NAIZ

Greba egunak jarraipen zabala izan du Banco Sabadellen, %90etik gorakoa, ELAren esanetan

ELAk adierazi duenez, lehen greba egunak jarraipen «oso zabala» izan du Banco Sabadellen. Sindikatuak emandako datuen arabera, jarraipena %90etik gorakoa izan da goizean, eta «ia bulego guztiek itxi dira».

Banco Sabadelleko langileen mobilizazioa. (ELA)
Banco Sabadelleko langileen mobilizazioa. (ELA)

Banco Sabadelleko langileak kalera atera dira asteazken honetan enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) aurkako aldarria zabaltzeko. Greba egunak jarraipen zabala izan du, bulegoen %90etik gora itxita izan baitira gaur goizean. Gainera, langileek kontzentrazioak egin dituzte Donostian, Bilbon eta Iruñean.

Ohar batean ELAk azaldu duenez, enpresak 1.730 langile kaleratu nahi ditu espainiar Estatuan. Hego Euskal Herrian 82 lagunei eragin diezaioke enpresak aurrera eraman nahi duen EEEk.

«Kopurua handiagoa zen kontsulta-aldiaren hasieran, eta apurka kopuru hori murriztuko dela aurreikusten da. Baina hori guretzat ez da lorpen bat. Helburua EEE bertan behera uztea baita, plantilla ez dadin murriztu, eta horrekin batera datozen neurriak ere gelditu behar dira, beste finantza-erakunde batzuen azken enplegu-erregulazioko espedienteetan gertatu den bezala», gaineratu du.

Eta langileak kezkatuta daudela nabarmendu du, batez ere honako bi kontu hauekin: «borondatezkotasuna bermatzeko mekanismorik ez dagoela, eta mugikortasun geografikoa aplikatu daitekeela».

Telefono-deiak eta mezu elektronikoak

ELAk esan duenez, «enpresa urduri dago. Horren erakusgarri dira grebaren aurretik eman diren telefono deiak eta mezu elektronikoak, grebaren jarraipenari buruzko galderak eginez. Galdera horiek greba arrakastatsua izan ez zedin ahaleginak dira. ELAk enpresari jakinarazi dio horrelako ekintzek ez dutela inolako babesik, eta ezinezkoa dela grebalariak ordezkatzea».

«Horrelako jarrerekin jarraitzen badu edo greban dauden langileak ordezten direla jakiten badugu, dagokion salaketa jarriko da dagozkion instantzietan», ohartarazi du sindikatuak, datorren ostiralean, urriaren 8an, beste greba egin behar izango dela gogoratu duenak. Hala, Banco Sabadelleko langileak berriro aterako dira kalera.