Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Entrevue
Maider Altuna
Realeko hockey taldeko jokalaria

«Bi fitxaketekin taldea sendotu dugu eta uste dut play-offean sartzeko borrokatu gaitezkeela»

Maider Altunak 13 urte daramatza Ohorezko Mailan jokatzen; DBH 3n egin zuen debuta. Realarekin bi liga irabazi ditu (2013 eta 2018an) eta Europako kluben txapelketan txapeldunorde izatea zer den ere badaki. Hockeyan «disfrutatzeko» jokatzen du eta gozatzen duen bitartean jarraituko du.

Maider Altuna, Atletico San Sebastian klubaren zelaian, Aieten. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Maider Altuna, Atletico San Sebastian klubaren zelaian, Aieten. (Andoni CANELLADA / FOKU)

«Taldeko jokalaririk abilena da, defendatzen zailak diren driblinekin». Halaxe dio Realearen webgunean Maider Altuna deskribatzen duen testuak. Berak ez zekien eta ez du oso kontuan hartzean. 13 urterekin egin zuen debuta belar-hockeyko Ohorezko Mailan eta beraz, bere esanetan, eta barre artean, «teknikoki eta taktikoki jokatzen badakit eta jokaldi zehatzetan agian bai nabarmendu dezaket». 

Oso gaztea zela egin zuen debuta eta segituan sartu zen gorengo mailako taldearen dinamikan. «Hockeya oso mundu txikia da, gure eskolako taldeekin entrenatzen dugu eta gero Realeko entrenatzaileak deitzen digu entrenatzen hasteko». Hain sinple deskribatzen du, erraza dirudiela, baina badira jada 13 urte debut hura egin zuenetik eta orain, kapitainaren ardura dauka. 26 urterekin –urri bukaeran beteko ditu 27– taldeko zaharrena da, Nereba Belzunegirekin batera. Larunbat honetan laugarren jardunaldia jokatzen dute etxean, Complutenseren aurka (17.00etan), eta bolada onari jarraipena eman nahi diote –partida bat galdu eta beste bi irabazi dituzte–. 

Realak behar bereziren bat edukiko zuen 13 urteko jokalari batek debuta egiteko, ezta?
Bai, edo zerbait ikusi zuten nire jokoan. Hobeto da lehen baitlehen handiekin entrenatzea hobetzen joateko. Hasierako urteak nahiko gogorrak izan ziren, asko entrenatzen duzulako eta minutu gutxi jokatzen dituzulako. Hori normala da. Egun, 18 urte dituztenek ez dute hori bizi. Bigarren taldea dago eta lehen taldean ere minutuak jokatzen dituzte. Nik 26 urte dauzkat eta ni naiz zaharrena. Ni iritsi nintzenean 13 urterekin, zaharrenak 30 urte inguru zituen. Diferentzia asko zegoen eta jokatzeko aukera gutxiago. Orain, jende gutxiago gara eta beraiei, 16 urterekin, egokitzen zaie minutu asko jokatzea. 

Duela hamarkada bat Reala ligako talderik indartsuenetarikoa zen. 
Bai, nire lehenengo bospasei urteetan bigarren gelditzen ginen denbora guztian. Minutuak jokatzea oso zaila zen, ze talde oso indartsua zen, jokalari asko selekzioekin jokatzen zebiltzan.  

Orain taldeak fitxaketa gutxiago egiten ditu, harrobira begiratu beharrean izaten zarete. 
Gutxika gutxika harrobia sendotzea nahi dugu. Nik hockeyko eskolan ere entrenatzen ditut benjamin eta alebin taldeak –eskola jubenilak arte dago–; bost umerekin hasi ginen eta orain pila bat daude. Horri garrantzia ematea funtsezkoa da, etorkizunean ikusiko da jokalari hobeak egongo direla eta harrobi oparoagoa. 

Eta, beharbada, trantsizio betean harrapatu zintuzten azken liga garaikurrak eta Europako txapelketako bigarren postuak?
Urte hartan ez geneukan harrobirik, ni nintzen gazteena. Ni eta Nereba [Belzunegi] ginen azkenak lehen taldera ailegatu ginenak. Gero, pixkanaka sartu ziren Maite Telleria, Julene Sanchez eta abar. Horiek jada ni baino hiru urte gazteagoak dira. Belaunaldi batetik bestera jauzi handia dago. Nire ondoren Maitek hiru urte gutxiago ditu, Ane Segurolak bost urte gutxiago… Behintzat urtero jokalari bat igotzen baldin bada, ondo dago. Nik uste dut orain harrobi sendoagoa daukagula. 

