Asteazken honetako Txapeldunen Ligako jardunaldiak Robert Lewandowski aurrelari golegileak –4 gol daramatza dagoeneko edizio honetan– gidatzen duen Bayern Munichen nagusitasuna azalarazi du, Juventusek Cristiano Ronaldoren falta ez duela ezertarako nabaritzen argi utzi du eta, kontrako aldean, Barçak Leo Messirena gehiegi somatzen duela argi eta garbi utzi du. Hori bai, Ronaldo portugaldarrak garaipena eman dio Manchester United-i 95. minutuan.
H Taldea: Juventus-Chelsea (1-0)
Bigarren zatia hasi bezain laister sartutako gol bati esker, Juventusek aurre hartu dio Chelsea iazko txapeldunari. Lehen zatia nahiko orekatua izan bada ere, Thomas Tuchel ingelesen entrenatzaileak aldaketa bat egin du atsedenaldian –Chilwell zelairatu du Marcos Alonsoren ordez–, baina hasi eta minutura Chiesak gola sartu du italiarrentzat.
Kolpe gogorra izan da Londreseko taldearentzat –Cesar Azpilicueta nafarra hamaikakoan egon da eta Kepa Arrizabalaga atezaina aulkian eseri da– eta ezin izan dio buelta eman.
Zenit-Malmö (4-0): Gol festa San Petersburgon
Talde horretako beste partidan, San Petersburgoko Zenitek ez du inongo arazorik izan Malmö taldearen aurka eta 4-0 irabazi dio Claudinho (9. minutua), Kuzyaev (49’), Sutormin (80’) eta Wendelen (94’) golei esker.
Errusiarrek, gainera, 53. minututik aurrera suediarrek gizon bat gutxiagorekin jokatu dutela aprobetxatu dute. Izan ere, epaileak Anel Ahmedhodzic bosniarra kaleratu du, aurkariek kontraeraso batean baloia eskuarekin ukitzeagatik.
Zenit 2-0 irabazten zihoan momentu horretan, eta kanpoko entrenatzaileak aulkia mugitu zuen, defentsa sendotzeko eta aurrean mina egin ahal izateko. Baina errusiarrek aukera gehiago izan dituzte eta hor etorri dira Sutormin eta Wendelen golak. Partida 4-0eko emaitzarekin amaitu da, baina gol gehiago izan zitezkeen Dahlin atezainaren geldiketengatik izan ez balitz.
E Taldea: Bayern, oso nagusi Dinamoren aurka (5-0)
Bayern Munich –eta bere aurrelari Robert Lewandowski– ez dago txantxetarako Txapeldunen Ligan eta dagoeneko lehen zatian erabakita utzi du Dinamo Kieven aurkako partida (2-0 atsedenaldian). Jokalari poloniarrak –iazko urrezko botaren irabazlea– bere taldeko lehen bi golak egin ditu, lehenengoa 12. minutuan, penaltiz, eta bigarrena 27an. Lau gol daramatza dagoeneko poloniarrak bi partidetan: gaur bi eta beste bi egin zizkion Barçari Camp Noun.
Alemaniarrak ez dira konformatu, eta bigarren zatian beste bi gol sartu dizkiote ukrainarrei. Gnabryk (68’) eta Leroy Sane (74’) izan dira golegileak. Julian Nagelsmannek atsedena eman dio Lewandowskiri eta 80. minutuan aldatu egin du Eric Maxim Choupo-Monting jokalariaren ordez. Honek bosgarren eta azken gola egin du 87an.
Aurtengo edizioko bigarren garaipenari esker, E Taldeko lider sendoak dira alemaniarrak. 6 puntu dituzte Munichekoek –7 gol egin dituzte eta bat ere ez jaso–, lehenengo partidan Barçari gailendu baizitzaien.
Benfica-Barça (3-0): katalanak, arazo larri batean
Katalanek ezin izan diote bolada txarrari buelta eman. Gaur Benficaren etxean porrota jaso dute, bigarrena talde fase honetan. Ronald Koemanen taldea eraberritze prozesu batean dago murgilduta Leo Messi izarrak Pariserako bidea hartu zuenetik. Argentinarrak bere lehen gola sartu zuen asteartean PSGrekin Manchester Cityren aurkako garaipenean.
Barçan Messiren tokia nork okupatuko duen da zaleek eta taldeak egiten duten galdera. Ligako azken jardunaldian ikusi zenez, Ansu Fati –Messiren ’10’ zenbakia hartu du kamisetan– izan daiteke argentinarraren oinordekoa, baina Koemanek aulkian utzi du gaurkoan hasieratik.
