NAIZ

Kutxabankek 81 milioi euroko dibidendua banatu die BBK, Kutxa eta Vital fundazio akziodunei

Kutxabank erakundearen akziodunen batzorde nagusiak adostu du 2020an lortutako emaitzen kontura 81 milioi euroko dibidendua banatzea BBK, Kutxa eta Vital fundazio akziodunen artean, administrazio kontseiluak proposatuta.

Kutxabanken Bilboko bulego bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Kutxabanken Bilboko bulego bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Akziodunen batzar orokorrak hala erabakita, Kutxabankek 81 milioi euroko dibidendua banatu die BBK, Kutxa eta Vital fundazioei. Joan den otsailean kontura egin zen 27 milioi euroko ordainketa osatuko du ekarpen berriak. Beraz, hiru fundazio akziodunek 2020ko emaitzen kontura jasoko duten zenbateko osoa 108 milioi eurotik gorakoa izango da, Kutxabankek ohar batean jakinarazi duenez.

Europako Banku Zentralak bankuei dibidendua berreskuratzeko ahalmena eman ondoren egin ahal izan da banaketa, 2020. urtean bertan behera gelditu baitzen pandemiaren ondorioz.

Gomendio hori irailaren 30etik aurrera indargabetzea erabaki zuen europar bankuak uztailean, ekonomiaren egoera hobetu zelako eta, ondorioz, «kreditu erakunde bakoitzak dibidenduak banatu eta akzioak berriz erosteko dituen planen zuhurtziari buruzko ikuskaritza banan-banan eta sakonki egin zitekeelako».

2020ko emaitza garbiaren %60

«Kaudimenean eta kapitalean egoera sendotu» izanak ahalbidetu die akziodunei banatzen dien ordainsaria handitzen jarraitu ahal izatea, Kutxabank erakundeak esplikatu duenez. 2020ari dagokionez taldearen emaitza garbiaren %60 da, emaitzak banatzerakoan ezarritako kaudimen baldintzak arriskuan ez jartzeko ahalmena baitu bankuak.