«Bi garaipen eskuratu ditugu, gaur Complutenseren aurka nik uste dut partida ona egin dezakegula, ze iaz hemen irabazi genien. Etxean jokatzea, gure familia guztiarekin harmailetan, nik uste dut posible dela»

Denboraldi hasiera serioa egin duzue, azken bi neurketak irabazita. Taldean aldaketa batzuk egon dira, entrenatzaile berria daukazue Jorge Perez bost urtean aulkian izan ostean… Zein helburu ditu taldeak?
Bai, tira, entrenatzailea berria da baina ezagutzen genuen, lehen bigarren entrenatzailea izan baitzen (Ivan Lorente). Lehengo urteko talde kasik berbera daukagu. Pasa den urtean legez, mantentzen dugu Sophia Darnay atzelaria, Agostina Ayala erdilaria eta Emilia Garcia aurrelaria. Aurten atezaina etorri da –Mathilde Petriaux– eta Giuliana [Sofia Ruggieri] aurrelaria. Nik uste dut bi fitxaketekin taldea sendotu egin dugula eta taula erdian borrokatu gaitezkeela play-offetan sartzeko. Bi garaipen eskuratu ditugu eta gaur –larunbata– Complutenseren aurka nik uste dut partida ona egin dezakegula, ze iaz hemen irabazi genien. Etxean jokatzea, gure familia guztiarekin harmailetan, nik uste dut posible dela. 

Iaz ez zineten sailkatu play-offetara eta hori ez zen gertatzen 2008-2009 denboralditik, pandemiak bertan behera utzi zuen denboraldia salbuespen gisara. 
Gogorra da, baina badakigu denbora daramagula trantsizio honetan; gazte asko dauzkagu, seniorrak dira baina pasa den urtean jubenilak ziren… Bagenekien liga hasiera txarra egin genuela eta bigarren itzulian egoerari buelta ematea zaila izango zela. 

Benetan lastima izan zen edo espero zenuten zerbait izan zen?
Bagenekien zaila izango zela eta egia esan, seigarren postutik zortzi edo bederatzigarrenera puntu bakarreko aldea zegoen. Bagenekien partidaren bat galtzen bagenuen kanpoan egongo ginela eta ez genuen asmatu. 

Eta horren aurreko denboraldian, 2019-2020an, azken sailkatuak zineten pandemiak harrapatu gintuenean. Fabore ederra, ezta?
Bai, bai… Hasiera gogorra izan genuen eta hor bukatu zen, eta gaitz erdi! (barre). Nik uste dut kolpe gogorra izan zela taldearentzat eta horrekin ikasi genuen hasiera hobeak egin behar genituela, lasai mantentzeko. 

«Niretzat zaila izan da partida guztiak irabaztetik jaitsiera saihesteko borrokan egotera pasatzea»

Gainera orduan zentozten liga bat irabaztetik 2018an, Europako azpitxapeldun izatetik 2019an, Donostiako jaietan kanoikadan egotetik… 
Bai, jendeak esango du, «nola da posible liga irabaztetik azkeneko postura jaistea?» Bada, posible da. Kirola da. Hasiera txarra izaten baduzu ba… 

Aipatu duzu taldeko zaharrena zarela, kapitaina, golegilea azken jardunaldietan… Nola deskribatuko zenuke zure ibilbidea?
Hasierako urteetan taldearen momenturik onenak bizi izan nituen, liga erregularrean lehen postuan egonez, partidak nahigabe ere irabaziz… Niretzat zaila izan da partida guztiak irabaztetik jaitsiera saihesteko borrokan egotera pasatzea. 

Maider Altuna, Jolaseta taldearen aurkako derbi batean; 2016. urteko argazkia. (Gorka RUBIO / FOKU)

Partidak irabazteko benetan borrokatu behar hori gogorra izan da?
Bai, gogorra izan da. Gainera, presio hori daukazu, zaharrenetarikoa izanda beste guztiei indarra helarazi behar diezula. Nire izaera ez da agintzea eta hori kudeatzea zaila izan zait. Nereba [Belzunegi] eta ni nahiko antzekoak gara eta egokitu zaigu beste guztiei bultzada hori ematea. 

Aipatu duzu partida guztiak irabazten zenituzten sasoia baina gero play-offetan Club de Camporekin gurutzatu eta final bat bestearen atzetik galtzea ere gogorra izango zen, ezta? 
Bai, eta gainera Club de Camporen aurkako partida guztiak izan dira oso markagailu estukoak. Fitxaketa oso onak egin izan ditu, diru asko daukan kluba da eta hori beti igarri izan da. Beraiek jokalari asko mantendu dituzte, jokalari guztiek kobratzen dute eta hori igartzen da. 

