Esti Ezkerra, literatura kritikaria

Irudia eta sariak

Orain dela gutxi emandako hitzaldi batean Bernardine Evaristo idazleak Booker saria jasotzeak (2019an izan zen hori, ‘Girl, Woman, Other’ nobelagatik) bere irudi publikoan izan duen eraginaz jardun zuen.

Bernardine Evaristo idazlea. (WIKIPEDIA)
Bernardine Evaristo idazlea. (WIKIPEDIA)

Irudi publikoan, bai, ez bere ibilbidean. Hirurogei urte zituen Bernardine Evaristok hasieran Ingalaterran eta kolonia ohietan ingelesez idatzitako nobelak, gaur egun ingelesez idatzitako nobela oro kontuan hartzen dituen Booker-a bereganatu zuenean.

Ordurako ibilbide esanguratsua eginda zeukan nobelagile zein antzerkigile moduan (emakumezko beltzen Britania Handiko lehen antzerki konpaina sortu eta zuzendu zuen 1980ko hamarkadan), ziurgabetasun handiko une askoren eta lan gogorraren emaitza. Zentzu horretan, sariak ez du bere lana ahalbidetu ezta baldintzatu.

Saria jaso ostean nabaritu duen aldaketa bakarra da elkarrizketak zein hitzaldiak emateko, hots, bere izenaz eta irudiaz baliatzeko eskaera gehiago jasotzen dituela.

Batzuek esango dute Booker-ari esker ‘deskubritu’ dutela Evaristoren lana. Ziur aski gauza bera esango dute literatura arloan Nobel saria jaso berri duen Abdulrazak Gurnahren obrarekin.

Baina Evaristoren zein Gurnahren argitalpenak liburudendetan egon dira azken hogeitamar urteetan gutxienez, denen eskura. Ez da deskubrimendurik gertatu, beraz. Hainbaten ezjakintasuna eta itsukeria agerian geratu da, ezer izatekotan.

Izan ere, beltzak eta, Evaristoren kasuan bezala, emakumeak diren idazleei kasu gutxi egiten zaie aniztasunaren izenean bete beharreko kuotarik tartean ez baldin badago.