NAIZ

Azterketak Euskaraz kolektiboak bere kexa helarazi dio Hezkuntza ministroari

Aspaldiko aldarrikapenari bide emanez, Azterketak Euskaraz kolektiboak desobedientzia ekimena bultzatu zuen iazko ikasturtean baxoa zein brebeta azterketen karietara. Hezkuntza ministroari eta errektoreari gutun bana igorri die oraingoan euskarazko azterketak zuzenduak izan daitezela eskatzeko.

Brebet eta baxoa azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute Bernat Etxepare lizeoan eginiko agerraldian. (Bob EDME)
Brebet eta baxoa azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute Bernat Etxepare lizeoan eginiko agerraldian. (Bob EDME)

Ikasturte berriarekin batera aspaldiko auzia berriz ere mahai gainean jarri nahi izan dute, gaur arratsaldean Bernat Etxepare Lizeoan antolaturiko agerraldi jendetsuaren bidez, Azterketak Euskaraz kolektiboko kideek.

Aspalditik galdetu dute Ipar Euskal Herriko ikastolek beraien ikasleek brebeta eta baxoa bezalako azterketak ikasten duten hizkuntzan pasatzea.

Urteak aurrera joan ahala hainbat aitzinamendu lortu badituzte ere –hala nola matematika eta historia probak euskaraz egiten dituzte ikasleek–, oraindik ere frantziar Hezkuntza Ministerioak eta Errektoretzak trabak jartzen dituzte aipaturiko azterketa horiek bere osotasunean euskaraz pasatu ahal izateko.

Are, azkeneko hilabeteetan Emmanuel Macronen Gobernuak Molac Legearen aurka zabaldu duen ofentsibak kolokan jarri ditu bai Seaskaren bidez badira 50 urte plantan eman zen murgiltze eredua baita horren geroztik eskola publikoan zein sare katolikoan euskarazko hezkuntza garatzeko emandako urratsak ere.

Azterketak Euskaraz kolektiboak hainbat mobilizazio egin zituen joan zen ikasturtean. Esaterako, Baionan Suprefeturak duen egoitzaren aitzinean ‘Jo pilota’ ekimena burutu zuten lizeoko ikasleek.

Donapaleuko zuzenketa zentroan okupazioa egin zuten brebeta euskaraz aldarrikatzeko eta 1.500 lagun inguru bildu zituen manifestazioaren bidez filosofiako proba, baxoaren azterketaren baitan, zein zientzietako azterketa, brebetaren kasuan, euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu zuten.

Zuzentzaile bolondresak

Horrekin batera, oihartzun handia hartu zuen desobedientzia ekimena bultzatu zuten ikasturte amaieran. Aurreneko urteotan bezala, Seaskako kolegioetan 3. mailako ikasleek zientzietako azterketa euskaraz idatzi zuten. Bestalde, lizeoko terminaleko ikasleek filosofia proba euskaraz egin zuten.

«Tamalez, berriro ere zientzietako kopiak bahituak izan ziren eta zuzentzaile erdaldun batzuek itxurazko zuzenketa egin zuten», azaldu dute gaurko agerraldian.

Baxoko azterketari dagokionez, ikasle bati baizik ez ziotela filosofiako proba zuzendu jakitera eman dute.

Arazoa ez zen, ordea, zuzentzaile euskaldunen falta. Hala erakutsi zuen kolektiboak zuzenketa alternatiboa plantan emanez hainbat irakasle bolondresen laguntzaz.

«Gure ikasleek jasotako emaitza ofizialak ez dira batere justuak izan» salatu dute agerraldian.

Izan ere, zuzentzaile alternatibo horiek emandako notak eta emaitza ofizialen artean «tarte ikaragarria» izan zelako beraien kexa azaldu dute eta egoera hori onartzeko prest ez daudela argiki adierazi.

Egoera hori zuzentzeko eta azterketak euskaraz zuzenduak izan daitezen bermatzea eskatuz gutun bana igorri diete Hezkuntza ministroari eta errektoreari.

«Ikasturte berri bat hasi da eta lanean segituko dugu ikasle orok azterketak euskaraz pasazeko eskubide ukan dezan», gaineratuko dute ikasturte honetan ere mobilizioak bultzatzeko prest direla erakutsiz.