Jon Ormazabal

Barne korapiloa askatu eta final laurdenetako ligaxka osatuko du Peio Etxeberriak

Zenotzekoari kosta egin zaio partidan sartzea, Danel Elezkano 7-1 eta 13-5 aurreratu da baina lehia gogor baten ostean nafarra osoago heldu da azken txanpara eta garaipena eskuratu du (20-22).

Behetik gora eginda ligaxkan sartzea lortu du Peio Etxeberriak. (Jon URBE/FOKU)
Behetik gora eginda ligaxkan sartzea lortu du Peio Etxeberriak. (Jon URBE/FOKU)

Hasieran marraztutako bide okerra zuzendu eta Peio Etxeberriak osatuko du Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxka Danel Elezkanori partida gogor eta nahasi batean 20-22 irabazita. «Hasieran ez dakit zer gertatu zaidan, lotuta egon naiz, pilotara ondo heldu baina behera botatzen nuen», onartu du irabazleak. Beretzat, zorionez, lehen atseden luzean Joseba Ezkurdiaren hitzek –«zertarako entrenatzen dugu egunero kantxan gozatzeko ez bada?»– barruan zuen korapilo hori askatzeko balio izan diote eta asko balio duen garaipena eskuratu du, amaiera estu batean.

Partida ez da ona izan, amaierako emozioak zerbait konpondu badu ere. Hasieran Danel Elezkanok azkar hartu du aldea markagailuan. Ohi bezala gauzak txukun eginda, presaka antzean aritu den Peio Etxeberriaren hutsei probestua ateratzea nahikoa izan du Zaratamokoak alde egiteko. Zenotzekoa erritmoa jartzen saiatu da, baina aukeran huts askotxo egin ditu, gauzak ez ditu argi izan eta kosta egin zaio partidan sartzea (7-1).

Korapiloa askatu

Baina pixkanaka presio hori askatu eta hutsen kopuruari galga jarriz, tantoen ekimena berea izaten hasi da. Beste gatz batekin irten zaio eskutik pilota, sakearekin ere Elezkanok baino min handiagoa egin dio arerioari eta partidaren norabidea errotik aldatu da. Hori bai, markagailua orekatzeko jarraikortasun apur bat falta izan zaio nafarrari eta defentsan lan sendoa eginda, nahikoa ondo kudeatu du hasierako alde hori, nekeak erasan dion arte. Partida gogortzen joan den eran, bizkaitarrak behera egin du bere jokoan. 

Hala ere, takadaka joan den partida esku-eskura izan du, 20-15ekoarekin gantxo erraz bat kanpora bota duenean. Epaileei kosta egin zaie erabakia hartzea, baina tantoa urdin izan da eta hortxe amaitu dira bere esperantzak.

Askoz osoago eta konfiantza berreskuratuta, ziztu bizian egin ditu nafarrak falta zitzaizkion sei tantoak eta ligaxkan aritzeko modua izan du.

FITXA TEKNIKOA: 

Elezkano II.a: 20

Peio Etxeberria: 22

Pilotakadak: 301. Iraupena: 61,15 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 7-1, 7-3, 8-3, 8-5, 13-5, 13-10, 14-10, 14-11, 16-11, 16-15, 20-15, 20-22. Sakeak:1 Elezkano II.ak eta 3 Peio Etxeberriak. Tantoak: 8  Elezkano II.ak eta 12 Peio Etxeberriak. Hutsak: 7 Elezkano II.ak eta 8 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: 184 ikusle Tolosako Beotibarren