Helburua beti da bera, garaipena. Eta horren bila joango da oraingoan ere Eibar Mirandara (16.00, Movistar+ LaLiga). Baina helmugara heltzea errezagoa egingo zaio hainbat urrats hobeto ematen baditu, Gaizka Garitaronoren esanetan. Defentsako lana eta partidaren hasierako intentsitate eta konzentrazioa, alegia.
Eibarrek, izan ere, behin bakarrik utzi du bere atea hutsean –Burgosi egindako bisitan eskuratu zuen denboraldiko lehen garaipenean– eta Garitanok «partida guztiak 3-1 amaitzea oraintxe bertan sinatuko» lukeen arren, argi dago entrenatzailea bera dela bere taldearen zenbaki defentsiboak hobetu nahi duen lehena. «Ez gara aukera asko jasotzen duen taldea –gogoratu du–, Bigarren Mailan atean jaurtiketa gutxien jasotzen dugun taldea gara baina egia da eraginkortasunaren aldetik ez garela ondo ibili. Taldea orokorrean defendatzen ondo ikusten dut baina ez dugu lortzen partida osoan egitea eta atea hutsean uztea». «Pixkanaka joango gara, horretan lan egiten ari gara», gaineratu du entrenatzaile bizkaitarrak, «aitzaki bezela erabili barik» lesioek defentsan izan duten eragina gogoratuz ere. «Ezin izan diogu defentsari jarraitutasunik eman, lesio asko izan baititugu. Etxeita, Toño, Arbilla, Venancio… Atzekoek jarraitutasuna behar izaten dute eta guk ezin izan dugu bi partidan jarraian defentsa bera jarri».
Baliteke larunbat honetan ere aldatzea baina kasu honetan erabaki teknikoagatik, Ibizaren kontra gertatutakoa ikusita, taldeak askoz hobe jokatu baitzuen atzelari batek Sergiori lekua utzi zionean, bide batez Expositoren postua aurreratuz. Garitanok, edozein kasutan, hainbat zalantza dauzka. Edo horrela behintzat justifikatu da klubetik biharko deialdia ez zabaltzea.
Entrenatzaileak, berriz, argi dauzka Mirandesek sortu ditzaketen arazoak, bere kalitateari esker. «Hitz bat aipatzekotan talentua aukeratuko nuke. Sekulako talentua. Lehen Mailako bigarren taldeetako jokalari onenen selekzioa da; hemendik gutxira edo datorren urtean Lehen Mailan egongo dira asko. Gazteak dira baina talentudunak eta, batez ere, oso trebeak erasoko jokoan. Jende azkarra da zelai erditik aurrera eta horrelako talde batek beti sortzen dizkizu arazoak».
Armaginek izango dute ere mina egiteko aukera, Anduvan «boladetan» jokatzen baita, Garitanoren esanetan. «10-15 minutuko bolada batekin, bere erasoko jokoarekin zure gainetik pasatzen dira. Baina gero beste fase batzuk daude arazoak dituztenak. Eta hori aprobetxatu behar duzu», azaldu du. Bihar ere, beraz, «boladetako neurketa» espero du entrenatzaile bizkaitarrak. «Fase batzuetan bere erasoko jokalariak agertuko dira, estutuko gaituzte eta sufritzen jakin beharko dugu. Laguntza askorekin defendatu behar dugu une horietan. Eta gero guk eduki ditzaketen hutsuneak aprobetxatu beharko ditugu mina egiteko».
Espero baino, Garitanok nahi ez duena aurreko partida hasiera errepikatzea da. «Biziago hasi behar gara, sartuagoak, intentsitate handiagoarekin. Normalean oso ongi zelairatzen gara baina aurrekoan ez zen gertatu, erdi lo edo egon ginen. Alde batetik aurkariak ere hasiera ona izan zuelako baina guk hori ondo ikasi behar dugu, ondo sartu behar garela partidetan», esan du.
Lolo Escobarrek, bere aldetik, ez dauka hain argi bere taldeak armaginak errez mindu ditzakeenik, bere ustetan «Bigarren Mailako All-Stars baten antza» baitauka Eibarrek. Espero du, hala ere, gorritxoak azken bi jardunaldietan «jaso ditugun kolpetatik errekuperatu» eta «partida on bat» egin ahal izatea.
Mirandesek, bestetik, La Palmako sumendiaren kaltetuei emango dio larunbat honetan leihatiletan bildutako diru guztia. Kanpokoen laguntza izango dute poltsa loditzeko, Eibarko zaletuen taldeek 19 hilabetetan antolatu duten lehen bidaia baita.