NAIZ
Bilbo

Margarethe von Trottak jasoko du Zinebiko ohorezko Mikeldi Saria

Zinebi jaialdiaren 63. edizioko ohorezko saria Margarethe von Trotta aktore, gidoilari eta zuzendari alemaniarrari emango diote azaroaren 12an ospatuko den inaugurazio galan. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia azaroaren 19ra arte luzatuko da.

Margarethe von Trotta zinemagilea. (EUROPA PRESS)
Margarethe von Trotta zinemagilea. (EUROPA PRESS)

Margarethe von Trotta Berlingo aktore, gidoilari eta zuzendariak jasoko du Zinebi jaialdiaren 63. edizioko lehenengo ohorezko Mikeldi Saria. Horrekin, bere zinemaren sendotasuna eta zintzotasuna, eta Alemaniako Zinema Berriaren emakumezko ahots handia izatea txalotu nahi dute. Izan ere, bere obran 68ko Iraultzaren ondorengo Europako gizartean emakumearen ahalduntze gero eta handiagoa islatzen asmatu zuen; «Zinemaren Historiako zinemagile feministarik eragingarrienetako bat» da, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren hitzetan.

Zinema jaialdia azaroaren 12tik 19ra bitartean ospatuko da, eta Von Trottari saria inaugurazio galan bertan emango diote. Hurrengo egunean, azaroaren 13an, Bilboko Arte Ederren Museoan zinemagilearekin topaketa antolatu dute. Helena Taberna zinemagile nafarrak moderatuko du publikoarekin hartu-emana, eta saio horretan omenduaren pelikularik ospetsuena proiektatuko da, ‘Die bleierne Zeit’ (1981).

Film horrekin, hain zuzen ere, Veneziako Jaialdian Urrezko Lehoia eta kritikaren saria eskuratu zituen. Italiako David di Donatello saria ere lortu zuen pelikula horrek. 70ko hamarkadaz geroztik Cannes, Chicago eta Montrealeko jaialdietan lehiatu da, eta Goteborg, Telluride eta Valladolideko Jaialdietan ohorezko sariak eskaini dizkiote.

Bere filmak –hala nola, ‘Die Verlorene Ehre der Katharina Blum’, ‘Das Zweiter Erwachen der Christa Klages’, ‘Schwestern oder Die Balance des Glücks’, ‘Heller Wahn’ edo ‘Rosa Luxemburg’– ezagunak dira mundu osoan zehar.

Bere azken laba, ‘Auf der Suche nach Ingmar Bergmann’ (2018), duela hiru urte proiektatu zuten Zinebin. Orain, bere hurrengo filma prestatzen ari da, ‘Bachmann & Frisch’ behin-behineko izenburua daramana.