Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrari merezitako omenaldia egingo dio haren familiak larunbat honetan. Pandemiak orain arte eragotzi duen omenaldia. Albon izango dituzte senitartekoek lagun zein herritarrak.
Usurbilgo frontoian hark egindako muralaren itzalpean gogoratuko dute artista. Omenaldian haren gertukoenek hitz batzuk eskainiko dituzte, margolaria gogoan. Eguerdiko 12.00etan izango da ekitaldia eta ehun pertsona sartu ahal izango dira covid kontuengatik. Zozketa egingo da Usurbilgo Udalaren web orrian izena ematen dutenen artean. Ostegunera arte dago irekita horretarako epea.
2020ko apirilaren 23an zendu zen Zumeta, 81 urte zituela, Gros auzoan zuen etxean. Izurri betean, orduan ezin izan zitzaion omenaldirik egin. Baina lehen urteurrenean artistaren ondarea gogora ekarri eta bere irudia txalotu nahi izan zuten senide, lagun eta herritarrek.
Ibilbide luze bezain oparoa
Informalismoa, espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa ere landu zituen Zumetak ibilbide luze eta oparo batean. Abstrakzioaren bidetik jarraitu zuen azken urteetan, betiere bere lanean ohikoak diren kolore deigarriak erabiliz eta formatu handiko lanei aparteko garrantzia emanez.
Gaur taldearen sortzaile, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Sistiagarekin batera, gero Ez Dok Amairun eta kultura asteetan, frankismoaren biktimeei egindako omenaldietan edo ‘Nueva Etiopía’ liburu-diskoan parte hartu zuen, jendartearen aurrean zuen konpromisoaren isla.
Zentzu horretan, GARAri bidegabeki egotzitako zorrari aurre egiteko, artearen bitartez gauzatutako elkartasunezko ‘ARTEAGARA’ ekimenean ere parte hartu zuen, espreski serigrafia bat eginez. «Laguntzeko parte hartu dut ekimen honetan, gainontzeko kideek bezala. Horrelako gauzak egiten ditut normalean. Serigrafian bi figura, bi aurpegi, ikusten dira. Oso desberdinak bata eta bestea, kontraesana dutenak», nabarmendu zuen orduan.
Urte gutxi batzuk lehenago, 500 euskal preso eta artistarekin batera, ‘Ametsen liburua’ lanean ere egin zuen bere ekarpena.
Usurbildarrak makina bat ordu eman zituen Txikierdi auzoko tailerrean. Kontaezinak. Izan ere, «tailerreko artistatzat» zuen bere burua. Usoa alabarekin eskuz esku aritu zen hainbat urtetan.