«Zelai bakarra daukagu eta ez daukagu zelai guztia entrenatzeko. Aspaldidanik aldarrikatzen gabiltzan kontu bat da»

Zuek, ordea, Atletico San Sebastianen zelaian entrenatu eta jokatu behar izaten duzue. 
Bai, zelai erdian, gainera. Zelai bakarra daukagu eta ez daukagu zelai guztia entrenatzeko. Aspaldidanik aldarrikatzen gabiltzan kontu bat da. Berez, 2022rako zeukaten adostuta hipodromoan egitea, baina koronabirusa dela-eta, atzeratu egingo da. 

Maite Azkoaga klubaren organigrama barnean egotea garrantzitsua izango da zuentzat, ezta? 
Bai, batez ere, zelaiaren kontuan aldarrikatzeko. Ze zelai erdian entrenatzea, ez da erreala (barre). 

Horregatik izan zen hain ezustekoa 2018ko liga txapelketa? Seigarren sailkatuak zineten ligan. 
Bai, ez geneukan ezer galtzeko. Joan ginen topera Complutenseren aurka eta lehen partida galdu egin genuen. Igandean, ordea, kanporaketa irauli egin genuen. Complutense talde ona da baina parekatuago dago elkarren arteko lehia. Guk ondo jokatuz gero, partida atera dezakegu. Eta lortu genuen. Gero Final Fourrean partida zaila izan zen Poloren aurka, gainera beraien zelaian, eta penaltietan irabazi genuen. Borrokatu genuen, beraiek izan zituzten aukera gehiago; hori hala da, baina tira… Sendo mantendu ginen eta penaltietan ondo egon ginen (barre). Eta finalean, berdin. Aukera bakarra izan genuen, nik egindako jaurtiketa bat beraien atean sartu zutela, eta beraiek aukera pila bat izan zituzten. Penaltietan ondo aritu ginen eta kitto, horrelakoa da kirola (barre). 

«Ez gara asko sartzen ea aurrekontu gehiago duen talde batek edo besteak, guk jokatzen dugu disfrutatzen dugulako eta kitto»

Ezusteko zerbait denean, zoriontasuna handiagoa izaten dela esaten da. Zuek aldagelan hori sentitu zenuten?
Sekulako poza geneukan, topera geunden. Ez genuen sinesten, egia esan. Ez gara asko sartzen ea aurrekontu gehiago duen talde batek edo besteak, guk jokatzen dugu disfrutatzen dugulako eta kito. Batzuetan Realeko taldea gara, baina aparteko sekzio bateko taldea garela dirudi. Erroparekin ere borrokatu behar dugu. 

Iaz zazpi gol sartu zenituen, inoizko gehien. Golegile kontsideratzen zara?
Sofia [Darnay] bigarren itzulian etorri zen eta nik apur bat aurrerago jokatu nuen, aurrelari eta erdilarien artean, eta horrek bai eman zidan areara hurbiltzeko aukera gehiago. Penaltien arduraduna ere ni naiz eta horietan ere sartzen ditut golak. Dena dela, azken jardunaldiko arerioa Bartzelona izan da, ikusiko dugu beste taldeen aurka ea nola moldatzen naizen (barre). 

Selekzio absolutura ere iritsitakoa zara. 
Bai, baina nire bizitzarekin ezin dut uztartu. Esfortzu asko da. 16, 18 eta 21 urtez azpiko selekzioak udaran egiten ditu txapelketak eta absolutarekin urtean zehar mantendu behar duzu fisikoa, deialdiak urtean zehar daude, nire lanarekin ezin dut uztartu. Aukeratu behar izan nuen, nire bizitza pertsonala eta lana edo kirol ibilbidea.

Ez zara damutzen?
Orain ez, hasiera batean nire ilusioa zen Olinpiar Jokoak jokatzea. Baina hazten zoazen heinean ikusten duzu zure bizitza pertsonalak pisu handiagoa duela, kirol hain txiki batek ez dizu bizitzeko ematen. Olinpiar Jokoetara iristeko ere prozesu luzea da. Sartu nintzen, ikasketak bukatzen nengoenean, 2016an, bi deialditara joan nintzen, Rioko Jokoetarako borroka betean zeuden… Ni joan nintzen entrenatzera, disfrutatzera. Ez nintzen joan Olinpiar Jokoetarako postu bat borrokatzera eta han jendea oso lehiakor zegoen eta ez zitzaidan batere gustatu. 

Dirua ematen badizu, agian lau urtez buru-belarri zentratu zaitezke horretan baina nahi baduzu pisu bat alokatu edo erosi, eta horrez gain, erizain bezala, nik Osakidetzan lan egiten dudala, lau urtez atzeratzen baduzu zure lanerako sarbidea, lan hitzarmenak ere eskasagoak izango dira… Ezin nuen. Orain ez naiz damutzen, hockeyarekin disfrutatzen jarraitzen dut. 21 urtez azpiko selekzioarekin ere mundial bat jokatu nuen, oso ondo pasatu nuen urte guzti horietan.