Ipar Amerikatik iritsi zitzaizkien. Gainontzeko munduak ordezkaritza txikia izan zuen.
«Ez dut sinesten eskualde horietan kalitatezko fotokazetaritzarik ez dagoenik; tontakeria da hori. Aipatu izan didate arazoa dela ez dutela argazkiak bidaltzeko ahaleginik egiten denbora galtzea dela dakitelako, azkenean ez dituztela aukeratuko pentsatzen dutelako. Ez dira ordezkatuak eta ongi etorriak sentitzen. Ez dira parte sentitzen. Lan aunitz dugu egiteko, baina hau pauso handi bat da», baieztatu du zuzendariak.
Emakumeen ehunekoa minimoa da eta berdin mantendu da
Bi grafiko erakutsi dizkio Joumana El Zein Khouryk Efe agentziari. Batek lehiaketaren desoreka geografikoa erakusten du, eta bigarrenak fotokazetarien generoa azaltzen du: 2012 eta 2021 bitartean argazkiak bidali dituzten gehien-gehienak gizonak dira. Emakumeen ehunekoa minimoa da eta berdin mantendu da urte hauetan guztietan.
Generoaren kasuan, zuzendariak badaki emakumeak orokorrean ez daudela ongi ordezkatuak fotokazetaritzan, baina profesional ugari ari direla lanean nabarmendu du. «Nik neuk hagitz fotokazetari onak ezagutzen ditut, emakumeak eta bertze genero batzuk».
Sei eskualde eta lau kategoria
Lehiaketaren hurrengo ediziotik aitzinera sei eskualdetan jarriko dute fokua: Afrika, Asia, Europa, Ipar Amerika eta Amerika Erdia, Hego Amerika eta Asiaren hego ekialdea eta Ozeania. Orain arteko gaien araberako zortzi kategorien ordez, formatuetan oinarritutako lau kategoria izanen dira: ‘Singleak’, historiak, epe luzeko proiektuak eta formatu irekikoa.
Kategoria horiek munduarentzat garrantzitsuak diren gai guztiak hartuko dituzte barnean.
Kategoria eta eskualde bakoitzean sarituak
Sarituak aukeratzeko orduan, kategoria bakoitzeko eskualde bakoitzeko irabazleak hautatuko dituzte, «eskualdeetako lana erakusteko» ahaleginean. Horien artetik irabazle nagusiak izendatuko dituzte. Garaile guztiek jasoko dituzte sariak, orokorrek zein eskualdeetakoek.
Honakoak izanen dira bi urtez Nazioarteko Aholkularitza Batzordeko kideak: Briggitte Baptiste kolonbiarra, genero aniztasunean eta bioaniztasunean aditua (berau izanen da burua); Mark Sealy britainiarra, Autograph ABP argazkilaritza arteen agentziaren zuzendaria; Newsha Tavakolian irandarra, fotokazetari eta dokumentalgilea; eta Tanvi Mishra indiarra, editore, idazle eta sortzaile-zuzendaria.
Baptistek azpimarratu duenez, «ahots aberastasuna partekatzeko eta fotokazetaritzaren industrian parekidetasuna babesteko konpromisoa» dute. «Bada ordua homogeneotasuna baztertu eta etengabe aldatzen ari den planeta osatzen duten pertsona guztien arteko harremanak islatzen dituen benetako aniztasunari lekua egiteko».
World Press Photok Amsterdamen du egoitza eta 1955ean sortu zuten argazkilari herbeheretar batzuek nazioarteko publikoari beren lana erakusteko asmoz. Munduko prestigio handieneko fotokazetaritzako lehiaketetako bat da aspalditik.
Eskualde ugaritan mehatxupean, segurtasunik gabe
El Zein Khouryk salatu duenez, «eskualde ugaritan fotokazetari aunitz mehatxatuak daude, freelance moduan ari dira, segurtasun falta batean (diruarena eta pertsonala). Hori ez da ulertzen ahal fotokazetaritza beti bezain inportantea delako; edo gero eta garrantzitsuagoa».
«Adierazpen askatasuna mehatxaturik dagoen eta polaritatea etengabe handitzen ari den mundu batean, inoiz baino funtsezkoagoa da mundua inporta duten historiekin konektatzea», ondorioztatu du zuzendariak.
Heldu den abenduaren 1ean irekiko da 2022ko edizioan izena emateko epea.
![Estebandomeno](/media/asset_publics/resources/001/135/856/article_thumb_horizontal/Estebandomeno.jpeg)
Cien años del primer muerto en el recorrido del encierro y algo de porno
![Bestak-garbiketa](/media/asset_publics/resources/001/136/867/article_thumb_horizontal/bestak-garbiketa.jpg)
Dos bestazales violentamente atacadas por defender a un hombre de una agresión
![Mesa_redonda](/media/asset_publics/resources/001/138/618/article_thumb_horizontal/mesa_redonda.jpg)
Música bajo la dictadura del algoritmo
![Keyframemugu](/media/asset_publics/resources/001/138/892/article_thumb_horizontal/keyframemugu.jpg)
Primer concierto de Kortatu: unos «marcianos» que tocaron improvisadamente en Errenteria
![Afp](/media/asset_publics/resources/001/139/271/article_thumb_horizontal/afp.jpg)