Hala, Da Luz estadioan jokatutako neurketan, Benfica oso goiz aurreratu da markagailuan. 3. minutuan Darwin Nuñezek sartu du portugaldarren gola. Etxekoak oso indartsu ateratzen ziren kontraerasora Darwin bera edo Yaremchuken abiadurari esker, eta Bartzelonak ezin izan du partida bere gustura kontrolatu. Gainera, 32. minutuan, Koemanek Gerard Pique kendu eta 17 urteko Gavi zelairatu du.
Lehen gol hori gutxi ez balitz, bigarren zatian, 69. minutuan hain zuzen ere, Rafa Silvak bigarren gola egin du eta hamar minutu beranduago, Nuñezek, penaltiz, 3-0ekoa egin du Barça ukituta eta, zeinek daki, hondoratuta uzteko.
F Taldea: Manchester United-Villarreal (2-1), eromena 95ean
Manchester United-ek eta Villarrealek hiru puntuak zituzten helburu hurrengo fasera sailkatu nahi badute, azken momenturarte ez uzteko. Oraindik asko falta da talde fasea amaitzeko, baina kontuan izanda ingelesek lehen jardunaldian galdu egin zutela eta Unai Emeryren Villarrealek berdinketa lortu zuela, biek garaipena nahi zuten gaur gauean.
Entrenatzaile hondarribiarrak lehen bataila irabazi dio Manchester Unitedeko Ole Gunnar Solskjaer prestatzaileari. Izan ere, Alcacerrek, 53. minutuan, Itsaspeko Horia aurretik ipini du. Ingelesek segituan erantzun dute eta zazpi minutura berdinketa lortu dute Alex Tellesi esker.
Baina azken kolpea eman behar zuen Red Devils taldeak, eta hori 95. minutuan iritsi da. Golegilea? Nor ba? Betikoa: Cristiano Ronaldo. Portugaldarrari ez zaio goleak sartzea ahazten, nahiz eta taldez aldatu, eta berari esker eraman ditu lehen hiru puntuak Manchester United-ek, taldeko hirugarren jartzeko. Emeryren taldea, berriz, laugarrena da, puntu bakarrarekin.
Atalanta-Young Boys (1-0): italiarrak, sendo
Atalantak oso garaipen garrantzitsua lortu du etxean Young Boys taldearen aurka (1-0). Suitzarrek hiru puntuak lortu zituzten lehen jardunaldian Manchester Unitedi gailenduta, eta italiarrek berdinketa lortu zuten Villarrealen kontra.
Gainera, italiarrak partida zailen ziklo batean sartuta dabiltza. Villarrean aurka aritu ostean, Milango Inter izan zuten aurkari Calcion, eta datorren asteburuan Milanen kontra aritu beharko dira Ligan; beraz, gaur garaipena lortzea ezinbestekoa zuten morala goian mantentzeko.
Asko kostatu zaie Gian Piero Gasperiniren gizonei markagailua irekitzea. Matteo Pessina izan da golegilea, 68. minutuan, Duvan Zapata kolonbiarraren asistentzia baten ostean.
Young Boysek lerroak aurreratu ditu berdinketaren golaren bila joan ahal izateko, baina Atalantako atzelariak sendo aritu dira eta jaurtiketa bakarra egin ahal izan dute suitzarrek, Luxenburgoko Christopher Martins Pereirak bost minuturen faltan eginikoa.
G Taldea: Oraindik ezer erabaki gabe
Azkenik, G Talde honetan Salzburgok garaipena erdietsi du Lilleren aurka, eta beste partidan Wolfburgok eta Julen Lopetegiren taldeak bana berdindu dute.
Lehenengoek 2-1 irabazi diete frantsesei Adeyemiren bi penaltiri esker (35’ eta 53’). Burak Yilmazek berdinketa lortu du (1-1) 62. minutuan, baina ez da nahikoa izan. Hala, Salzburgo taldeko liderra da.
Beste neurketan, alemaniarrak garaipena lortzeko oso gertu egon dira. Steffenek 48. minutuan sartutako gol bati esker aurreratu dira etxekoak, baina Lopetegiren jokalariek ez dute amore eman. 85. minutuan Joshua Guilavoguik bigarren txartel horia ikusi du Lamelari area barruan falta egiteagatik eta Wolfburgo jokalari bat gutxiagorekin geratu da.
Ez hori bakarrik. Ivan Rakiticek penaltia sartu eta berdinketa lortu du kroaziarrak, G Taldea bor-bor uzteko.