Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Nandi Bushell musikari gaztea, hard rockarekin aldaketa klimatikoari oihuka

Youtubeko bideo bati esker ospetsu egin zen Nandi Bushell neskatilak Tom Morello (Rage Against the Machine) eta haren semea den Romanekin batera ‘The Children Willl Rise Up!’ abestia sortu du. Bideoklipean Jack Black aktorea eta Greta Thunberg ekologista ere agertzen dira.

Nandi Bushell 11 urteko musikariak berriro lortu du sare sozialetan birala izatea. Ospetsua egin zen Youtube plataformara bateria maisuki jotzen bideo bat igo ostean. Lortutako oihartzunari esker, Foo Fighters taldearekin jotzeko ametsa egia bihurtu zitzaion. Lenny Kravitzek berarekin kontzertu batean jotzera gonbidatu zuen eta 2020an harentzat espreski egindako danborrak oparitu zizkion.

Gaztea den arren, mundu mailako musikaririk handienen miresmena eskuratu du (Muse taldeko Matt Bellamyk sinatutako gitarra bat bidali zion euren kanta baten bertsioa egin izana eskertzeko). Orain, ospe hori aldaketa klimatikoaren kontrako mezua zabaltzeko erabili nahi du.

Horretarako ‘The Children Will Rise Up!’ abestia sortu eta bideoklipa egin du. Jack Black aktorearen kolaborazioa ere lortu du, Kapitain Planet moderno baten papera hartuz. Izan ere, berak dei egiten die munduko haurrei euren indarrak batuz Lur planeta babestu dezaten.

Kantan Tom Morello (Rage Against the Machine taldeko kidea) eta haren semea den Roman-ek ere hartzen dute parte, baita Greta Thunberg ekologista suediarrak ere.

«Oso harro nago nitaz eta Roman Morellotaz abesti epiko hau Tom Morellorekin batera idatzi dugulako!», aitortu du Bushellek bere Yoitubeko katean. Azaldu duenez, eskolan aldaketa klimatikoari buruz ikasi ostean, gaia abesti batean landu nahi zuen nola sentitzen den azaleratzeko, eta Morello aita-semeei laguntza eskatu zien.

Abestia egina zutela, Jack Black eta Greta Thunbergi bideoan agertu nahi zuten galdetu zieten eta hauek, kanta izugarri gustatu zitzaienez, baiezkoa eman zuten.

Hala, Nandi Bushellen aitak muntatutako bideoaren amaieran haurra ageri da aldaketa klimatikoari buruzko lekzio bat ematen. «Tenperatura igotzen ari da. Habitat-ak galtzen ari dira, espezieak desagertzen ari dira, lehorteak eta migrazioak ematen ari dira. Karbono dioxido gehiago dugu orain deforestazioa, arrantza masiboa, erregaien eta nekazaritza industrialaren ondorioz», kontatzen du haserre bizian.

«Helduak, politikariak! utzi gure etorkizunarekin jolasteari! Utzi borrokak alde batera! egin ezazue zerbait beranduegi izan aurretik!», dio garrasika, eta haurrei zein haien gurasoei gauzak aldatzeko boterea dutela gogorarazten die. «Ahotsa duzu, erabil ezazu!», aldarrikatzen du.

«Haurrak altxatu egingo dira!», dio hard rock doinuez bustitzen den abestiak behin eta berriz. Altxa daitezela, etorkizuna beraien esku dago eta.